Nafarroako Gobernuak unibertsitateko beken eta laguntzen egungo sistemaren azterketa eskatu duela iragarri du
Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinek beken sistema berrikusteko eta unibertsitateko alderdi eta eragileekin lan-mahai bat eratzeko mozio baten aurkezpena aurreratu duen
Unibertsitateko, berrikuntzako eta eraldaketa digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak Parlamentuko Osoko Bilkuran iragarri duenez, Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak NUPeko Negozioetan eta Ekonomian Ikerketa Aurreratuko Institutuari (INARBE) Nafarroako Gobernuaren beken eta laguntzen sisteman gaur egun indarrean dauden baldintzei buruzko azterketa zehatza egiteko eskatu dio.
Navarra Sumak unibertsitate-beken inguruko politikari buruz aurkeztu duen interpelazio bati erantzunez, kontseilariak adierazi du ikerketa honen bidez ekitate eta errenten birbanaketa arloan egin beharreko aldaketak ebaluatuko direla.
Txostenak, besteak beste, baldintzak Nafarroako biztanleriaren "egungo errealitate sozio-ekonomikora" nola egokitzen diren aztertuko du, bete beharreko baldintza orokorrak, ekonomikoak eta akademikoak aztertuz.
Kontseilariak ziurtatu du neurri horrek, besteak beste, gradu eta masterreko beken deialdian jasotako 4 atalaseetako bakoitzean zer profil mota sartzen ari diren zehazteko beharrari erantzuten diola, hala badagokio eta beharrezkoa balitz, atalase horiek aldatu ahal izateko.
Cigudosak azpimarratu du Foru Erkidegoko beka-sistemaren atalase propioak Ministeriokoak baino zabalagoak direla eta Estatuko deialdia baino pertsona gehiagorengana iristen direla.
Adierazi duenez, Nafarroako bekak sistema nazionalaren osagarriak dira, eta matrikula-, egoitza-, jantoki- eta joan-etorri-kontzeptuak estaltzen dituzte. Horrez gain, errendimendu akademikoari buruzko atal berezi bat, ez-ohiko laguntza bat eta 1. atalasean dauden ikasleak digitalizatzeko laguntza bat jasotzen dute.
Cigudosak datuen historikoa errepasatu du, beken politikak azken urteetan izan duen bilakaera aztertzeko. Horrela, zehaztu du 5.100-5.300 eskaera jasotzen direla urtero, nahiz eta aurten 6.126 izan diren.
Ángel Ansak (Navarra Suma) nabarmendu duenez, Gobernuaren akordio programatikoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko lehen matrikulak doakoak izatea bermatuko duen beka-sistema bat ezartzearen aldeko apustua jasotzen zuen, baina hori ez da zehaztu.
Ansak adierazi duenez, Navarra Sumak "hezkuntza askatasunaren aldeko apustua egiten du, hau da, behar gehien duten ikasle nafarrei ikastetxe publiko edo pribatuan nahi dutena ikasten laguntzea, muga bakarrarekin, estatu barnean izan dadila”, eta beka "ikaslearen errenta ekonomikoaren eta errendimendu akademikoaren arabera" ematea. Aurreratu duenez, Navarra Sumak mozio bat aurkeztuko du beken sistema berrikusteko, eta lan-mahai baten eraketa proposatuko du alderdi politikoekin eta unibertsitateko eragileekin, zentzu horretan akordioak lortzeko.
Javier Lecumberri (PSN) "bereziki harro" agertu da "Espainiako Gobernuan eta Nafarroako Gobernuan beken inguruan egiten ari diren lanagatik". Hala, adierazi duenez, Espainiako Gobernuak "ia % 22 handitu du bere aurrekontu-zuzkidura bekekin eta laguntzekin lotutako partidetan". Foru Gobernuaren kasuan, beken baldintzak hobetu direla defendatu du, eta "bekak eskatu eta baldintzak bete dituzten ikasle guztiek" lortu dituztela azpimarratu du.
María Solanak (Geroa Bai) positiboki baloratu ditu departamentuak beken deialdian sartu dituen berritasunak, “aldaketaren gobernuak aurreko legealdian adierazitako norabide berean doazenak". Gainera, "gakoa" Nafarroak arlo horretako eskumen guztiak bere gain hartzea dela uste du, "Nafarroarako beken politika espezifiko bat diseinatzeko, familiak eta ikasleak asebeteko dituen Nafarroako berariazko sistema batekin".
Arantza Izurdiagak (EH Bildu) esan duenez, "bost urte igaro dira aldaketaren gobernuak beken deialdian aldaketa garrantzitsu bat egin zuenetik, eta bost urte hauetan Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak adierazi du aldaketak legitimatuta zeudela, ez zirelako diskriminatzaileak, eta gainera, denboraren joanak erakutsi du beharrezkoak zirela eta UPNren deialdien desorekak eta bidegabekeriak zuzentzen zituztela". Horrez gain, Geroa Bairen planteamenduarekin bat egin du eta "funtsezkotzat" jo du Nafarroak beken eskumena bere gain hartzea.
Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) gogorarazi duenez, "2020-2021 ikasturtean matrikularen prezioaren murrizketa aplikatu zen, Unibertsitate Ministerioak ezarritako prezio publikoen ereduan aurreikusitakoarekin bat etorriz. Eredu horrek, gainera, prezioak 2011-2012 ikasturtean finkatutako zenbatekora itzultzea ezartzen du. Gazteen etorkizuneko itxaropenak hobetzearen aldeko apustua egiten da".
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) "kalitatea eta gizartearen zerbitzura dagoen lankidetza bilatzen duen unibertsitatea" defendatu du, "justuagoa, pluralagoa, kohesionatuagoa eta jasangarriagoa izan dadin. Horretarako, unibertsala izan behar du goi-mailako hezkuntzarako sarbideak, gazteek goi-mailako ikasketak inolako eragozpenik gabe egin ditzaten, eta are gutxiago eragozpen ekonomikoak badira”.