Nafarroako Parlamentuak 1978ko sanferminetako gertakariekin lotutako kereilaren alde dagoela berretsi du
Diktaduraren eta trantsizioaren testuinguruan motibazio politikoko ekintzen biktimei justizia, errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko eskubidearekin duen konpromisoa berritu du Ganberak
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez, Ganberak, “kontuan izanda Giza Eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidean, Espainiako Konstituzioaren 10.2 artikuluan eta Memoria Demokratikoaren urriaren 19ko 20/2022 Legearen 2. artikuluan ezarritakoa, deklaratzen du frankismoak diktaduraren eta trantsizioaren garaietan zehar egindako krimenak gizateriaren aurkakotzat jo behar direla ondorio guztietarako”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean adierazten duenez, Nafarroako Parlamentuak “errepikatzen du babesa ematen diela 1978ko sanferminetan poliziak tiroz hildako Germán Rodríguez Saizen senideek jarritako kereilari, “Sanfermines 78-gogoan!” elkarteari eta jai horietan izandako gertakari izugarrien ondorioz larriki zauritutako beste hainbati, azken 46 urteotan erreklamatu den justizia behingoz erreala izan dadin”.
Era berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “aipatu den 16/2019 Legearen bidez jadanik hasitako zereginean jarrai dezan, eskuin muturreko taldeen nahiz funtzionario publikoen ekintzen biktimen errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko”.
UPNk zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titularrek onartu ez dutena, eta asmoa zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “ezker muturreko edo ezker abertzaleko taldeen biktima nafarren aitortzan eta erreparazioan lan egiten jarrai dezan”.
Zioen azalpenean, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sustatutako ebazpenaren arabera, beharrezkoa da "justizia, errekonozimendua eta erreparazioa” aldarrikatzea “motibazio politikoko ekintzen biktimentzat, diktaduran eta trantsizioan egindako gizateriaren aurkako krimenen" testuinguruan, "1978ko sanferminetako polizia-erasoa" bertan kokatzen baita.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak azken hamar urteetan egindako lana aldarrikatzen da, “aitzindaria izan baita”, eta oroitarazten da maiatzaren 27an martxoaren 26ko 16/2919 Foru Legearen babesean aitortutako (16/2919 Foru Legea, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoa) lehen hamabi biktimei egindako omenaldi publikoa.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (85. NPAO, 2024-06-11koa)
Archivos adjuntos