Noiz argitaratua Ostirala, 2023.eko Azaroak 24

Nafarroako Gobernua premiatzen da hausnar dezan Lizarrako Ospitalean hemodialisi-unitate bat paratzeari buruz

Berriz adierazten da beharrezkoa dela kostua-eraginkortasunari buruzko azterlan bat egitea, aurreko legegintzaldiko Osasun Batzordeak 2021ean onetsitako erabakia bete gabe gelditu ondoren

Osasun Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta PPN-k emandako aldeko botoekin eta Vox-ek emandako aurkakoarekin, zeinaren bitartez Nafarroako Gobernua premiatzen baita "azterlan bat egin dezan Lizarrako García Orcoyen Ospitalean Hemodialisi Unitate bat eraikitzearen kostuari eta eraginkortasunari buruz, eta horni dezan Lizarrako Osasun Barrutiko hemodialisi-paziente guztiei arreta emateko behar diren materialez eta giza baliabideez".

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak abiarazitako erabaki honek adierazten du ez dela bete Osasun Batzordeak helburu horrekin 2021eko ekainean onetsi zuen erabakia, eta premiatzen du Lizarrako Ospitalean hemodialisi-unitate bat paratzeko aukerari buruzko azterlanari ekin dakion, joan-etorrien ondoriozko enbarazuak "minimizatze" aldera, zeinak bereziki akigarri gertatzen baitira makina bati konektaturik lau ordu igarotzeak eskatzen duen ahaleginaren ondoren.

 

Alde horretatik, eta Tuteran hemodialisi-unitate bat ireki izanaz poztu ondoren, oroitarazten da ezen Nafarroan gaur egun ia 400 pertsonak behar dutela ordezko giltzurrun-terapia (ospitalekoa, etxekoa nahiz peritoneokoa).

 

Bilkuran, zeina Geroa Baiko Mikel Asiain jaunaren lehendakaritzapean egin baita, partaide izan dira San Martín, Cristina López, Pedro González, Raquel Garbayo (UPN talde parlamentarioa), Maite Esporrín, Kevin Lucero, Arantza Biurrun (PSN talde parlamentarioa), Txomin González, Irati Jiménez (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta  Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (34. NPAO, 2023-11-14koa)