Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Urriak 7

Nafarroako Gobernua premiatzen da ikuskizunen eta ekitaldien sektorea gehien kaltetutako eta lehentasuneko sektoretzat jo dezan

Instalazio eta espazio publikoen plan bat bultzatzeko eskatzen da, pandemia egoera honetan kultur ekimenak eta enpleguak mantentze aldera

Kultura eta Kiroleko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra ez dira bilkuran egon), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “ikuskizunen eta ekitaldien sektorea gehien kaltetutako eta lehentasuneko sektoretzat jo dezan, COVID-19aren pandemiak gehien kaltetu dituenetako bat baita, jarduera bertan behera utzi behar izateagatik are alarma egoera deklaratu baino lehenago ere”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “artistentzako, sustatzaileentzako eta sortzaileentzako instalazio eta espazio publikoen plan bat bultza dezan toki entitateekin batera, espazio-murrizketa dela-eta jarduera bere ohiko espazioan egiterik ez dagoenean erabili ahal izan daitezen espazio horiek”.

 

Bestalde, Gobernuari eskatzen zaio “ekitaldietan bultzatzaile edo parte-hartzaile denean, kultur ekitaldien sustatzaileei dei egin diezaien Nafarroako Foru Komunitateko sektoreko artista, sortzaile, teknikari eta langileen parte-hartzea kontuan har dezaten, gure erkidegoan enplegua mantenduko dela bermatzeko”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “sektorerako zuzeneko laguntzak bultza ditzan, bai eta tresna fiskalak ere, kontuan hartuko dutenak kultur jardueraren aldizkakotasuna langileekiko eta enpresekiko”.

 

Amaitzeko, Foru Gobernua premiatzen da “kultur kontsumorako bonuen eskaintza bat taxutu dezan urgentziaz eta datozen sei hilabeteetan txartel turistiko kultural bat sor dezan, Foru Komunitateko kulturako, ondareko eta turismoko eskaintza sustatu eta edateko elementu gisa”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako kultura sektorearen etorkizuna zalantzan jartzen du, “ikus-entzuleen gehieneko kopurua mugatu delako eta kultur programak bertan behera geratu direlako”.

 

Hori dela eta, “izaera publiko zein pribatuko entitateen artean eremuak, bideragarritasun baldintzak eta sinergiak ahalbidetu beharko” liratekeela aipatzen du ebazpenak, “bizirauteko hainbeste ahalegintzen ari den kultur arloko enplegua eta jarduera bermatze aldera”.

 

Testuinguru horretan, udalen eta Nafarroako Gobernuaren espazio publikoak “ohiko lokaletan eman ezin den kultur programazioaren osagarri edota ordezko” izan beharko liratekela defendatzen da, udalerri txikiak ahaztu gabe, “inoiz baino beharrezkoa zaielako”.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Javier García, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Carlos Mena, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Maiorga Ramírez eta Txomin González (EH Bildu).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioa (101. NPAO, 2020-09-25ekoa)