Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuaren eta laneko istripuen mutuen arteko hitzarmena arbuia dezan
Ganberak zalantzan jartzen du langileen gaixotasunen kudeaketaren eskuordetza, baina istripuen mutuak Osasun Sistema Nazionalean integratzeari uko egiten dio
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Voxen aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “arbuia dezan Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioaren eta AMATen (laneko istripuen mutuak biltzen dituen elkarteen) arteko hitzarmena, langileen gaixotasun arrunten kudeaketa mutuen esku uzteari buruzkoa”.
Ebazpenak bigarren atal bat zuen, baztertu egin dena UPNren, PPNren eta VOXen aurkako botoekin, PSN eta Geroa Bairen abstentzioekin eta EH Bildu eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, eta Foru Gobernuari eskatzen zion “Espainiako Erreinuko Gobernua premia zezan istripuen mutuak Osasun Sistema Nazionalean integra ditzan, Osasunari buruzko Lege Orokorraren azken xedapenetan hirugarrenak ahalbidetzen duen moduan, gure inguruko gainerako herrialde garatuekin parekatze aldera”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentariak sustatutako ebazpenak zalantzan jartzen du "sistemaren logika iraultzen duen eta osasun publikoko langileak enpresa pribatu baten aginduetara jartzen dituen" akordio baten irismena; izan ere, aldi baterako ezintasunaren lehen egunetik mutuak tratamendu, azterketa edo interbentzio bat proposatuko balu eta zerbitzu publikoko medikuak garaiz erantzungo ez balu, baimena izanen luke nahi beste interbentzio egiteko. Mutuak gaixoaren prozesu diagnostiko osoa eta tratamendua har ditzake bere gain, bai eta azken txostena eman ere, ikuskaritza medikoari alta proposatuz, eta horrela oinarrizko osasun laguntzako medikua ABE horien tratamendutik eta kontroletik kanpo geratuko litzateke.
Sustatzailearen hitzetan, hitzarmen horiek beste urrats bat dira “osasun-sistema publikoa pribatizatzeko bidean, osasun-sistema publikoen arreta-zama eta itxarote-zerrendak arintzea eta gertakizun arruntengatiko aldi baterako ezintasun-prozesuen alferrikako iraupena murriztea aitzakiatzat erabiliz”.
Ondorioztatzen denez, “mutuek osasun-administrazioaren aurrean duten ahalmena indartzen da eta mutuen irizpide ekonomizistei lehentasuna ematen zaie irizpide klinikoen aldean arrazoi medikoagatiko laneko bajei dagokien prestazioa ezartzerakoan”, eta, horren ondorioz, “sistema sanitario bikoitza sortzen da: bata, baja egoeran dauden langileei alta azkartuak emateko baliabide guztiak dituena, edozein dela ere baja mota, lanekoa ala arrunta, eta bestea, pobretua, gainerako herritarrentzat”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (13. NPAO, 2023-09-26koa)