Nafarroako kultur jardueraren etorkizuna bermatzeko Ponentziak konklusioen txostena onetsi du
Artistaren Nafarroako Estatutua eta sektore publikoan kontratatzeko eta kudeatzeko jardunbide egokien kodea eskatu dira, eta kontratuei eta dirulaguntzei buruzko foru legeak aldatzeko deia egin da
Ia bi urtez lanean aritu eta 24 bilkura egin ondoren, Nafarroako kultur jardueraren etorkizuna bermatzeko neurriak adostea helburu duen Ponentziak gaur aho batez onetsi du konklusioen txostena.
Testua laster aurkeztuko zaio arloan eskumena duen batzordeari, eta han, adostasunari eusten bazaio, behin betiko onetsiko da. Txostenak aldaketak proposatzen ditu kontratu publikoei eta dirulaguntzei buruzko foru legeetan, jardunbide egokien kodea egin dadila eskatzen du sektore publikoan jarduerak kontratatzeko eta kudeatzeko, eta Artistaren Nafarroako Estatutuaren oinarriak ezartzea gomendatzen du.
EH Bildu talde parlamentarioak proposaturik, ponentzia 2021eko apirilaren 28an eratu zen, Nafarroako kultur jarduera duintzeko, egonkortzeko, areagotzeko eta haren etorkizuna bermatzeko neurriak zehaztu eta adostearren. Sektorean esku hartzen eta parte hartzen duten eragileek (erakunde publiko, lanbide-kolektibo, sindikatu eta askotariko entitateek) emandako aholkuak, proposamenak eta ekarpenak jaso ditu, eta hori guztia kontuan hartuta egin duen txostenean profesionalen babes juridikorako neurriak eta baliabide publikoen kudeaketan eta administrazioan eraginkortasuna areagotzeko iradokizunak bildu ditu.
Jardunbide egokien kodea lehenbailehen egin dadila eskatzeko zenbait arrazoi azaltzen dira, tartean “homogeneotasunik ez izatea segurtasunari, higieneari eta lan osasunari buruzko arauzko eskakizunak berrikusteko garaian”. Txostenak dioenez, “zurrunbilo gaizto” horretan “bidegabekeriak” gertatzen dira, halaber, langile autonomoen araubide bereziko betebeharrak betetzeari dagokionez.
Zorroztasun falta horrek, Nafarroako aisiaren eta kulturaren sektoreko hitzarmen kolektiborik ez izateari gehituta, “behin-behinekotasuna eta lehiakortasunik eza” areagotzen ditu, erakunde publikoen aldetik “ez plangintzarik ez sustapen politikarik” jasotzen ez duen lanbide horretan. Lan baldintzei buruzko esparru-akordioa –“ikuskapen eta kontrol” araubidea ere barne– lortzeko, proposatzen da negoziazio mahai bat sortzea eta sektoreko lanbide elkarteek bertan parte hartzea.
Eremu orokorrago batean, Kultura Departamentuaren aurrekontua % 1,5 igotzeko eskatzen da Europako estandarretara iristeko; komenigarritzat jotzen da administrazio publikoetan zer lanpostu behar diren aztertzea; kulturaren atari digital bat sortzea proposatzen da, zeinak, espezialitatekako katalogo eguneratu baten bidez, toki entitateen kontratazioa erraztuko baitu; tokiko taldeen kontratazioa aldezten da; eta hemengo folklore-elementuen sustapena aldarrikatzen da.
Bestalde, Ponentziak premiazkotzat jotzen du Artistaren Nafarroako Estatutua egitea. Estatuaren eskumenak galarazi gabe, estatutu horrek kultur jarduera “babestu, duindu eta bultzatu” behar du Foru Komunitatean, eta horretarako zerga eta lan neurri berariazkoak eskatzen dira, hala nola amateuraren figura arautzea, lanaren aldizkakotasunari erantzutea, diru-sarrerak eta kotizazio gabeko prestazioak bateragarri egitea (lanbidearteko gutxieneko soldataraino), eta errolda baten eta erakundearteko batzorde baten sorrera sustatzea, estatutua kudeatu, bultzatu eta betearazteko, Eskubide Kulturalei buruzko Legearen esparruan.
Beste arlo batean, kultur sektoreko lanbideak zehaztu eta arautzeko foru legearen idazketan –Eskubide Kulturalei buruzko 1/2019 Foru Legean jasotako eginbeharra– aurrera egiten ez dela ikusita, Ponentziaren txostenak Nafarroako Gobernua premiatzen du proiektua aurkez dezan, eta kontratu publikoei eta dirulaguntzei buruzko foru legeak aldatzeko eskatzen dio.
Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeaz hau argudiatzen da: arau hori “ez zaie egokitzen kultur jardueraren berezitasunei”, eta “ez du biderik ematen administrazio publikoetako kontu-hartze zerbitzuek interpretazio homogeneoa egin dezaten”. Hartara “berriz ere zigortzen du” sektorea.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari dagokionez, hainbat “akats” antzeman dira haren aplikazioan; besteak beste, deialdiak argitaratzen direnetik (bigarren seihilekoan) tarte laburra dagoela jarduerak egiteko, legez urte naturala bukatu baino lehen gauzatu behar baitira.
“Praxi oker” horrek, beste ondorio batzuen artean, “jarduerak urrian eta azaroan pilatzea” eragiten du, eta dirulaguntzak galtzea dakar, “deialdietan eskatzen diren baldintzak bete ezinda”. Hori konpontzeko, departamentuari eskatzen zaio lizitazioak urteko lehen zortzi asteetan argitara daitezela eta “laguntzen sistema hobea” antola dadila.
Nafarroako Parlamentuaren esparruan, eta zuzenean loturik haren arte bildumarako artelanak eskuratzeko irizpideekin, Ponentziak Mahaiari eskatzen dio gidalerro zehatz batzuk ezar ditzala “aldian behingo erosketa sustatzeko, Nafarroako arte eta kultura sektorea babestearren”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroa Suspertu Planean ondarearekin zerikusia duten neurriak gara ditzan, Mezenasgoari
buruzko Legea indartu, mugaz gaindiko koordinazio kulturala hobetu, Kulturaren I. Plan Estrategikoa ebaluatu, bigarren plana abian jarri, eta arte sorkuntzaren arloko unibertsitate-hezkuntzaren eskaintza aztertu eta, bidezkoa bada, abiaraz dezan.
Carlos Mena buru, Ponentzian honako kide hauek izan dira: Raquel Garbayo (Navarra Suma), Ana Ansa (Geroa Bai), Maiorga Ramírez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
Archivos adjuntos