Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 30

Nafarroako Gobernua premiatzen da zainketa aringarrien estrategia bat sor dezan, eutanasiari buruzko legearekiko modu paralelo eta osagarrian

Etxez etxeko arretako unitate bat eta diziplina anitzeko ospitaleko beste unitate bat sortzea planteatzen da, espazio horren kudeaketa hobetzeko

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua premiatzen baita “Nafarroan bultza dezan zainketa aringarrien estrategia berri bat”.

 

Estrategia horrek, besteak beste, ahalbidetuko du “zainketa aringarriak bermatzea Nafarroako Foru Komunitatean behar dituzten guztiei, edozein dela ere haien kokapena, etxeko laguntzarako zainketa aringarrien unitate bat sortuz”.

 

Bestalde, “baliabide materialak eta profesionalak eskaini behar ditu, hala nahi dutenak, beren egoerak ahalbidetzen baldin badu, etxean zendu ahal izan daitezen, beren hurbilekoek lagunduta”.

 

Horrez gain, beharrezkoa izanen da “arreta psikologikoa eskaintzea pazienteari eta haren familiari, hil ondoko dolu osasungarri bat errazteko, baita profesionalentzako prestakuntza plan bat abiaraztea, zainketa aringarrien eta bizitzaren bukaerako arretaren ingurukoa”.

 

Azkenik, estrategiak ahalbidetuko du “zabalkunde plan bat egitea aurretiazko borondateen agiriari buruzkoa, osasuneko profesionalek gidatua, jendeari informazioa emanen eta balizko egoerak zein norberak erabakitzearen garrantzia azalduko dutenak”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboko Osasun Departamentuari eskatzen dio “Nafarroako Ospitalegunean zainketa aringarrietako diziplina anitzeko unitate bat sor dezan, langile espezializatuek osatua, baliabide ekonomikoak optimizatuz eta osasun sistema jasangarriago bihurtuz, pertsona eta familia askoren desioak gogobetetzeko eta heriotzaren une ekidinezina humanizatzeko”.

 

Zioen azalpenean, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak dio populazioaren zahartzea eta egungo demografian eta morbilitatean dagoen patroia direla-eta, uste izatekoa dela datozen urteotan gehiago izanen direla gaixotasun kronikoa eta endekapenezkoak dituzten gaixoak eta, hortaz, gehiago izanen direla zainketa aringarriak beharko dituztenak. Hori dela eta, zainketa aringarrietako diziplina anitzeko unitate bat sor dadila eskatzen da.  

 

Ildo horretan, Gobernu Zentralaren Osasun Zerbitzu Nazionalaren zainketa aringarrien estrategia 2007koa denez eta Zainketa aringarrien arloan Nafarroan aurkeztutako azken gida, berriz, 2009koa, “komenigarria” ikusten dute estrategia berri bat bultzatzea, berriki onetsi den eutanasiari buruzko legearekiko modu paralelo eta osagarrian.