Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da giza papilomaren birusaren aurkako babeserako Nafarroako txertoaren egutegia egokitu dezan

Halaber, proposatzen da 12 urteko mutikoek ere txertoa jasotzea neskatoek bezala

Gaur, aho batez, Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi duen ebazpen baten bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako txerto-egutegian giza papilomaren birusaren aurkako txertoa sar dezan 12 urteko mutikoentzat, neskatoekin egin den bezalaxe”

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “balora dezan txerto-egutegi komunean giza papilomaren birusaren aurkako txertoa sartzea 12 urteko mutikoentzat”.

 

Navarra Sumak, Nafarroako Alderdi Sozialista eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu Nafarroako foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatuko duten ebazpenaren zioen azalpenean adierazten denaren arabera, “aurrerapen handiak” egon dira txertatze-estrategian 2007-2008 aldian giza papilomaren birusaren txertoa autonomia-erkidegoetako txerto-egutegian sartu zenetik. Minbizia prebenitu ahal duen bigarren txertoa da, B hepatitisaren ondotik. 

 

Nafarroako Foru Komunitatean urteko txerto-egutegian bakarrik sartzen da 12 urteko neskendako txertoa. Hala ere, giza papilomaren birusaren aurkako txertoa gizonezkoendako txerto-egutegian sartzen da, txertatze espezifikoaren kategorian, 18 urte edo gehiagokoentzat, giza papilomaren birusaren infekzioaren arriskuko baldintzetan sexu harremanak beste gizonekin dituzten gizonentzat (26 urtera arte).

 

Espainiako Pediatria Elkarteak emandako gomendioak aintzat harturik, eta Kataluniaren ereduari jarraikiz, Parlamentuak eskatzen du neskatoek bezala 12 urteko mutikoek ere jaso dezatela txertoa.

 

Giza papilomaren birusaren infekzioa munduko sexu-transmisiozko infekzio ohikoena dela uste da. Lesio onberak sorraraz ditzake, kondiloma puntazorrotzak, esate baterako, baina baita ere lesio aurregaiztoak eta mota ezberdinetako minbiziak emakume zein gizonengan. Giza papilomaren birusarekin loturako patologia onkologikoen laurden bat gizonezkoei dagokie. Giza papilomaren birusak umetokiaren lepoko minbizia, uzkikoa, zakilekoa edo ahofaringekoa sor dezake, haren genotipo onkogenikoetako baten infekzio iraunkor baten ondoren.