Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Apirilak 7

Nafarroako Gobernuak esan du uda amaieran abiatuko duela Lurralde Estrategia berriaren parte-hartze prozesua

PSNren interpelazio bati erantzunez, non eskatzen baita hura GJHekin eta Europako eta Espainiako hiri agendekin lerroka dadila, trantsizio ekologikoa eta digitalizazioa lehenesteko

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari José María Aierdik azaldu duenez, dagoeneko lehenbiziko dokumentu bat idazten ari da Nafarroako Lurralde Estrategia (NLE) berria taxutzeko, eta maiatzean hasiko da eztabaidatzen sektore- eta lurralde-mahaietan. Aurreikusten da uda amaierarako dokumentu bat edukitzea eta berarekin hastea parte-hartze prozesua.


PSNren interpelazio baten harira, Aierdik esan du aurreko NLEa, 2005ean onetsitakoa, Espainian "aitzindaria" izan zela, baina aitortu du "gutxi ezaguna" izan zela eta "porrot" egin zuela, eta, beraz, "sakonean berrikusi" behar dela, "gizarteak gaur egun dituen beharrizanei erantzunen dien eredu berria" mahai gainean jartzeko.


Esan duenez, 2020an abian jarri ziren estrategiaren diagnostiko lanak, eta argi gelditu zen, “abiaburuak positiboak izan arren, ez zegoela haiek aplikatu eta politika sektorial ugariak koordinatu ahal izateko mekanismorik. Ezin izan zen zuzendu, eta larriagotu egin ziren lurraldeen arteko desorekak, gehiegizko kontzentrazioa sortu baitzen Iruñean eta Iruñerrian".

 

Hala, azpimarratu du beharrezkoa dela "egoera irauli eta aldaketak egitea", honako estrategia hau "eraginkorra" izan dadin. Gainera, helburu berriak gehitu behar dira, hala nola Itun Berdea edo Europako estrategia digitala. Estrategia berriak aintzat hartu behar ditu "ingurumen oreka", mugikortasun jasangarria, deskarbonizazioa eta digitalizazioa, eta "eskualdeetako hiriburuen trakzio eginkizuna berreskuratu" behar du "biztanleriaren kokapenerako funtsezko elementu" gisa.

 

Era berean, hiri garapenak inplementatzeko garaian toki entitateei "autonomia handiagoa" emanen dien lurralde eredua aldarrikatu du, gaur egun Administrazioak ezartzen dion "tutoretzarik gabekoa".

 

Bestalde, Arantza Biurrunek (PSN talde parlamentarioa) aitortu du NLEa "garai batean aitzindaria" izan zela. Hala ere, "bere garapenerako erreferente berriekin lerrokatu beharra du", besteak beste Garapen Jasangarrirako Helburuekin, Europako Hiri Agendarekin eta Espainiakoarekin, bai eta "erronka" berriei egokitu ere. Halaber, antolatzen diren politikak "elkarrekin koordinatzeko, elkarren osagarriak izateko eta herritarren premiei erantzuteko" beharra azpimarratu du.


Biurrun ados agertu da estrategia berriaren "izaera loteslea" planteatzearekin, eta esan du honako lehentasun hauek izan behar dituela: trantsizio ekologikoa eta digitalizazioa, hiri "jasangarriago, osasuntsuago eta kohesionatuagoen" aldeko apustua, etxebizitzaren eskuragarritasuna, mugikortasun iraunkorra eta toki entitate "ertainen" eginkizun nabarmenagoa. Hala, "funtsezko"tzat jo du "hausnarketa kolektiboko prozesu bat" egitea "hurrengo 20 urteetan" erabiliko den estrategia adosteko.

 

Juan Luis Sánchez de Muniainek (Navarra Suma talde parlamentarioa) errefusatu egin ditu 2005ean onetsitako NLEaren kontrako kritikak. "Zorionez, Nafarroan ibilbide sendoa egin dugu lurralde estrategiaren arloan", azpimarratu du. Haren iritziz, "plangintza berri bat egin nahi da hutsetik", eta estrategia berrian "gomendioen ordez plangintzako determinazioak ezarri nahi dira, nahitaez bete beharrekoak". Horrek talka egiten du "Konstituzioan aitortutako toki autonomiaren printzipioarekin". Gainera, kritikatu egin du "Parlamentu honi ahalmenak kentzea modu argi eta objektiboan". Izan ere, "planteatzen dute Gobernuak onets dezala, nahitaezko arauaren izaerarekin", eta "berriz agertzen dira eskualdeak, lurraldea antolatzeko sistema berri gisa".


Ana Ansak (Geroa Bai talde parlamentarioa) Aierdi zoriondu du, "beharrezkoa zelako estrategia berrikustea, paradigma eta erronka berriak azaldu eta gero". NLE berria Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta Hiri Agendarekin lerrokatu behar dela esan du, eta "arretagune" izan behar dituela klima aldaketa, ezagutzaren gizartea, biodibertsitatea edota elikadura- eta energia-subiranotasuna. Nafarroaren ezaugarriak ere kontuan hartu behar ditu, landa aldeak jendegabetu eta zahartzeari dagokionez, Horiei "bizirik" eutsi behar zaie, zerbitzuekin hornituz.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu talde parlamentarioa) adierazi duenez, "eztabaida honek patxada handiagoa eskatzen du, 2050ean Nafarroa nolakoa izatea nahi dugun proiektatzen ari garelako; horrek lehentasuna izan behar luke. Oso ongi dago estrategiak diseinatzea jendegabetzeari aurre egiteko, garraiorako, ekonomia zirkularrerako, elikadura- eta energia-subiranotasunerako, baina gero ez datoz bat egunero hartzen diren erabakiak eta diseinatu diren helburuak", ohartarazi du.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) NLE berria "loteslea" izatea aldeztu du, eta estrategia berriaren lehentasuntzat jo ditu konektibitatea, ingurumena eta jendegabetzea. Hala, apustu egin du aldirietako trenaren eta "herri arteko konektibitatearen" alde, AHTaren ereduaren aurrean, eta eskatu du estrategiak taxutu daitezela klima aldaketaren ondorioak leuntzeko eta "energia sorkuntzarako eta birgaikuntzarako aukerak" sortzeko, eta deia egin du "lehentasunez" esku har dadin Erriberan.


Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde mistoa) azpimarratu du estrategia berriak oinarri izan behar dituela "elkartasuna, erantzukizun partekatua eta plangintza integral eta birbanatzailea". Era berean, mugikortasun jasangarria aldeztu du, "lurraldea egituratzen ez duen AHTaren burugabekeriaren aldean”. Zerbitzu publiko eta administratiboetarako sarbidea "ekitatezko baldintzetan" ematearen alde eta "enpresak eta lana sor daitezkeen nitxoak" baliatzen saiatzearen alde ere agertu da.