Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Ekainak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da Oinarrizko Laguntzari buruzko Ekintza Plan bat gara dezan

Ganberak aurrekontu-konpromisoa eskatu du, eta egiturazko aldaketetara eta aldaketa funtzionaletara bideratutako helburuak argi zehaztearen alde egin du

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Osasun Departamentua eta haren mendeko erakunde autonomoak premiatzen baitira “2021eko bigarren seihilekoan hainbat jarduketa egin ditzaten”.

 

Jarduketa horien artean daude, besteak beste, “Oinarrizko Osasun Laguntzako Ekintza Plana garatzea ahalik eta gehiena adostuta Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalekin, aurrekontu-konpromiso eta guzti, aldaketa estruktural eta funtzionalak lortzera bideratutako helburuak zehatzago definituta, kronograma eta ebaluazio-adierazleak zehaztuta”.

 

Bestalde, “Osasun etxe guztietan bermatzea arreta presentziala pixkanaka % 60ra iritsi arte areagotuko dela, eta kontsulta-eskari espontaneo guztiak 72 ordu pasa baino lehenago artatuko direla. Eskaria kudeatzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta arreta presentziala protokolizatzeko plan bat abian jarri”.

 

“Azterlan bat egitea Oinarrizko Osasun Laguntzaren arloko eta ospitale-arloko profesionalen arteko ordainsari-diferentziak identifikatzeko, ordainsari horiek parekatzeko xedez, eta kudeatzaileak ordainsariei buruzko proposamen bat egin dezan”.

 

“Barneko mediku egoiliarrak eta erizain-graduazio berriak kontratatzeko plan bat, bermatze aldera haien fidelizazioa eta gure erkidegoan gera daitezen prestakuntza-aldia amaitzen dutenean”.

 

“Herritarrei zuzendutako komunikazio-estrategia bat taxutu, bideratua Oinarrizko Osasun Laguntzako lana balioan jartzera, zerbitzu-erabilera egokira (osasun-karpeta, sartzeko modalitate berriak), profesionalekiko eta haien antolamenduarekiko konfiantza sustatzera, eta haien inplikazioarekiko eta parte-hartzearekiko konpromisora”.

 

“Oinarrizko Osasun Laguntza sendotze aldera 2020an kontrataturiko langileak (ehundik gora, bereziki erizainak) Oinarrizko Osasun Laguntzako taldeetan integratu, erizaintza arloko lan- eta antolamendu-eredu berriekin”.

 

“ Osasun-laguntza jarraitu eta urgentearen erreforma-plana aurkeztu”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Osasun Departamentua eta haren mendeko erakunde autonomoak premiatzen ditu “ 2022ko lehen seihilekoan plantillak dimentsionatzeko proposamen bat egin dezan oinarrizko eskualde bakoitzerako, etxez etxeko laguntza nahiz gizarte-egoitzetakoa barne hartuko dituen zerbitzu-zorro bat bermaturik, bai eta osasunaren sustapena, arreta komunitarioa eta ikastetxeetakoa bermatuta ere”.

 

Bestetik, “plantilla organikoan sendo ditzan COVID-19aren larrialdirako jada kontratatutako erizaintzako 110 lanpostuak, administrazioko 14 langileak eta gizarte-laneko 5ak, jada 2021ean OOLTetan txertatuak, betiere aurretiaz zehazturik atxikitze-zentroak, funtzioak eta eginkizunak, bai eta enplegu-eskaintza publikoaren deialdi bat egin 2022an, Oinarrizko Osasun Laguntzan dauden lanpostu hutsak sendotzeko”.

 

Horrez gain, “osasun-mailetan sartzea gizarte-laneko langileak eta OOLTetako administrazio-langileak”.

 

Aurrekontu konpromisoa ere eskatzen da, “Nafarroako Gobernuaren aurrekontu orokorretan Oinarrizko Osasun Laguntzara bideratutako finantzaketa bi urtean izan dadin Osasun Departamentuaren aurrekontu osoaren ehuneko 20koa”.

 

Bestalde, “11/1992 Foru Legearekin lotutako araudia aldatzeko proposamena Nafarroako Parlamentuari aurkeztea, ordainsari-osagarriak aldatuta, Ospitaleko Laguntzakoekin parekatzeko, eta Osasunari buruzko foru lege berri baten zirriborroa aurkeztea Nafarroako Parlamentuari, osasun-laguntza unibertsal, ekitatibo eta kalitatezkoa bermatzeko, ezertan galarazi gabe premiazkoak eta lehentasunezkoak diren araudiak aurreratu ahal izatea, hori lagungarria izanez gero Osasun Laguntzaren Erronkaren helburuak eta mozio honetako gainerako puntuetakoak aplikatzeko”.

 

Zioen azalpenean, PSN eta Geroa Bai talde parlamentariek eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako ebazpenak Oinarrizko Laguntzaren egitura-arazoak direla eta herritarrek duten “atxikimendu falta” adierazten du, Covid-19aren krisiak larriagotu baititu arazo hauek, “arreta presentziala jasotzeko zailtasunak eta probetarako nahiz kontsultetarako ospitaleetako itxarote-zerrendak gero eta handiagoak izanik”. Hori dela eta, aldaketen beharra aldarrikatzen da, “sinesgarritasuna emateko, profesionalak motibatzeko eta osasun-eragilearen eginkizuna biziberritzeko gaixoen nahiz herritarren begietan”.

 

Ekimenaren sustatzaileek Osasun Departamentuak martxoaren 18an aurkeztutako jarduera-plana aipatu dute, hainbat eragile sozial eta politikok "zehaztasun gutxikotzat eta gabezia handikotzat" jotzen dutena, bai eta maiatzean aurkeztutako lan-dokumentu berria ere, "Osasun-arretaren irisgarritasunean edo aurrekontu-konpromisoan dauden oztopoen monitorizazioan eta jarraipenean hobekuntzak" dituena, "koherenteak diren eta lehen mailako arretaren balioak indartzen dituzten" neurriak eskatzeko.

 

“Ahalik eta azkarren” jorratu beharreko “afera nuklearren” artean aipatzen dira, besteak beste, lanpostu hutsak lehenbailehen betetzea, fidelizazioa eta Oinarrizko Osasun Laguntzako lana balioan jartzea.

 

Marta Álvarez (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Elena Llorente, José Suárez, María Jesús Valdemoros, Jorge Esparza (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu, Javier Lecumberri (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Maiorga Ramírez (EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).

 

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (75. NPAO, 2021-06-03koa)