Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urriak 13

Nafarroako Gobernuak gardentasunarekin duen konpromisoa defendatu du

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak Gobernuak kontrol-lanetan eskatzen zaion informazioa garaiz eta behar bezala emateko duen jarrera gaitzetsi duen

Javier Remírez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak Foru Gobernuak legegintzaldi honetan gardentasuna bultzatzeko hainbat arlotan eman dituen urratsak defendatu ditu. Navarra Sumak zalantzan jarri du Exekutiboaren jarrera, eta adierazi du, adibidez, ez dituela aintzat hartu Parlamentutik iritsi zaizkion hainbat informazio eskaera.

 

Gobernuaren Kontrolerako Osoko Bilkuran Navarra Sumak egindako interpelazio bati erantzunez, Javier Remirezek adierazi du Gobernu hau izan dela Gobernu Irekiaren Plan bat onartzen lehena, 2021-2023 aldirako.

 

Foru Gobernuaren jardueren adibide gisa, Javier Remírezek esan du barne-fiskalizazioko txostenak argitaratzen hasi direla, eta nabarmendu du alor horretan "Gardentasun Kontseiluak erabakitakoa betetzen dugula eta hortik harago goazela", Gobernuak "espediente osoa argitaratzen baitu etenaldi bat egon den kasuetan".

 

Halaber, kontseilariak adierazi du Gobernuak "historian lehen aldiz" argitaratzen dituela Gobernu-bilkuren gai-zerrenda eta hartutako erabakiak.

 

Gainera, Remírezek nabarmendu duenez, "gardentasun handia eta zorrotza erabili behar da Legebiltzarrak informazioa biltzeko duen eskubideari erantzuteko". Hala, legegintzaldiaren hasieratik 7.700 kontrol-ekimen baino gehiagori erantzun zaiela azaldu du, eta 3.100 informazio-eskaera eta 1.100 galdera baino gehiago erantzun direla, "inoiz erregistratu gabeko bolumena".

 

Juan Luis Sánchez de Muniáinek (Navarra Suma) adierazi duenez, Gobernuak "bere kudeaketan itzalik nahi ez badu, legea bete behar du eta informazio guztia garaiz eta behar bezala eman behar du, auzitegien babesa eskatu beharrik gabe edo kontrol-erakundeetara jo beharrik gabe, legeek adierazten dutena egitera behartu ditzan".

 

Hala, Sánchez de Muniáinek adierazi du Gobernuak ez duela bete "Parlamentuari informazioa emateko legezko betebeharra", eta adierazi du "birritan" jarri behar izan dutela demanda judizial bat informazioa lortzeko, kasu batean COVIDaren aurkako txertoei buruz eta bestean "maskarak erosteari buruzko Esku-hartze Orokorreko espedientea ezkutatzeari buruz". Bi kasuetan, “kondena ekar zezakeen prozedura judizial baten aurrean, Gobernuak legea betetzea onartu zuen”, kritikatu du.

 

Inma Juriok (PSN) ziurtatu duenez, Foru Gobernua "gardentasuna betetzen ari da, mugarri jakin batzuk betetzeko zailtasunak eta atzerapenak daude, baina aurrera egingo da", eta Gobernu Irekiaren Planaren onarpena baloratu du. Horren ostean, "politika arduragabea" ez egiteko eskatu dio Navarra Sumari.

 

Blanca Regulezek (Geroa Bai) ohartarazi duenez, "gardentasuna balio demokratiko nagusietako bat da, eta, horri esker, herritarrek gobernuen jarduera kontrola dezakete". Halaber, nabarmendu duenez, "Gobernuaren politika orokorrak gutxienez gardentasun legeak behartzen duen guztia argitaratzea izan behar du".

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) ontzat jo du Gardentasun Kontseiluaren abuztuko akordio bat, Foru Gobernuari eskatzen ziona argitara zitzala barne fiskalizazio organoek egindako txosten guztiak, eta, horren ostean, "argi geratu da legean argi zegoena". Hala, hasieran Gobernuak legearen "interpretazio oso zorrotza" egin izana deitoratu du, eta azkenean txosten guztiak argitaratuko direla baloratu du.

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) ohartarazi duenez, "Foru Komunitatearen eta Tokiko Administrazioaren isiltasuna eta erantzunik eza dira Gardentasunaren Kontseiluari errekerimendu gehienak egiteko arrazoia", eta Gardentasunaren Foru Legeak markatutako bidea jarraitzeko deia egin du.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) galdetu du ea "informazio guztia parlamentarientzat eta gizartearentzat eskuragarri dagoen". “Gobernuen, alderdien eta talde parlamentarioen kontuak argi eta garbi ematen al dira? Pixka bat gehiago ez litzateke soberan egongo. Nahikoa argitasun, zehaztasun eta egiazkotasun al dago gobernuak eta legebiltzar-taldeek egiten dutenari dagokionez? Begiratuko nuke. Gardentasuna guztion ariketa da", berretsi du.