Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da kulturarteko bizikidetzarako teknikarien sarea (TECIR) indartu dezan

Harrera-baliabideak zabaltzeko eta diskurtso arrazista eta xenofoboei aurre egiteko deia egiten da, migrazioaren eta aniztasunaren kudeaketa egokitik abiatuta bizikidetza ahalbidetzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “kulturarteko bizikidetzarako eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko teknikarien sarea (TECIR) indartu eta handitu dezan, egiazko inklusioa eta kultura aniztasunak berezko duen aberastasunaren aprobetxamendu integrala sustatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua eta gure erkidegoko toki entitateak premiatzen ditu “harrera-tresna eta -baliabideak indartu ditzaten eta horietan sakondu dezaten, halako moduz non Nafarroako edozein herritako bizilagun berri orok senti dezan komunitate hurbilenaren ongi etorria, ezagutu ahal ditzan dauden baliabideak eta komunitate horretako berezko dinamikak eta horietan egiazko berdintasunean parte hartu ahal dezan. Horretarako, ezinbestekoa da, besteak beste, Nafarroako Gobernua eta toki-entitateak lankidetzan aritzea erroldan sartzea erraztuko duten irizpide bateratuak ezartzeko”. Atal honen alde bozkatu dute PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek. UPN abstenitu egin da eta PPN eta Voxek aurkako botoa eman dute.

 

Hirugarren atalean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “diskurtso arrazista eta xenofoboei eta jaioterria, kultura, arrazializazio edo erlijioagatiko diskriminazio orori aurre egin diezaien, pertsonen eskubideen aurkako erasoa direlako eta arriskuan jartzen dutelako Nafarroan bizi diren pertsonen arteko bizikidetza baketsua, bai eta harrerako lurralde garen aldetik dugun ondare etikoa ere". Atal hau Voxen aurkako botoarekin eta gainerako talde guztien babesarekin onetsi da.

 

Hiru atal hauek EH Bilduk aurkeztu duen eta Contigo-Zurekin ekimenaren titularrak onartu duen aldatzeko zuzenketa baten emaitza dira.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua eta gure erkidegoko toki-entitateak premiatzen dira “harrera-gizartearekin lan egin dezaten estereotipoak eta aurreiritziak ekiditeko, migratzaileen kultur errealitatea ezagutaraziz”. Atal hau PSNk aurkeztu duen eta Contigo-Zurekin, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza da. Atal hau ere Voxen aurkako botoarekin eta gainerako talde guztien babesarekin onetsi da.

 

Ez du aurrera egin testuaren lehen atalean zehaztapen bat sartzeko proposamen batek, asmoa zuena inklusioaren sustapena "balio demokratikoekiko, askatasun indibidualekiko, generoen arteko berdintasunarekiko eta Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalean jasotako printzipio guztiekiko errespetuarekin” baldintzatzea. Hala proposatzen zuen UPNren aldatzeko zuzenketak ez du aurrera egin Contigo-Zurekin ekimenaren titularrak ez duelako onartu.  

 

Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak "arrazismoa eta xenofobia bultzatzen dituzten gorroto-diskurtsoen hazkundeaz" ohartarazten du, eta, horri dagokionez, elkarreraginean "kulturen arteko bizikidetzak" duen balioa azpimarratzen du.  Diotenez, kultur aniztasunaren kudeaketa “erronka handia da gure gizartearentzat”; izan ere, migrazioa eta kultur aniztasuna ez dira fenomeno koiunturalak, egiturazkoak baizik.