Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 3

Nafarroako Gobernua premiatzen da etxegabetasuna desagerrarazte alderako politika publikoak bultza ditzan

Ganberaren ustez neurriak egituratu behar dira pertsona horien muturreko zaurgarritasuna murriztuko duten ibilbideak sortzeko eta aurrerabidea egiteko osasunaren, gizartearen eta enpleguaren aldetik

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “etxegabetasuna desagerrarazte alderako politika publikoak bultza ditzan, gaiari helduz faktore ekonomikoak eta kulturalak dituen egiturazko arazo gisa”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “kooperatzeko eremuak bultza ditzan toki entitateekin eta etxebizitza eta gizarte zerbitzuetako arloetatik, etxegabetasuna desagerrarazteko jardunbide onak trukatzeari eta politika publiko eraginkorrak bultzatzeari begira”.

 

Era berean, hirugarren atalean. Nafarroako Exekutiboari eskatzen zaio “jarrai dezan sustatzen neurri gehiago hartzea etxebizitzen eskaintza areagotzeko, etxegabetasuna desagerraraztera bideratutako toki entitateen programetarako”. EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak abstentzioa bozkatu dute atal honetan.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen da “indartu dezan tokiko poliziaren, Foruzaingoaren, segurtasuneko indar eta kidegoen eta babes zibilaren prestakuntza, larrialdi egoeran dauden etxebizitzarik gabeko pertsonei arreta emateko”.

 

Halaber, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “prozesuak hobetu eta protokoloak egokitu ditzan etxebizitzarik gabeko pertsonek babes sozialeko sistemara iritsi ahal izan daitezen”.

 

Azkenik, eta Geroa Baik aurkeztu duen eta PSNk onartu duen zuzenketa baten bidez, eskatzen da “etxegabetasuna artatzeko ereduen alorrean dauden joera nazionalak eta internazionalak aztertu ondoren, bai eta Nafarroako egoera ere, behin betiko eredu-proposamen bat ezartzea Nafarroan etxebizitzarik ez daukaten pertsonak artatzeko”. EH Bilduk aurkako botoa eman du, eta I-E abstenitu egin da.

 

EH Bilduk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “bere gain har zezan, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren bitartez, etxebizitza publikoak eraikitzeko konpromisoa, etxerik ez duten edo etxea galdu duten pertsonen etxebizitza-larrialdiko egoerei erantzun ahal izateko”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak etxegabeen “egoera zaurgarri bereziaz ohartarazten” du: 80 pertsona baino gehiago bizi dira Nafarroan, ohikotasunez, eta 150 pertsona, noizean behin. Egoera hori “bateraezina” da 2030 Agendaren helburuekin. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten du “politika publikoak bultzatzea, arazoaren kudeaketaz haratago doazenak eta arazoa desagerraraztea helburu nagusitzat dutenak”.

 

Ildo horretan, gogorarazten du Espainiako Konstituzioaren 47. artikuluak adierazten duenez, espainiar guztiek dutela etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea, eta botere publikoek beharrezko baldintzak sustatuko dituztela eta beharrezko arauak ezarriko dituztela eskubide hori gauzatzeko. Proposamena egin duenak beharrezkotzat jotzen du “une honetan indartzea etxegabetasuna desagerraraztera bideratutako ekintzak. Horretarako, neurriak egituratu behar dira gizarteratzean egun arrakasta gehien erakutsi duten metodologian oinarrituta, aukera emanez pertsona horien muturreko zaurgarritasuna murriztuko duten ibilbideak sortzeko eta pixkanaka aurrerabidea egiteko osasunaren, gizartearen eta enpleguaren aldetik”.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (42. NPAO, 2022-4-1ekoa)