Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 16

Nafarroako Gobernua premiatzen da LGTBI+ pertsonei arreta integrala emateko Kattalingune zerbitzuaren kalitate-parametroak manten ditzan

Kattalingorrik 2016tik kudeatzen zuen arreta zuzen, hurbil eta deszentralizatuaren eredua defendatu du Ganberak, eta zalantzan jarri du egungo berrantolaketaren eragina

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aldeko botoekin, Navarra Sumako bi parlamentariren (PPN) eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin eta PSNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “LGTBI+ pertsonei arreta integrala emateko Kattalingune zerbitzua ematen jarrai dezan, 2022ko abendura arteko kalitate-parametroak mantenduz edo hobetuz, horretarako behar diren giza baliabide eta baliabide ekonomikoekin hornituta”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean, Navarra Suma eta Podemos-Ahal DUguren abstentzioekin, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “murrizketarik egin ez dezan aipatu Kattalingune zerbitzuan, ez kontratatutako langileez (zazpi profesional) ez 2023rako Nafarroako Aurrekontuetan hasiera batean esleitutako partida ekonomikoaz (248.000 euro) bezainbatean”.

 

Era berean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “zerbitzuko profesionalei entzun eta LGTBIQ+ kolektiboek egindako ekarpenak aintzat har ditzan zerbitzuari buruzko erabaki garrantzitsuak hartu baino lehen”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak bere desadostasuna adierazten du Nafarroako Gobernuaren LGTBI Zuzendariordetzak egin duen berrantolaketarekiko, izan ere, Kattalingunek kudeatzen zituen bost lan-programetatik bi bere gain hartu ditu, bere eskumen-arloaren barruan daudela ustez, “nahiz eta pleguan agertzen ziren eta Kattalingunek erantzun behar zien”.

 

Era berean, NABIk egindako murrizketak mahaigaineratzen dira. Izan ere, “2023rako aurrekontu-partidan esleitutako 248.000 euroetatik 205.000 baino ez ditu bideratu nahi, eta bost bulegoei arreta emateko ardura duten profesionalak 7tik 4ra murriztu ditu. Hori guztia zerbitzuko kolektibo eta langileei bizkarra emanda, inoiz ezin izan baitute beren iritzia eman”.

 

Proposamena egin dutenek, amaitzeko, 2016tik LGTBI pertsonen eskubideen arloan Kattalingune zerbitzu publikoaren kudeatzaile gisa Kattalingorri egiten ari den lana defendatu dute, non duela bi hamarkada baino gehiagotik esku hartzen duen, eta “zuzeneko, hurbileko eta deszentralizatutako arreta-eredu berarekin jarraitzearen alde” agertu dira.