Nafarroako Gobernua premiatzen da koordainketa aldatu eta beste zerbitzu batzuk osatzeko bateraezintasunak eta betekizunak malgutu ditzan
Diru-sarrera baxuak dituzten pertsonak eguneko zentroetara joatea ahalbidetzeko eta aukera berdintasuna bermatze aldera
Eskubide Sozialetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Dugurenaldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “koordainketa aldatu eta beste zerbitzu batzuk osatzeko bateraezintasunak eta betekizunak malgutu ditzan, laguntzak eguneko zentroetako erabiltzaileen beharretara egokitu ahal izateko, nahi dutenean haien etxeetan egotea errazteko asmoz”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak egungo araudiak zehazten dituen eskakizun eta betekizun espezifikoak direla-eta, eguneko zentroetara sartzeko dauden “zailtasun eta eragozpenen” berri ematen du, diru-sarrera txikiak dituzten pertsonei bereziki eragiten baitie.
Zehazki, eta eguneko zentroarekin bateragarria den mendekotasuna duten pertsonak etxean gelditzeko zerbitzu bat kontratatzeko dirulaguntzari dagokionez, adierazten da mendekotasun handia edo mendekotasun larria dutenen kasuan hilean gutxienez 80 orduko kontratua eta mendekotasun moderatua dutenen kasuan gutxienez 60 ordukoa egiaztatzeko eskakizunak eragozten duela ezarritako ordu-kopurutik beherako laguntza behar duten edo hilean hainbeste orduko kontratu bat ordaindu ezin duten pertsonek ezein dirulaguntzarik jasotzea zerbitzu horretarako.
Zentzu horretan, erabiltzaileek ordaindu behar duten koordainketa pentsio murriztuak dituzten pertsonentzat oso altua dela ohartarazi ondoren, proposamena egiten duenak egungo araudia aldatzearen alde egiten du, koordainketa errenta baxuen kasuan murriztuz eta zerbitzuak bateragarri egiteko baldintzak malgutuz, “interesdun guztiei sarbidea errazteko eta, horrela, aukera-berdintasuna bermatzeko”.
Arantza Biurrun (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Jorge Esparza, Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Maribel García Malo (Navarra Suma), Nuria Medina, Inma Jurío (PSN), Isabel Aranburu, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Patricia Perales, Txomin González (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
*Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (5. NPAO, 2023-01-13koa)