Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Uztailak 1

Nafarroako Parlamentuak 2021eko ekitaldiko 2,67 milioi euro itzuli dizkio Foru Ogasunari

Comptosek talde parlamentarioen eta alderdien arteko lankidetza-harremanak formalizatzeko hitzarmenak sinatzea gomendatu du, eta Ganberaren kontabilitate-kudeaketa bermatu du

Kontuen Ganberak emandako fiskalizazio-txostena ikusita, Nafarroako Parlamentuaren 2021eko ekitaldiko Kontuak onestea erabaki du Eledunen Batzarrak.

 

Halaber, onetsitako likidazioarekin bat etorriz, gastatu gabeko 2.672.408 euro Foru Komunitatearen Diruzaintzari itzultzeko agindua ematea erabaki du, 2020an baino % 6 gehiago.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuaren 2021eko kontuak eta horiei buruz Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio txostena erakundearen web-orrian eta aldizkari ofizialean argitara daitezela agindu da.

 

Foru Legebiltzarraren 2021eko Aurrekontuen likidazioari dagokionez, nabarmendu behar da, hasiera batean 14.596.900 euroko aurrekontua onetsi bazen ere, aurrekontu bateratua 14.965.146 eurokoa izan dela, aurreko ekitaldiko 368.246 euroko kredituak gehitzeko egin diren aurrekontu-aldaketen ondorioz.

 

Gastuen aurrekontutik 11.981.283 euro exekutatu dira -2020an baino % 2,4 gutxiago-; horrenbestez, aurrekontu horren % 80,00 bete da, eta ordainketena % 99.

 

Diru-sarrerei dagokienez, aurrekontutik 14.670.302 euro exekutatu dira, eta beraz, exekuzio maila % 98 bete da eta ordainketena % 100. Kasu honetan, aurreko ekitaldiarekiko jaitsiera % 1ekoa izan da.

 

Langile-gastuak kapituluan aurrekontu bateratua 7.247.854 eurokoa izan da, % 88ko exekuzio mailarekin. Aitortutako betebeharen % 54 egiten dute eta 2020koarekin alderatuz oso antzekoa izan da.

 

Parlamentarioen eta hauen lanari lotutako langileen (Lehendakaritza kabinetea eta taldeen laguntzaileak) ordainketak 3,8 milioi eurokoak dira. Erakundeko langileen soldatek berriz 3,4 milioi egiten dute.

 

Dieten kapituluak % 39ko igoera izan du, ohiko jarduerara itzuli izanagatik -pandemiaren ondorioz izandako salbuespen-egoeraren ondoren- eta Mahaiak 2021eko urtarrilaren 18an onetsitako akordioaren arabera, zenbatekoek ere gora egin zutelako.

 

Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuak kapitulua 2,36 milioi euroz hornitua zegoen eta horietatik 1,44 gastatu dira (2020an baino % 2 gehiago); beraz, betetze-portzentajea % 54 izan da. Kapitulu horri dagokio gastuen aurrekontu exekutatuaren % 11.

 

Inbertsio errealak kapituluak, 1.094.305 euroko aurrekontu bateratuarekin, gastuen aurrekontuaren % 7,31 jaso du. Kapitulu horretan aurrekontuaren % 24 bete da.

 

Finantza-aktiboei eta pasiboei dagokienez, ezarritako kredituak 60.800 eurokoak izan dira eta betetze-maila, berriz, % 35ekoa.

 

Transferentzia arruntak kapitulukoak dira egindako gastu guztien % 25. Kapitulu horretan behin betiko kredituak 3,2 milioi eurokoak izan dira, eta betetze-maila, % 93koa (2,99 milioi). Talde parlamentarioei eta parlamentarien elkarteei ematen zaizkien ordainsariak, hauteskundeetako emaitzen araberakoak, 2.780.784 eurotan doituak, kapitulu honen gastuen %93,2 osatzen dute.

 

Ildo horretan, aipatzekoa da Kontuen Ganberak egindako iradokizunak kontuan hartuta, diru-laguntza horiek behar bezala erabiltzen direla egiaztatzeko onartutako arauak 2020an sartu zirela indarrean eta fiskalizazio-organoak egiaztatu duela ezarritako prozeduraren jarraipen egokia egin dela, kasu guztietan aurkeztu baitute eskatutako dokumentazioa, behar den garaian eta moduan. Talde parlamentarioen kontabilitatea Nafarroako Parlamentuaren webgunean argitaratzen da 2020ko ekitalditik.

 

Hala ere, eta parlamentu-taldeei ematen zaizkien diru-laguntzen “izaera finalista” dela eta, Kontuen Ganberak gomendatzen du alderdi politikoekin lankidetza-harremanak hitzarmen bidez gauzatzeko aukera aztertzea. Hitzarmen horietan, zehazten denaren arabera, “alderdi politikoek taldeei eman diezazkiekeen zerbitzuak islatu beharko lirateke, horien balorazio ekonomikoa eginez, bai eta taldeek zerbitzu horien kostua konpentsatzeko urtero jarri behar duten zenbatekoa ere”.

 

Plantilla organikoari dagokionez, adierazten da, 20/2021 Legea aplikatuz, Legebiltzarreko Mahaiak aldi baterako enplegua egonkortzeko akordio bat onartu zuela 2022ko maiatzaren 30ean. Akordio horretan, egonkortze-prozesuei lotutako plazak identifikatzen dira, eta lanpostuak betetzeko sistema lehiaketa-oposizioa eta merezimendu-lehiaketa izango dira.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek txostenaren balorazio positiboa egin du. Izan ere, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ez dute alegaziorik aurkeztu. “Gure ustez, garatutako kudeaketa zuzena da eta legearekin bat dator. Eta aurreko ekitaldietako gomendio nagusiari dagokionez, jakina da zenbait erabaki hartu direla behin-behinekotasuna murrizteko”.

 

Kontuen Ganberak egin duen fiskalizazio txostenaren arabera, Foru Legebiltzarraren 2021eko kontuek “irudi zehatza” erakusten dute ondareari, aurrekontuaren likidazioari eta finantza-egoerari dagokienez. Orobat, Parlamentuaren jarduera ekonomiko-finantzarioa “funts-publikoen kudeaketari aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz” egin dela azaltzen da txostenean.

 

Kontuen Ganberaren aholkularitza-txostena fiskalizazio organo hori arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da.