Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da indar dezan toki-entitateen finantzaketa, udalen etxez etxeko laguntza-zerbitzua garatzeko

Hasierako prebentzio-izaera hutsaltzeak, sarbidean ekitaterik ez izateak eta langileen kudeaketa konplexuak zerbitzu honetan eragiten duen ahultasunaz ohartarazi da

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du UPNren, EH Bilduren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, PPNren abstentzioarekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “hitzarmen bidez sendotu eta finkatu dezan toki-entitateen finantzaketa, udalen etxez etxeko laguntza zerbitzua eman dezaten, halako moldez non handitu egin ahalko baita zerbitzuaren irismena, hala artatutako pertsona kopuruari nola egindako ordu kopuruari, artatzeko egunei eta ordutegiei edo profilei dagokienez. Legegintzaldirako helburua izanen da estatuan ematen den etxez etxeko zerbitzuaren batez bestekora hurbiltzea gutxienez (% 18), mendekotasunari arreta emateko sistemak emandako zerbitzuetan”.

 

Jatorrizko testuak beste zazpi atal zeuzkan, baina ez dute aurrera egiteko adina babes lortu.

 

Bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zitzaion “Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin koordinatuta, etxez etxeko laguntzako zerbitzuari buruzko ordenantza-eredua gaurkotu dezan 2024an zehar, halako moldez non bermatu eginen baita udaletan zerbitzua baliatzeko ekitatea”. EH Bildu eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN eta PPNk abstentzioa eta PSN, Geroa Bai eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Era berean, Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “egutegi bat zehaztu dezan 2024an zehar, gizarte zerbitzuen zentro guztietan legegintzaldian zehar hedatzeko autonomia artatzeko ekipo espezializatuak. Ekipo horietatik laguntza espezializatu osagarria eman behar da, mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta eta autonomia pertsonaleko tokiko programei dagokienez. Ekipo horiek orobat egin beharko dute gizarte zerbitzuetako alor bakoitzeko zaintza zerbitzuen arteko koordinazioa; horien artean, udalen etxez etxeko laguntza zerbitzua dago. Une honetan, ekipo hori Tuterako arloan bakarrik ari da abian jartzen”. EH Bildu eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN eta PPNk abstentzioa eta PSN, Geroa Bai eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Gainera, Nafarroako Gobernuari proposatzen zitzaion “2024an zehar egutegi bat zehaztu dezan, legegintzaldian zehar PAISS proiektua egiteko, halako moldez non arreta soziosanitario integral eta integratua bermatuko baitzaie etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei eta, oro har, biztanle guztiei. Orain arte, PAISS Tuterako, Tafallako eta Lizarrako arloetan bakarrik egiten da”. EH Bilduk eta Contigo-Zurekinek aldeko botoa eman dute, PPNk abstentzioa eta UPNk, PSNk, Geroa Baik eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Ildo horretan, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuekin koordinatzeko deia egiten zitzaion, “2024an zehar prozedura bat taxutze aldera, zerbitzu mota hori lantzeko kreditazio-prozesuetan eta titulazioetan zenbaitetan gertatzen den nahastea eta gainjartzea argitzeko”. EH Bildu eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN eta PPNk abstentzioa eta PSN, Geroa Bai eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuekin koordinazio bat gaitzeko eskatzen zen, era berean, “2024an zehar prozedura bat taxutze aldera, formakuntza mota hori lortu ahal izatea errazteko, bereziki landa-ingurunean, esate baterako online formakuntzaren edo prestakuntza erdipresentzialaren bidez”. EH Bildu eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN eta PPNk abstentzioa eta PSN, Geroa Bai eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Halaber, Gobernuari eskatzen zitzaion, berriz ere “Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuekin koordina dadin, etxez etxeko laguntza zerbitzuan lan egiten duten pertsonen etengabeko prestakuntza indartzeko plan bat taxutzeko”. EH Bildu eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, UPN eta PPNk abstentzioa eta PSN, Geroa Bai eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kudeaketa publikoa berma dezan, zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan-baldintzak faboratzen dituen neurri gisa”. EH Bildu eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu dute, eta UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Voxek aurkakoa.

 

UPNk 4. puntua ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, EH Bilduk onartu ez duena, eta proposatzen zuen “PAISS proiektua integralki ebaluatzea, hobekizunak identifikatu eta proiektua txukuntzeko, halatan arlo guztietara arrakasta-bermearekin hedatu ahal izan dadin, okerrak behin eta berriro egiten segitu beharrean”.

 

Era berean, Geroa Baik aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa ere ez du onartu EH Bilduk. Asmoa zuen Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentua premiatzea “urtebeteko epean buka dezan Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasuna Artatzeko Programaren garapena, zeina Gizarte Zerbitzuetako Oinarrizko Laguntzaren Berrikuspenean sarturik baitago, eta ekimen horren barrenean argiro ezar eta taxutu ditzan beren etxean bizi diren pertsonei eskaini behar zaizkien zerbitzu eta prestazioak, etxez etxeko laguntza barne, bai eta emandako arretaren kalitatea hoberena izate aldera horiek hartu behar duten antolaera ere”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Mendekotasunaren Estatuko Behatokiaren txosteneko datuak aipatzen ditu, zerbitzuekin alderatuz "prestazio ekonomikoek duten lehentasunaz" ohartarazten baitute, (aplikatutako baliabideen ia erdia dira familia-prestazio ekonomikoak, Estatuan berriz % 30 egiten dute), eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Zorroan duen pisu eskasa nabarmentzen du (%4,8 soilik egiten du, eta estatuko batez bestekoa %18,6koa da), nahiz eta zerbitzu bermatua izan.

 

Esandakoaren ildotik, eta Nafarroako Gobernuaren beraren txostenen arabera, honako hauek dira ELZren ahulezia nagusiak: prebentzio-izaera hutsaltzea (eta erabiltzaileen zahartze-gradua eta mendekotasun-maila gero eta handiagoa da), sarbidean ekitaterik ez izatea (toki entitateen arreta ez da uniformea) eta langileen arloko kudeaketa konplexutasun handikoa da, eta horrek eragina du zerbitzua emateari eta lan-eskubideei begira.

 

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua toki-entitateek kudeatzen dute, eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen. 2008tik hona, Gizarte Zerbitzuen Zorroak bermatzen die zerbitzua mendekotasuna baloratuta daukaten pertsonei.

 

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua “funts-funtsezkoa da” autonomia-zailtasunak dauzkaten pertsonek ahal den denborarik gehiena eman ahal izan dezaten etxean. Hortaz, “funtsezkotzat” jotzen da zerbitzu hori Nafarroan sendotzea.