Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Industria Plana taxutzen has dadin

Enpresa-ehunduraren lehiakortasuna hobetzera bideratutako plana da, ekoizpen jasangarriaren, kalitatezko enpleguaren eta beharrizanei erantzunen dien prestakuntza-eskaintzaren bidez

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako Industria Plana taxutzen has dadin, gure industria-sarearen lehiakortasuna hobetzeko, ekoizpen jasangarrira bideratutako trantsizio ekologiko eta digitalean aurrerapausoak emate aldera, eskaerari erantzunen dion maila guztietako prestakuntza-eskaintzarekin eta lankidetza publiko-pribatuarekin, bereziki I+G+Brekin zerikusia duen orotan, halako moduz non ahalbidetuko baitigu aurrera egitea balio erantsia duten produktuetan oinarritutako ekonomia baterantz, aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortuko dituena”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zaio “Nafarroako Industriarako Plan hau eragile ekonomiko eta sozialen ordezkariekin adostu dadin”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Gobernua premiatzen da “laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresei exigi diezaien, lankidetza publiko-pribatuaren esparruan, errotze-bermeak eman ditzaten eta kalitatezko enpleguarekiko nahiz berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketarekiko konpromisoa erakuts dezaten”. PPN abstenitu egin da atal honetan.

 

Halaber, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “Nafarroako Industriarako Planak erantzun diezaien industriaren ezarpenari dagokionez Nafarroan dauden lurralde-desorekei”.

 

Azkenik, Foru Gobernua premiatzen da “Nafarroako Industriarako Planak konpromiso eta jarduketa-ildoak jaso ditzan, sektoreko langileen osasuna zaintzekoak”.

 

Azken lau epigrafeak PSNk, ekimenaren titularrak eta EH Bilduk aurkeztu duten gehitzeko in voce zuzenketa baten bidez gehitu dira.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpena "prozesu eraldatzaile sakonaren" eskakizunei erantzuten saiatzen da. Horretarako, enpresa-ehunduraren "lehiakortasuna bermatzeko eta hobetzeko" sortutako Plana babesten du, aurrerapausoak emanen baitira “ekoizpen jasangarri baterantz, balioa ematen duena, kalitatezko enplegua sortzen duena eta Nafarroako industriaren beharrizanei erantzunen dien prestakuntza-eskaintza emanen diguna”.