Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 6

Nafarroako Gobernua premiatzen da Kultur Ondareari buruzko Foru Legea Kultur Eskubideei buruzko Foru Legean ezarritakora egoki dezan

Arkitektura eta kultur ondarea zaindu nahi da eraikin publikoetan, etxeetan eta lantokietan energia-efizientzia maximizatuz

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 15/2005 Foru Legea alda dezan, Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legean ezarritakora egokitzeko, lege horiek esparru juridiko berrira egokitu behar direla ezartzen baita bertan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “legearen erregelamendu bidezko garapena ezar dezan, halako moduan non bateragarriak izan ahalko baitira Nafarroako arkitektura eta kultur ondarea zaintzeko behar diren bermeak eta ondare horren energia-efizientzia maximizatzea eta energiaren autokontsumo berriztagarriko instalazioak paratzea gure erkidegoko eraikin publiko eta pribatuetan”.

 

Bestalde, Gobernua premiatzen da “Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak finantzaketa-lerro bat gaitu dezan, aitorpen historiko edo arkitektonikoa duten eraikin ofizialki babestuen zaharberritzean energia-efizientzia eta ondare-balioa bermatzekoa. Lerro hori Europako funtsekin finantzatuko da”. PSNk aurkeztu duen eta Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau.

 

Gainera, Foru Gobernua premiatzen da “prozesuan bi departamentu horiek –Kultura eta Kirol Departamentua eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua– eta toki entitateen nahiz ukitutako elkarteen ordezkariek parte har dezaten”. Atal hau eta aurrekoa aho batez onetsi dira.

 

Azkenik, Gobernuari eskatzen zaio “aurreko ataletan aurreikusitako jarduketen egutegi bat egitea urtea amaitu baino lehen, eta horrekin batera, jarduera horiek 2022an abiarazteko behar adinako finantzaketa ezartzea Nafarroako hurrengo aurrekontuetan”. Navarra Sumak aurkeztu duen eta Geroa Baik, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako ondarea babesten laguntzeko instituzioen konpromisoa eta gizarte-kontzientzia aipatzen ditu, “deskarbonizazio-formula berrien aldeko apustua egin beharrari buruz”.

 

Ildo horretan, aipatzen da Nafarroako Gobernuak azken urteotan "laguntza publikoak areagotu dituela”, bai eta gero eta udal gehiagok onesten dituztela beren udaletan autokontsumoa ahalbidetzeko ordenantzak”, baina adierazten denez, bide horrek talka egiten du Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legeak ezarritako mugekin eta legearen irakurketa zeharo murriztaileekin.

 

Aipatutako arau-murrizketen harira, eta "gure herri eta hirietako hirigune historiko gehienei eragiten dieten despopulazio-arazoak iraultzeko zailtasunen" harira, defendatzen da "funtsezkoa dela gure ekonomiaren deskarbonizazioan, mugikortasunean, etxeetako, lantokietako edo eraikin publikoetako energia-kontsumoan sakontzea eta hau ondarea babestearekin bateragarri izatea”.