Nafarroako Gobernuak "lan-ezbeharren egoera kezkagarriaren aurrean" hausnarketa beharrezkoa ikusten du
“Datu kezkagarrien aurrean neurri eta ekintza berriak negoziatzea” eskatzen duen lehen mailako arazo baten aurrean “baliabideak ugaritzearen alde” agertu den I-Eren interpelazio bati erantzun dio
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujok beharrezkotzat jo du "hausnarketa" egitea "Nafarroako ezbehar-tasaren egoera kezkagarriaren inguruan".
Izquierda-Ezkerrak kontrolerako Osoko Bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, Irujok esan du Nafarroa Autonomia Erkidegoetako bosgarren postuan dagoela baja eragin duten lan-istripuen intzidentziaren indizean.
Azaldu duenez, arrisku handienak eraikuntzaren eta industriaren sektoreetan daude. Gainera, besteren konturako lanetan dagoen arriskua autonomoen artean dagoena baino "askoz handiagoa" da. Aldi baterako kontratazioari lehentasuna ematen dioten sektoreak ere arriskutsuagoak dira, eta gehiago eragiten die gazteei. Bestalde, laneko baldintzek eragindako lan-faktore psikosozialen gorakada hauteman da.
Mikel Irujok nabarmendu du Nafarroako Gobernuak Lan Osasuneko Plana duela, dagoeneko garatzen ari diren hainbat programa biltzen dituen plangintza-tresna.
Era berean, baloratu du Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren batzorde autonomiko operatiboak, Nafarroako eta Espainiako gobernuen arteko lankidetza-organoak, joan den azaroaren 25ean egindako azken bileran, 2023rako Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren jarduerak planifikatzea erabaki zuela. "2023an % 5,18 handituko da jarduketen kopurua 2022koarekin alderatuta, eta langileen osasuna babesteko berariazko bi kanpaina berri sortzea erabaki zen", azaldu du Irujok.
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) defendatu duenez, "laneko ezbeharren aurkako borrokak funtsezko elementua izan behar du, botere publikoentzat lehen mailako helburua, soziala zein politikoa, eta ez zaie baliabide, neurri eta ekintzei uko egin behar ezbehar-tasa altuari aurre egiteko".
De Simonek gogorarazi du Parlamentuak, joan den urrian, Izquierda-Ezkerraren ekimenez, ebazpen bat onartu zuela Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluan lan-istripuen aurkako neurri eta ekintza berriak negoziatzeko eta adosteko, eta, ildo horretan, ohartarazi du Nafarroako datuak "kezkagarriak" direla.
Cristina Ibarrolak (Navarra Suma) adierazi duenez, "legegintzaldi honetan behin eta berriz aipatu dugun gaia da izan ditugun ezbeharrei buruzko datu negargarriak direla eta, denbora luzez erreferente argia izan ginenean. Nafarroa lan-osasunean aitzindaria izatetik, behar bezala zaintzen ez dena nola honda daitekeen erakusten duen adibide izatera igaro da. Hainbat ekimen parlamentario onartu ditugu hondamendi honi irtenbidea emateko, baina tamalez arrakasta gutxirekin", kritikatu du.
Ainhoa Unzuk (PSN) azpimarratu duenez, "ezinbestekoa da langileen heriotzen eta gaixotasunen jario etengabearekin amaitzea, eta, horretarako, beharrezkoa da elkarrekin lan egitea Lan Osasunaren Nafarroako Kontseiluan, Administrazioa, alderdi soziala eta enpresak biltzen dituen hiruko parte-hartze organoan, neurriak hartzeko. Kontua da eragile bakoitzak, bere eskumenen esparruan, eta besteekin koordinatuta, aurrera egitea helburuak lortzeko bidean", defendatu du.
Ana Ansak (Geroa Bai) adierazi duenez, "lan-arriskuen prebentzioari buruzko legearen helburuetako bat zen enpresetan prebentzio-egitura bat integratzea, lan-eremu eta jarduera guztiak barne hartzen dituena, eta argi dago hori enpresa gehienetan ez dela lortu, eta horren erakusgarri da lan-jarduera handitzen den heinean lan-ezbeharrak areagotu egiten direla. Foru Erkidegoan % 33,44 egin zuten gora lan-istripuek 2022ko lehen erdian", esan du, eta gaineratu du "denbora asko daramagula arrazoien azterketarik egin gabe, eta hori da lehen urratsa ".
Arantxa Izurdiagak (EH Bildu) deitoratu duenez, "Nafarroak oso datu kezkagarriak aurkezten ditu, Administrazio publikoa zuzenean interpelatzen dutenak, gizartearen gaitz honi aurre egiten lagunduko duten neurri eraginkorrak har ditzagun eskatzen dutenak". Izurdiagaren ustez, bi alderdi azpimarratu behar dira bereziki. Alde batetik, "lan-prekarietateari aurre egitea, eta horretarako lan-erreforma beharrezkoa da". Bestalde, "laneko arriskuen prebentzioari buruzko legea betetzen dela bermatzeko" neurriak hartzea.
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi du 2022ko lehen seihilekoko datuak "benetan txarrak" direla, eta azpimarratu du "ziklo baten aurrean gaudela, non jarduerak gora egiten duenean istripuak areagotzen diren, hau da, enpresa-kulturak ez duela aurrera egiten arriskuen prebentzioaren kulturan". Builek zehaztu duenez, "agerikoa da ikuskaritza indartzen ari dela, baina ez da nahikoa, eta ikuskatzaileen kopurua indartzen jarraitu behar da, eta zigorrak gogortu behar dira", lan-arloko arau-hausteei dagokienez.