Nafarroako Gobernua premiatzen da seme-alabak haur-eskoletan euskaraz matrikulatzeko familien eskubidea berma dezan
Legebiltzarrak eskaintza “nahikoa eta geografikoki orekatua” eskatu du
Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “bere eskumenez baliatuta, eskura dituen mekanismoak erabil ditzan nahi duten familiek Iruñeko haur eskoletan seme-alabak euskaraz matrikulatzeko duten eskubidea bermatze aldera, eskaintza nahikoa eta geografikoki orekatua eginez”.
Mozioak bigarren atal bat zuen, atzera bota dutena Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Gobernuari eskatzen zion “0-3 zikloan hirugarren hizkuntza bat sartzeari buruz adituen irizpideak kontuan har ditzan, eta bazter dezan Iruñeko Udalaren proposamena –hau da, Iruñeko haur eskoletan euskarazko eta gaztelaniazko ingelesezko modalitate mistoak ezartzea–, betiere euskarazko kalitatezko eskaintza bermatuz”.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “kezka” adierazten du Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren Gobernu Batzordeak urtarrilaren 28an onetsitako proposamenaren harira, zeren eta, zehazten denez, proposamenak “ez baitzuen ez txosten pedagogiko egokirik, ez adostasun politikorik, ez eta, are gutxiago, familien eta teknikarien adostasunik”.
Ildo horretan, azaltzen da “Printzearen Harresia” eta “Hello Buztintxuri” haur eskolen kasuan, gaztelania eta euskara modalitateak sartu direla, biak ere ingelesezko jarduerekin, eta honen harira udalaren haur eskoletako zuzendaritza guztiek publikoki jakinarazi dutela “ez daudela ados, euskararen eta ingelesaren ikaskuntzaren eta haurraren garapenaren kalterako izanen delako”, eta, beraz, ez diotela “inolako onurarik ikusten”.
Iruñeko euskarazko irakaskuntzaren normalizazioan “atzerakada dakarrela” uste du sustatzaileak, eta hori dela eta, Gobernuari eskatzen dio “0-3 zikloan hirugarren hizkuntza bat sartzeari buruz adituen irizpideak kontuan har ditzan eta Iruñeko haur eskoletan euskarazko kalitatezko eskaintza berma dezan”.
Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan parte hartu dute Pedro González, Isabel Olave, Raquel Garbayo, Jorge Esparza, Elena Llorente, Javier García (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (19. NPAO, 2021-02-12koa)