Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 5

Nafarroako Gobernuak azpimarratu du euskarari bideratutako aurrekontua inoizko altuena dela

Euskarari berezko hizkuntza gisa ematen zaion hezkuntza-tratamendua zalantzan jarri duen Geroa Bairen interpelazio bati erantzun dio

Ostegun honetako osoko bilkuran Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak Geroa Bairen interpelazio parlamentarioari erantzunez azpimarratu du bere departamentua Foru Erkidegoaren historian euskarazko irakaskuntzari eskainitako aurrekonturik altuena kudeatzen ari dela.

 

Hala, adierazi duenez, 2015ean aurrekontua 115.000 eurokoa izan zen, eta kopuru hori 477.000 eurora igo zen 2016an, 525.000 eurora 2017an, 548.000 eurora 2018an, 585.000 eurora 2019an eta 662.000 eurora 2022an.

 

María Solana Geroa Baiko parlamentariak gogorarazi du akordio programatikoak euskara Nafarroako berezko hizkuntza gisa planifikatzeko konpromisoa jasotzen duela, eta arduradun publiko eta politikoek Foru Erkidegoko errealitate linguistiko "aberatsa" zaindu, babestu eta sustatzeko betebeharra dutela.

 

Solanaren ustez, "argi dago gizartea klase politikoaren aurretik doala" gai honetan, eta "Nafarroan gaur egun berezko hizkuntza maite duten pertsonak daude".

 

Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak adierazi duenez, Gobernuko bazkideen arteko "errifirrafek iskanbila handia eragiten dute" bere taldean. "Morboa du gauzak", gaineratu du.

 

Iriartek aitortu du euskarak "historikoki ez duela zor zitzaion aintzatespenaren jaso", eta eredu guztietan "ahalik eta kalitate handieneko" hezkuntza eskaintzearen alde agertu da, "egitura eta eskaintza eskarian gertatzen diren aldaketetara egokituz joateko, maximalismorik gabe, obsesiorik gabe, tratu txarrik gabe".

 

PSNren izenean, Jorge Aguirrek esan du "arriskutsua" dela "hizkuntzak alderatzen saiatzea", eta Gobernuari leporatutako "euskarafobia" salaketak ez datozela bat "egiten ari diren jarduketen errealitatearekin".

 

Bakartxo Ruiz EH Bilduko kideak azpimarratu duenez, "hezkuntzan bertan zailtasun nabarmenak daude", eta deitoratu du ikasleen % 60 inguruk ez dutela inolako loturarik euskararekin, eta hori "larria" dela.

 

Ainhoa Aznárez Podemos-Ahal Duguko parlamentariak ukatu egin du Navarra Sumaren "mantra": "D ereduak bereizi egiten du", eta nabarmendu du Nafarroan bakarrik ematen dela "konfrontazioa" berezko hizkuntza erabiltzearen inguruan.

 

I-Eko Marisa de Simónek, bere aldetik, Nafarroan euskarazko irakaskuntzak "aurrerapen oso garrantzitsuak" izan dituela esan du, nahiz eta bide luzea dagoen egiteko, eta gai honetan itun sozial eta politikoa defendatu du.