Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Maiatzak 31

Nafarroako Osasunaren egoera aztertzeko eta hobetzeko proposamenei buruzko osoko bilkura monografikoa

Domínguezek pazientea eztabaidaren erdigunean jartzeko eskatu du; UPNk, PPNk eta Voxek gobernuaren kudeaketa txarrari egotzi diote gainbeheraren erantzukizuna, eta gainerakoek arazo eta defizit kronikoez hitz egin dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak eztabaida monografiko bat egin du gaur, PPNren eta Voxen eskariz, Nafarroako Osasunaren egoera aztertzeko, “kudeaketa sanitarioaren akatsak aztertzeko, departamentuaren aurrekontua, zeina Nafarroako historiako handiena izan baita (2.019,65 milioi 2023an), eta plangintza faltak, itxarote zerrenden hazkundeak eta mediku eskasiak eragindako arazoak lotuz”.

 

Guztira, 16 ebazpen proposamen aurkeztu dituzte taldeek: UPNk 3, EH Bilduk 3, PPNk 2, Voxek 3, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek 2, PSNk 1, Geroa Baik 1 eta Contigo-Zurekinek 1. 10 onetsi dira, UPNren bi eta EH Bilduren hiru barne.

 

Bozeramaile bakoitzak 20 minutuko txanda bakarra izan du zer jarrera duten azaltzeko eta ebazpen proposamenak defendatzeko, gehienez ere hiru minutu talde parlamentario bakoitzeko. Gobernuak horrelako txanda bat izan du zer jarrera duen zehazteko.

 

PPNk “erabaki politiko okerrak” aipatu ditu

 

Irene Royok (PPN) eman dio hasiera osasunari buruzko osoko bilkura monografikoa. María Chivite buru duen Gobernuaren “kudeaketa txarraren eta erabaki politiko okerren ondorioz” foru komunitateko osasun publikoak gainbehera egin duela salatu du.

 

Alderdi Popularreko kidearen ustez, foru komunitatean “kudeaketa arazo oso argia dago, ez baita behar bezain efizientea osasunera bideratzen diren baliabideekin”; izan ere, “Espainia osoan zerga gehien ordaintzen duen komunitatea da, baina ez ditu zerbitzu publiko onenak”.

 

Aipatu duenez, herritarrek Nafarroako osasun sistemaren zerbitzu publikoaz “gozatzen ahal zuten, bai eta hartaz harro egon ere”; halere, “azken urteetan beheranzko joera kezkagarria izan du”.

 

Errealitate horren isla dira “maximo historikoetara” iritsi diren itxarote zerrendak: martxoan 66.000 pertsona baino gehiago zeuden lehen kontsultarako zain, eta 114 eguneko itxaronaldia zuten batez beste. Kanariek eta Andaluziak soilik gainditzen dute.

 

Gainera, osasun sistemarekiko gogobetetzeak behera egin du, alegia, 2011n 7,23koa zen, eta 2023an 6,6koa. Iaz, herritarren % 73k zioen osasun publikoa okerrera egin duela. Aseguru pribatuen kopurua “ia biderkatu egin da, 2015ean 40.079 izatetik 2023an 75.261 izatera igaro baita”, eta egoera horrek “kalte egiten die osasun pribatua ordaindu ezin duten erdiko klaseko eta langile klaseko pertsonei. Osasun mailan Nafarroak bi abiadura izatea eragiten ari dira, eta, horrela, landa eremuekiko desberdinkeria gehiago sortzen dira”.

 

Royok ziurtatu duenez, Chivite presidentea “ahal bezain laster baztertu zen”, eta bere kideari (Geroa Bai) eman zion langile eta aurrekontu gehien duen departamentua, “gobernu egitura pantagrueliko baten parte dena, botere banaketa gozo bat bultzatzeko soilik pentsatua”.

 

Egoera horri buelta emateko proposamenen artean, PPNko bozeramaileak “biztanleriaren banaketa geografikoaren eta zerbitzu medikoen eskariaren azterketa zehatza” egiteko beharra planteatu du, eta kupoak berrantolatzeko eta etengabeko arreta biztanleria irizpideekin emateko lanari ekitea.

 

Era berean, lehen mailako arreta desburokratizatu eta indartzearen alde egin du, baita erizainen eta osasun teknikarien alde apustu handiagoa egitearen alde ere, horiei gaitasun gehiago eta baldintza hobeak emanez eta, horrela, mediku falta arinduz.

 

Halaber, alde batetik, langileak indartzeko eta erakartzeko neurriak ezartzeko eskatu du, haien beharrak ebaluatuz, eta, bestetik, antolaketa sistema berri baterantz aurrera egiten laguntzeko.

 

UPNk “ausardia” eskatu dio Osasun Departamentuari OSren “egoerari buelta emateko”

 

Leticia San Martín UPNko bozeramaileak “ausardia” eskatu dio departamentuari “nafarrek osasun sisteman sartzeko dituzten arazoak konpontzeko”, izan ere, “ez dakigu funtzionatzen duen, ezin baitugu bertara sartu”.

 

Horren ildotik, gogorarazi duenez, “osasuna da gure herrialdean kezka gehien sortzen duen bigarren arazoa, ekonomiaren ondoren". Zehazki, “Nafarroan, herritarrek 6,6ko nota ematen diote osasun sistemari, hots, ez da oso ongira iristen, eta etengabe jaisten ari da”. Horrez gain, “heren batek uste du aldaketa sakonak egin behar direla edo erabat aldatu behar dela”.

 

“Osasun sistemak aldaketa konplexuak behar ditu, ondorio politiko, ekonomiko eta sozialak ekarriko dituztenak”, aitortu du, eta “Osasun Departamentuan ausardia falta dela” salatu du. “Ausardia hori ez dugun bitartean, ez dugu egoerari buelta ematea lortuko”.

 

Fernando Domínguez kontseilariari esan dionez, “ez da nafarrek osasun sistemarekin dituzten arazoak konpontzen ari. Oinarrizko zerbait da, adibidez, arrazoizko epean izatea hitzordua lehen mailako arretan edo espezialistekin eta, ondorioz, osasun pribatura joan beharrik ez izatea”. “Herritarrei eragiten dieten benetako arazoak dira”, azpimarratu du.

 

Lehen mailako arretari dagokionez, “edozein aldaketarekiko oso sentibera dela jakin behar dela” esan du, “herritarrekiko lehen kontaktua dela”, eta, beraz, “edozein aldaketak edo arazok eragin handia duela harengan”.

 

“Datuek erakusten dute azken urteetan bikoiztu egin dela hitzordua jasotzeko 5 egun baino gehiago itxaroten duten pertsonen kopurua”, eta, haren iritziz, prozesu hori “oztopo lasterketa” bihurtu da.

 

“Goizeko 8etan deitu behar da, baina telefonoguneak kolapsatu egiten dira. Hortaz, bertara joan behar dugu, baina zenbait osasun zentrotan ilarak daude hitzordu bakan horietakoren bat hartzeko”, adierazi du.

 

Orobat, salatu duenez, “mugikorraren bidez osasun karpeta erabiltzen dugunontzat, hau da, XXI. mendean gaudenontzat, are gehiago zailtzen da prozesua”. “Atzo hainbat osasun zentrotan hitzorduak bilatzen saiatu ginen. Iruñeko Alde Zaharrean ekainaren 14rako ematen ziguten, Ardoikoan 19rako, eta Tuterako Santa Anan, uztailaren 31rako. Inoiz ez da halakorik ikusi foru komunitatean”, nabarmendu du.

 

Halaber, mediku faltaren salaketaren aurrean, jaso duten erantzun bakarra “Nafarroan arazoa ez dela Estatuan baino handiagoa” izan dela gogorarazi du. Hori “ez dugu ukatzen, baina per capita gastuan buruan gaude”, gaineratu du.

 

Arreta espezializatuari dagokionez, “abuztuan 65.900 pertsona zeuden itxarote zerrendan, eta apirilaren amaieran 66.900, hau da, mila pertsona gehiago”. “Hilean 1.000 pertsona gutxiago egongo zirela agindu ziguten. Porrota da hori. Zenbat diru gastatuko dugu itxarote zerrendak handitzen jarrai dezan?”, protesta egin du.

 

Mamografiei buruz, “osasun pribatura jotzera behartzen” dutela salatu du; izan ere, “Nafarroa pandemiaren ostean bularreko minbiziaren baheketa okerren kudeatu zuen erkidegoetako bat izan zen”. Probak 24 hilean behin egitera itzultzea proposatu du.

 

PSNk osasun lege berri baten alde eta lehen mailako arreta indartzearen alde egin du

 

Maite Esporrínek (PSN) osasun lege berri bat onestearen eta lehen mailako arreta indartzearen aldeko apustua egin du ostiral honetan, “osasun arazo gehienak konpondu ahal izateko”.

 

Bere azalpen txandan, Esporrínek “funtsezkoa” ikusi du “osasunari buruzko foru lege berri bat lehenbailehen aurkezten ahal izatea”; izan ere, indarrean dagoenak 30 urte ditu, eta, oso emaitza onak eman dituela onartu duen arren, “egungo testuingurua desberdina” dela eta “garai berriekin bat datorren arau bat” behar dela uste du, “osasuna antolatzeko eredu berri batekin, konpromiso erreal eta errealistekin eta erantzun juridikoak emanen dituena”.

 

Haren iritziz, eredu berri bat behar da lehen mailako arreta “indartsua, ahaldundua, erabakitzailea, autonomoagoa eta Nafarroako osasunaren erreferentea” izan dadin. Eredu hori “osasun-sistemaren ardatz egituratzaile” bihurtuko da, osasun-arazo gehienak konpontzen ahal izateko, baina “beharrezko errefortzuak” eta laguntza administratibo eta teknologikoa izanen ditu, eta haren desburokratizazioan sakonduko da.

 

Itxarote zerrenden harira, “hartzen ahal diren neurriak hartzen ari dira”, ziurtatu du, eta “zentzuzko denbora itxaron behar da eraginkorrak diren ikusteko edo alternatibak bilatzeko”.

 

Gogorarazi duenez, Espainian eta Europan Nafarroa da pertsonek bizi itxaropen handienetakoa duten erkidegoetako bat, eta horrek “lehentasun” bihurtzen du “autonomia pertsonala sustatzea”, “zahartze aktiboa”, pertsonak beren osasunean gehiago inplikatzea eta “laguntzaren antolaketa eredua birpentsatzea”.

 

Orobat, funtsezkotzat jo du plantillak fidelizatzea eta betetzen zailak diren plazak sustatzea, “profesionalen ihesa eta lehen mailako arretaren deskapitalizazioa eragotziko duten” ordainsari hobekuntzen bidez, baita familiako erizain komunitarioei eskumen gehiago ematea ere.

 

Esporrínek beharrezkotzat hartu du telemedikuntzaren eta telemonitorizazioaren ezarpenean aurrera egitea, “behar duten kasuetan aurrez aurreko arreta ahaztu gabe”.

 

Era berean, adimen artifizialak Nafarroako osasunarentzat izan dezakeen interesa azpimarratu du, “osasun arloko profesionalen produktibitatea hobetzen laguntzeko”, baina betiere “pazienteen konfiantzatik eta segurtasunetik”.

 

Adierazi duenez, teknologia horrek “desburokratizazioari lagundu behar dio” eta “profesionalei denbora gehiago uzteko balio behar du”, baina aurrerapen horiekin batera eraso informatikoen aurrean babes ona eman behar dela ohartarazi du.

 

EH Bilduk “lehen mailako arreta berrantolatzea eta OSren ardatz bihurtzea" eskatu du

 

Txomin González EH Bilduko bozeramaileak “lehen mailako arreta berrantolatzea eta osasun sistema publikoaren ardatz bihurtzea” eskatu du. “Osasunaren eta gaixotasunaren prozesuaren fase guztiei helduko dien lehen mailako arreta behar dugu, ingurune osasungarriak sustatzetik hasita osasun arretaren ondoren berriro gizarteratu eta laneratzera arte. Erronka handia da, baina ezinbestekoa da horri aurre egitea”, baietsi du.

 

Gonzálezek interesa agertu du “foru komunitatean osasunak dituen arazo handienak proposatu, hobetu eta aztertzeko, horiek zuzentzen saiatze aldera, erronka asko baititugu”.

 

“Osasunaren zeharkakotasuna departamentuak garatu behar duen ildo estrategikoetako bat izan behar da, osasunaren baldintzatzaileen arabera: ingurumenekoak, lanekoak, elikagaienak, hizkuntza eskubideak, gizarte zerbitzuak eta gainerako osasun-zerbitzuak”, proposatu du.

 

Horren ildotik, “politika publikoek pertsonen eskubideak bermatzen dituzte, eta, beraz, beharrezkoa da ekitate irizpideak izatea horien gidari”, esan du.

 

“Zalantzarik gabe, pazientearen eta haren familiaren arreta hobetzearen alde egiten dugu, hainbat frontetatik mehatxatutako osasun sistema baten jasangarritasuna bermatuz”, adierazi du.

 

Nafarroako osasun zerbitzuak azken hamarkadatik izan dituen “arazo eta defizit kronikoak” azpimarratu ditu Gonzálezek. “Aurreko bi legegintzaldiek, inbertitzeko ahalegina berreskuratzeko balio izan zuten arren, ez dituzte arazo horiek guztiak konpondu, hala nola itxarote zerrenden kontrola, krisia amaitu zenetik 8 urte geroago hazten jarraitzen baitu”, deitoratu du.

 

Itxarote zerrenden % 50 hartzen dituzten bost espezialitateak ere aipatu ditu EH Bilduko parlamentariak: traumatologia, dermatologia, oftalmologia, errehabilitazioa eta bizkarrezurra. “Legegintzaldiko 8 hilabeteren ondoren, atzerapen denbora luzeegiak izaten jarraitzen dugu, eta itxarote zerrendan dagoen jendea pilatzen ari da oraindik”; izan ere, haren ustez, “ez dago ohiko jarduera ebaluatzeko sistema eraginkorrik”.

 

Horregatik, “lehentasunezkoa da osasun sistema publikoa indartzea, itxarote zerrenden bermeei buruzko legea betetzen ahal izateko, bai eta hura eraldatzea ere, lanketa integral eta kausa anitzeko batetik, pertsonak denbora eta modu egokian artatzen direla bermatzeko”.

 

Gonzálezek ospitale oheak ugaritzea eskatu du, “zerbitzuak kolapsatzea saihesteko”, baita “lehen kontsultan irtenbidea aurkitzeko gaitasuna sustatzea ere, beharrezkoak ez direnean bigarren kontsultak eta hurrengoak saihesteko”.

 

“Premiazkoa da Osasunbidea berritzea. Kalitate estandarrak bermatu, eta gainerako erkidegoentzat erreferentzia bihurtu behar gaitu. Bizitza baldintza duinetan mantentzeko beharrezko zaintzak eskainiko dituen sistema izan behar du”, aldarrikatu du.

 

Geroa Baik sistema publikoaren efizientziaren eta osasun mentala sustatzearen alde egin du

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) “Osasun sistema publikoa efizientea” egitearen alde egin du ostiral honetan, “arlo pribatua posizio osagarri eta subsidiarioan jarriz”, eta osasun mentalaren sustapena lehentasuntzat jo du.

 

Osasun mentala eta osasunaren berrikuntza dira Geroa Baik aurkeztutako proposamenen ardatza, eta, ildo horretan, Aranburuk zehaztu duenez, “osasuna ezin da osasun sistemarekin bakarrik parekatu, PPk egin duen bezala, ezta osasun egoera itxarote zerrendekin bakarrik parekatu ere”.

 

Adierazi du Osasun Departamentuari ez ezik gobernu osoari dagokiola osasunean eragina duten eremu guztiak kontuan hartzea, eta, ondoren, Geroa Bairentzat “hori ongizatea bultzatzea eta osasun arloko desberdinkeriak murriztea helburu duen politika aurrerakoi baten oinarri funtsezkoa eta saihestezina” dela azpimarratu du, “pertsona baten osasun egoera benetan baldintzatzen duten faktoreak pobrezia eta gizarte bazterketa direlako".

 

Osasun politikari dagokionez, esan du sistema publikoaren kalitatea sustatzera eta indartzera bideratu behar dela, eta, horretarako, baliabideak efizientziaz kudeatu behar direla. Horren harira, Aranburuk azaldu du “unibertsaltasunaren, ekitatearen, elkartasunaren, gardentasunaren, partaidetzaren eta jardunbide egokien printzipioei erantzuten badiete bakarrik funtzionatzen dutela sistemek”, bai eta behar berrietara egokitzeko eta erantzun koordinatuak emateko gaitasuna duten zerbitzuak badituzte ere.

 

Geroa Baiko bozeramaileak Osasun Departamentuaren kudeaketa defendatu du, eta legegintzaldiaren hasieran lehentasunezkotzat jo zituzten gaietan urrats “handiak” eman direla azpimarratu du, baina “asko” dagoela egiteko onartu du; gai garrantzitsuak dira, eta planifikazioa, baliabideak eta finantzaketa behar dute.

 

Ildo horretan, “giltzarritzat” hartu du osasun arretaren eredu berri bati babesa emanen dion osasun legea onestea, eta aurrekontu politika “nahikoa, efizientea eta gardenaren” alde egin du. Departamentuak esku artean duen osasun planarekin batera joanen den osasun legearen inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzea espero du.

 

Sistemaren ardatz gisa lehen mailako arreta jarri du, eta horren inguruan adierazi du “ez dela beharrezkoa PPk proposatzen duen bezalako azterketa bat egitea”. Gainera, sistema berritzeko urratsak ematen ari direla ziurtatu du, baliabide gehiagorekin eta irtenbidea aurkitzeko gaitasunarekin. Esan duenez, osasun zentroek “kudeaketa autonomia handiagoa izan eta beren osasun-eskualde oinarrizkoko behar zehatzetara egokitu behar dute”.

 

Itxarote zerrendei buruz —“batzuek gobernua mintzeko erabiltzen dituzte”—, gaineratu du “departamentuak ahalegin guztiak egin dituela horiek laburtzeko, eskura dituen neurri guztien bidez”. Eta UPNko bozeramaileak emandako itxarote datuei erantzunez esan du berak apirilaren amaieran eskatu zuela hitzordua Alde Zaharreko osasun zentroan, telefonoz, eta egun horretan bertan izan zuela kontsulta.

 

Kontigo-Zurekinek faktore sozioekonomikoak kontrolatzea proposatu du osasuna hobetzeko

 

Daniel López Contigo-Zurekineko bozeramaileak ohartarazi du garrantzitsua dela faktore sozioekonomikoak kontrolatzea herritarren osasuna hobetzeko, eta lehen mailako arreta indartzeko eta itxarote zerrenda luzeak laburtzeko eskatu du, talka planetatik haratagoko neurriekin.

 

Bere txandan, Lópezek azpimarratu du garrantzitsua dela baldintzatzaile sozioekonomikoak “detektatzea eta horien gainean jardutea”, herritarren osasunean eragin positiboa izate aldera; izan ere, “gaixotasun gehienek gutxien dutenei eragiten diete gehien”, eta eskolatze maila, etxebizitza eta enplegua dira hiru baldintzatzaile nagusiak.

 

“Ezin diogu utzi osasun mentalari, osasun fisikoari edo bizi itxaropenari errenta mailaren edo bizi garen eremuaren araberakoa izaten”, defendatu du. Horrez gain, gai hori zeharkako ikuspegi baten bidez lantzea komeni dela nabarmendu du, eta, horretarako, osasunari eragiten dioten faktore sozial horien diagnostikoa lantzen duen departamentu arteko batzorde bat sortzea.

 

Contigo-Zurekineko bozeramaileak lehen mailako arreta indartzearen aldeko apustua egin du, “esku hartze sanitario integralaren oinarri izanen den eta autozainketak bultzatuko dituen ardatz gisa” funtzionatuko duten taldeak eratuz. “Itxarote zerrenden eta antzeko arazo askoren konponbidea” dela uste du.

 

Gai horri dagokionez, itxaronaldiak murrizteko neurriak “ez dira talka planetan soilik oinarritu behar, departamentuaren gainerako esku hartzeei lotuta egon behar dute”, hausnartu du.

 

Osasun mentalak duen erronkaz ohartarazi du Lópezek; izan ere, azken urteetan kezka nabarmenagoa bihurtu dela onartu arren, “osasun-sistema guztien katebegi ahulenetako bat izaten jarraitzen du”.

 

Era berean, beharrezkotzat jo du osasun lege berri bat onestea, oraingoak 30 urte dituelako eta “ez dituelako Nafarroako egungo gizartearen beharrak aitortzen eta islatzen”.

 

Lópezek aipatu duenez, departamentuak “pandemiaren eragina jasan zuen, eta errekuperazio prozesua ez da behar bezain azkarra izan”. Horren ondorioz, “denbora darama urritasunekin, eta horiek, adibidez, behar den osasun laguntza jasotzeko aukera mugatzen dute”.

 

Horrelako arazo korapilatsuen aurrean, “ez dago konponbide magikorik”, gogorarazi du, baizik eta “etengabeko lana eta neurriak aplikatzea”, horietako asko “egiturazkoak”.

 

Eskuina aipatu du zentzu horretan: “pandemiak inoiz ikusi gabeko estresa eragin zion gure osasun sistemari, baina nondik gentozen eta PPren errezetak ikusita, eskerrak ez zeudela nafarren osasuna unerik txarrenean kudeatzeko”, esan du.

 

Voxek osasun arloko profesionalen aurkako erasoen aurrean jarduteko eskatu du

 

Maite Nostik (Vox) proposatu du osasun arloko profesionalen aurkako erasoetan jartzea arreta, eta osasun txartel indibidualak estatuko lurralde osoan berdin erabiliko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea.

 

Proposamen horiei beste batzuk gehitu dizkie, hala nola herritarrei terapia okupazionalaren garrantzia eta arlo horretan herritarren eskura jartzen diren bitartekoak ezagutarazteko kanpainak sustatzea.

 

Nostik bere esku hartzearen hasieran adierazi duenez, 2023an Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalen 647 kanpoko eraso egon ziren, eta langileen % 4,9ri eragin zieten. Horietatik, 10etik 8 ez-fisikoak izan ziren; % 83,7 emakumeek jasan zituzten, eta % 16,2 gizonek.

 

Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzua aipatuta, esan du horiek eragin dituzten faktoreen artean daudela jasotako arretarekin gustura ez egotea, itxaronaldiak edo proba eta txostenekiko desadostasunak.

 

Autobabeserako eta gatazkak konpontzeko ikastaroak ematen ari direla jakinarazi ondoren, “oso garrantzitsutzat” jo du medikuen bulegoek irteera irisgarriak eta alarma sistemak izatea.

 

Nostik azpimarratu du, halaber, beharrezkoa dela salaketa jartzea eta Foruzaingoaren osasun solaskidea sustatzea, “figura hori ez baita oso ezaguna”, eta, haren iritziz, “oso baliagarria litzateke haren berri ematea”.

 

Voxeko bozeramaileak gogorarazi du 2015etik Zigor Kodeak atentatu ekintzatzat hartzen dituela lanean ari diren irakasleen eta osasun langileen aurkako erasoak, eta, ondoren, aditzera eman du lanbide elkargoek eta sindikatuek “osasun arloko erasoei buruzko lege espezifiko bat” eskatzen dutela, bai eta alarma sistemak eta protokoloei eta baliabideei buruzko prestakuntza ere. “Covid garaian hainbeste sakrifikatu ziren osasun langileek merezi dute orain haietaz oroitzea”, esan die parlamentariei.

 

Egin duen beste proposamenetako baten helburua terapia okupazionala bultzatzea da. Azaldu duenez, terapia horren xedea da pertsonei independentziaz moldatzea eragozten dieten desgaitasun eta oztopo fisiko, psikiko, sentsorial edo sozialak prebenitzea edo gutxitzea.

 

“Gero eta pertsona gehiagok beharko dituztenez tratamendu horiek”, Nostik beharrezkotzat hartu du horiek Nafarroako Osasun Zerbitzuan eta lehen mailako arretako zentroetan txertatzea.

 

Hirugarren proposamenaren jomuga da Osasun Ministerioari eskatzea ahalik eta lasterren har ditzala beharrezko neurri tekniko eta arauemaileak, estatuko lurralde osoan osasun txartel indibidualaren erabateko baliozkotasuna eta historia klinikoen elkarreragingarritasun eraginkorra bermatuko duen sistema bat ezartzeko.

 

Osasun kontseilariak maiatzeko itxarote zerrendetan hobekuntza nabarmena egon dela iragarri du

 

Parlamentuko osasunari buruzko osoko bilkura monografikoan, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Fernando Domínguezek iragarri du foru komunitateak itxarote zerrendetan hobekuntza nabarmenarekin amaituko duela maiatza; irailetik izandako daturik onenak dira.

 

“Azken orduetan sistema hautsi ez bada behintzat, zifrak irailetik hona onenak izanen dira, aurkeztutako neurri guztiak daudelako martxan, eta sistema, berriz, ia % 100ean”, iragarri du kontseilariak, eta, itxarote zerrenda hilean 1.000 pertsonatan murrizteko konpromisoa bete ezin izan duela onartu arren, zifra berriek “hori posible” dela erakusten dutela ziurtatu du.

 

Bermeen legea ez betetzeari buruzko kritikaren haritik, hau planteatu du: “agian proposatu behar dena da lege hori eguneratzea eta pazienteentzat benetan baliagarri egitea, egungo egoerak ez baitu zerikusirik 2008koarekin”.

 

Domínguezek onartu du lehen mailako arretako sarbiderako “arazo handiak dituztela zentro batzuek”, baina egoera hori orokortzea “bidegabetzat” hartu du “langile gehienei eta gerentziaren eta arloko hiru zuzendaritzen ahaleginari dagokionez”, zentro batzuek oso ondo funtzionatzen dutelako, eta “guztietan, premiaz joz gero, unean bertan artatzen delako”.

 

Lehen mailako arretaren egungo planteamenduak 40 urte ditu, eta, jakinarazi duenez, “antolaketaren norabidea aldatu” behar da, egiten ari diren lanaren ildotik. Horri dagokionez, bozeramaileei aurpegiratu die egiturazko aldaketak eskatzen dituztela etengabe, baina gero horiek egiten direnean kritikatu egiten dituztela. Hala bada, “profesionalen berrantolaketa beharrezkoa” dela defendatu du.

 

Ospitale sarearen harira, esan du “urrats bat aurrera egin eta zenbait espezialitatetan eremu bakarrak sortu behar direla”, bereziki profesionalen gabezia handiena duten espezialitateetan.

 

Kontseilaria haserre agertu da oposiziotik egindako kritikekin. Izan ere, “mezu katastrofista berberak erabiltzen ditu beti, proposamen zehatzik egin gabe, 5.000 milioiko aurrekontua eta 17.000 langile izanen bagenitu bezalako proposamenekin”.

 

“Nafarroako osasuna bikaina da, nahiz eta batzuek hala ez iritzi”, esan du, eta argitu du hori horrela dela, ez beragatik ez departamentuko goi-kargudunengatik, baizik eta “bertan egunez egun lan egiten duten profesional guztiengatik” eta kolore desberdinetako gobernuen pean “urteetan zehar eraikitzen joan den erakundearen kudeaketaren sendotasunagatik”.

 

Aurrekontuari helduz gero, “egin litekeen kritikarik zentzugabeena historiako altuenak direla esatea da”, izan ere, “osasunean ez da gastatzen, inbertitu egiten da eta hori garestia da, eta urtetik urtera gero eta gehiago”. Orobat, ziurtatu du ez direla osasunean gehien gastatzen duen Espainiako erkidegoa, eta aurrekontua benetako gastuarekin ez nahasteko eskatu du, arlo horretan urteak daramatzatelako hirugarren postuan.

 

Osasuna “laguntza baino askoz gehiago da”, gogorarazi du. Horrez gain, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututik, Miguel Servet Fundaziotik edo Osasun Zuzendaritza Nagusitik egiten den lana aldarrikatu du. Erakunde horiek “erronka oso handiak dituzte mahai gainean, baina laguntzaren arlokoek baino hots gutxiago ateratzen dutenez, ahaztu egin da horiek aipatzea edo ez dira aipatu nahi izan”.

 

Ildo horretan, honako hauek nabarmendu ditu: osasunari buruzko foru lege berria egitea, garraio sanitarioko enpresa publikoa martxan jartzea, osasun plan berri bat egitea, produktu farmazeutikoak modu justu eta arduratsuan arautzea, minbiziaren baheketa batzuk zabaltzea, itunpeko zentroekin hitzarmen berriak sinatzea edo ingurumen osasuneko proiektuak garatzea.

 

Esku hartzeak amaituta, aurkeztutako 16 ebazpen proposamenak bozkatu dira.