Nafarroako Parlamentuak ‘Gizon-emakumeak ukabilak gora. Komunismoaren 100 urteak Nafarroan’ erakusketa inauguratu du
Ekainaren 30era arte egonen da zabalik Nafarroako komunismoaren historiari buruzko atzera begirakoa, PCE-EPKren eskariz antolatua haren mendeurrenean
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian Gizon-emakumeak ukabilak gora. Komunismoaren 100 urteak Nafarroan erakusketa inauguratu du, irudi eta agirien bilduma bat, ibilbide komunistari datxekion diskurtso “emantzipatzaile eta eraldatzailearen” indarra azaltzen duena. PCE-EPK da indar horren lekuko bere mendeurrenean.
Hasierako hitzaldian, Unai Hualde pozik agertu da horrelako erakusketa bat hartu ahal izateaz. Espero du “gogorarazteko” balioko duela eta lagunduko duela “sekula berriro gerta ez daitezen garai bateko faxismo agerraldiak, indarkeria eta legez kanporatzeak, Nafarroako eta Estatuko historia politikoaren osagai direnak, alderdi komunista bera bezala. Garrantzitsua da hautatzeko dugun askatasuna balioestea, are gehiago orain, iragan iluna berritu nahi diguten kantu populistak azaltzen ari direla, demokrazia pluralaren kontrakoak”.
Testuinguru horretan, lehendakariak adierazi du ona dela “ehun urtetik gorako jardunean beti sineste berak, garaiei egokituta, mantendu dituzten talde politikoak oroitzea. Politika beti bideratu behar da herritarren bizi kalitatea hobetzera. Erakusketa honek pisu handiko mugimendu politiko eta ideologia baten ikuspegia eskaintzen digu, langile borrokei, sindikatuei, gizarte mugimenduen eta memoria historikoaren eskakizunei lotua”.
Azkenik, Unai Hualdek azpimarratu du zein garrantzitsua den “hitza, desberdinen arteko ideia kontrastea: horixe du ezaugarria egungo jokaleku demokratikoak, eta alderdi komunistak eta beste ideologia batzuek jasan zuten jazarpenetik urrun dauden proposamen politikoez gainezka dago. PCE-EPKren historiak erakusten duenez, demokraziaranzko bidea gehiegitan egon da oztopoz betea. Eskerrik asko”.
Jarraian, Isabel Burbano Nafarroako PCE-EPK-ko idazkari politikoak nabarmendu du harro dagoela “ukabila gora duten gizon-emakume guztiak aldarrikatzeaz, Nafarroako bizitza politikoan parte hartu dutenak edo parte hartzen ari direnak, gizarte zuzena eta berdintasunezkoa lortzeko asmotan”.
Horri dagokionez, Burbanoren hitzetan “komunista nafarrek jazarpen, umiliazio eta legez kanporatzez betetako bidea egin dute. Ia denbora gehiago eman dute ezkutuan, baina betiere historia aldatzeko ahaleginetan. Gure militantzia oroimen demokratikoa da. Gehiengo sozialen premiak asetzeko gai diren aliantza politikoak indartzeko tresna. Ohorea da Nafarroako Parlamentuan erakusketa hau inauguratzea”.
Ondoren bisita gidatua egin da eta Eduardo Mayordomo erakusketako koordinatzaileak erakusgai dagoen edukiaren azalpena egin du bere testuinguruan kokatuta.
Gizon-emakumeak ukabilak gora. Komunismoaren 100 urteak Nafarroan erakusketa hainbat panelek osatzen dute. Horietan ikusgai daude argazkiak, kartelak, agiriak, egunkarien ebakinak eta biografia aukeratu batzuk, PCE-EPKren historia laburbiltzen dutenak haren mendeurrenean. Legebiltzarraren egoitzako atalondoan jendearentzat zabalik egonen da ekainaren 20ra arte, astelehenetik ostiralera, ostegunetan salbu, 10:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohi denez, erakusketa hau Kultur Atrio programaren barnean dago. Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik ateak zabaltzen ditu programa horretan eta babesa eskaintzen die askotariko arte- eta zabalkunde-ekintzei.
Erakusketaren hasierako ekitaldi ofiziala Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Inma Jurío, Mahaiko lehen lehendakariordea; Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria; Blanca Regúlez (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra); Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria; Martín Zabalza, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia; Jon Hernández, PC-EPK-ko idazkari nagusia; Carlos Guzmán, IEko koordinatzaile nagusia, eta Begoña Alfaro, Podemos-Ahal Duguko idazkari nagusia.