Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Maiatzak 10

Nafarroako ordezkaritzak Brahim Gali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearekin egindako bilera batekin amaitu du Tindoufeko egonaldia

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente eta Fronte Polisarioko idazkari nagusi Brahim Galik harrera egin zion Nafarroako ordezkaritzari Tindoufeko egonaldiaren azken egunean.

 

"Nafarroako ordezkarien eta gizartearen elkartasuna" eskertu du Galik, eta saharar herria pairatzen ari den egoera “gogorra" dela ohartarazi du, "gerran gaudelako. Duela 48 urtetik hona anormaltasun egoera bizi dugu. Maroko ezkutatzen ari da gerra bat dagoela. Dena lapurtu digute eta borroka bertan behera uztea nahi dute, baina nazioarteko komunitateak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak kontzientzia pixka bat eta konpromisoak hartzeko eta gure independentzia lortzeko itxaropenarekin jarraitzen dugu".

 

Galik adierazi zuenez, "ziur gaude gure erresistentzia eta determinazioa, geurea denarekiko dugun atxikimendua eta egoera honekin amaitzeko borrokak saria izango duela, gure independentzia berreskuratuko dugula”.

 

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak aitortu zuenez, "bost egun hauetan saharar errefuxiatuen kanpalekuetan bizi izandakoak saharar kausaren enbaxadore bihurtzen gaitu. Ministroak, gobernadoreak, ANARASD eta ANAS egiten ari diren proiektuak eta, batez ere, saharar herriaren izaera, abegi ona, konpromiso komunitarioa eta emakume-boterea ezagutu ditugu".

 

Halaber, Hualderen hitzetan, "lanean jarraituko dugu, saharar herriaren erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta nazioarteko zuzenbidea errespetatzeko itxaropenarekin".

 

Smara probintziako Hezkuntza eta Integrazio Zentrora ere bisita egin zuten, errefuxiatuen kanpamentu batean aniztasun kognitiboa duten pertsonentzako lehen ikastetxea da. Zentroko zuzendariak azaldu zuenez, desgaitasunen bat duten pertsona horiek integratzea eta autonomia ematea da zentroan bilatzen dutena.

 

Ondoren, ordezkaritza Saharako Emakumeen Batasun Nazionalarekin bildu zen, eta emakume sahararra ahalduntzeko egiten dituzten programak azaldu zituzten. Emakumearen parte-hartze politikoa sustatzen dute. Bi ordezkaritzek esperientziak eta proiektuak trukatu zituzten, eta emakumearen ahalduntzean eta berdintasunean lan egiten jarraitzeko beharraz hitz egin zuten, saharar herriaren artean oso garatuta dagoen gaia.

 

Goizari amaiera emateko, Ala Andala Martirraren eskola bisitatu zuten. Nafarroako ordezkaritzak instalazioak eta hezkuntza eredua ezagutu zituen, eta gaztelania eta matematika klaseetan egoteko aukera izan zuten parlamentariek.