Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Urriak 18

Nafarroako jatorri-deiturako ardoen eta liburuen arteko lehenbiziko uztarketa egin du Parlamentuak

Unai Hualdek proposamenaren originaltasuna azpimarratu du, "etengabe garatzen ari diren sustrai sakoneko bi kultura uztartzen baititu: edizioa eta eta gure ardo famatuak"

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Jatorri-deiturako ardoak eta liburuak ekitaldietako lehena egin du gaur arratsaldean (bigarrena ostiralean eginen da). Ekitaldia Editargi Nafarroako Editoreen Elkartearekin batera antolatu da, eta bertan zenbait argitaletxeren lanak eta jatorri-deiturako ardoak uztartu dira.

 

Ekitaldia, zeina Liburutegi Publikoen IX. Biltzar Nagusia Iruñean egitearen kariaz sustatu baita, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek ireki du. Hualdek azpimarratu duenez, proposamenak etengabe garatzen ari diren sustrai sakoneko bi kultura uztartzen ditu: edizioa eta eta gure ardo famatuak.

 

Lehendakariaren esanetan, Editargik eta Jatorri-deiturak "etengabe garatzen ari diren bi mundu sustatzeko modu aproposa aurkitu dute. Bizitasun horrek orobat laguntzen du gure tradizioari eta sustraiei eusten; oraingo honetan, Nafarroan dugun ardo nahiz argitalpen aukera zabalaren zabalpena eginez. Eskerrik asko ekitaldi hau bideragarri egiteagatik".

 

Editargi Nafarroako Editoreen Elkarteko lehendakari Aritz Otazuk adierazi duenez, entitateak liburuak sustatzeko ekimenaren barruan kokatu behar da gaurko hau. Editargik Nafarroan "erregulartasunez" argitaratzen duten 14 argitaletxe biltzen ditu.

 

"Gure lanak hitzaldi, mintzaldi eta azoken bidez ezagutarazten ditugu. Gaur, modu bitxi honetan egiten dugu, liburutegi publikoetarako zer liburu erosten diren erabakitzeko ardura handia duen gremio batekin batera. Horrexegatik ekarri dugu argitaratu ditugun liburuen sorta txiki bat", azaldu du Otazuk.

 

Nafarroako Liburutegi Zerbitzuko zuzendari nagusi Asun Maestro pozik azaldu da, "liburuzainongandik hain hurbil dauzkagun eragileekin, editoreekin alegia, partekatzen ahal dugulako Biltzar honen alderdi soziala, aukera ematen diguna modu atsegin batez ezagutzeko gure lur honetan egiten den edizio-lana".