Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 15

Nafarroako Gobernua premiatzen da prestakuntza emozionaleko plan bat gara dezan plaza itunduak dituzten egoitzetako langileentzat

Egoitza soziosanitarioetako langileen ongizatea bermatzea eskatzen da, kaltetuaren eta zaintzaile profesionalaren rol bikoitzaren ondorioz jasaten ari diren presio handia dela eta

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “trebakuntza eta prestakuntza emozionaleko plan bat gara dezan plaza itunduak dituzten egoitza guztietan, langileei tresna nahikoak emate aldera COVID-19aren ondorioz bizitutako bezalako krisiei aurre egin ahal izateko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “aipatu planaren barruan kontuan har dadin talde-terapiak egitea, egoitzetako langileen ongizate emozionala eta osasun mentala lantzen ahalbidetuko dutenak”.

 

Bestalde, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “laneko arriskuen prebentzioaren alorreko plan berezi bat gara dezan egoitzetako langileentzat, zeinean jasoko baita zentroen arduradun diren enpresa eta entitateen zuzendaritzen konpromisoa, prebentzioaren kudeaketaz "barne staff" delakoa osatzen dutenak arduratzekoa, ahal den modurik autonomoenean eta plantillen parte-hartze aktiboan oinarrituta”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “plan hori betetzen dela bermatzeko bide batzuk ezar ditzan, lagungarriak, kontrolekoak eta ikuskapenekoak. Aipatu plana egoitza guztietan aplikatuko da”.

 

Azken bi atal hauek EH Bilduren eskariz gehitu dira, aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E ekimenaren titularrek onartu baitute.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak Covid-19ak egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan izan duen inpaktu larria aipatzen du, baita langile soziosanitarioek jasan duten “presio bikoitza” ere, kaltetuak izanagatik eta zaintzaile profesionalak izateagatik”. Txertatzeek egun “immunitatea eta lasaitasuna ekarri badute ere”, arreta psikologiko egokia eskain dadila eskatzen da, langilee ongizatea bermatzeko.

 

Ildo horretan, ohartarazten da egoera honek guztiak beldurra, angustia eta depresioa sorraraz dezakeela, eta, halaber, “ekar ditzake trauma osteko estresaren edo desegokitzapen emozionalaren egoerak”. Beraz, neurri proaktiboak eskatzen dira. Langile soziosanitarioen “trebakuntza eta prestakuntza emozionala garrantzitsuak dira etorkizuneko balizko egoeretan tresna eraginkorrak izan ditzaten”.