Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Abuztuak 25

Nafarroako Parlamentuak 57.000 euro bideratu ditu Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako proiektuak egiteko

Deialdiak 57.000 euroko zuzkidura dauka, eta xede du esku-hartzeak erraztea, pobrezia bere alderdi guztietan desagerrarazten lagunduko duten ildoetan kontzientziatu edo prestakuntza ematekoak

Nafarroako Parlamentuak ebatzi du 2021eko ekitaldian Garapenerako Sentsibilizazio eta Hezkuntzako proiektuak egiteko diru-laguntzen deialdia, parte hartu duten zortzi entitateetatik seiren artean 57.000 euro banatuz.

 

Honako hau da Nafarroako Parlamentuak ezarritako laguntza jaso duten ekimenak dituzten elkarteen zerrenda: Alboan Fundazioa 10.979,60 euro), Medicus Mundi Navarra-Aragoi- Madril (11.000 euro), Setem Nafarroa (11.000 euro), Paz y Solidaridad de Navarra Fundazioa (11.000 euro), Agrupación AULAS 2030 (10.004,44 euro) eta Médicos del Mundo (3.015,96 euro).

 

Ekintza guztiak Foru Komunitatean eginen dira, eta haien helburua da kontzientziatzea edo prestakuntza ematea hazkundean dauden herrialdeek dauzkaten problemekin eta horien zergatiekin zerikusia duten alorretan. Xede horietara 57.000 euroko kopurua bideratu da, norgehiagoka-araubidean.

 

Eskaera bakoitzeko 11.000 euroko kopurua eman da gehienez, bateragarria izanen dena lor litezkeen beste laguntza publiko edo pribatu batzuekin, baldin eta horien guztien baturak ez badu kasuko jardueraren kostua gainditzen.

 

Diruz laguntzekoak diren jarduerak 2021eko ekitaldian gauzatu beharko dira; dena den, luzapen baterako aukera aurreikusten da, haien egikaritzea uki edo oztopa lezaketen zirkunstantzia ezberdin batzuen arabera. Baldin eta aurrekontu-ekitaldiarekin bat ez datorren urtebetealdi batean egiten bada diruz lagundutako jarduera, 2021eko ekainaren 30erako beharko du bukatuta egon.

 

Behar adinako baliabiderik ez dutela frogatzen duten entitateek aurreordainketa bakarrean jasoko dute kopurua, behin deialdia ebatzita dagoenean. Gainerakoek proiektuaren amaierara arte itxoin beharko dute.

 

Balioespen-irizpideetan aintzat hartu dira proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu), horren egokitasuna (10 puntu) eta kalitatea (45 puntu) eta aurrekontuaren deskribapena (15 puntu). Ez dira baietsi 50 puntu baino gutxiago lortzen dituzten eskaerak.

 

Banaketari dagokionez, lehentasun-ordena ezarri da lortutako puntu kopuruaren arabera, eta dirulaguntzak esleitu dira harik eta aurrekontu-izendapenaren mugara iritsi arte.

 

Balorazio Batzordeak, eskaerak ebaluatzeaz arduratzen den organoak, ebazpen proposamena aurkeztu dio mahaiari. Letratu batek, Zerbitzu Orokorretako teknikari batek eta Gai Ekonomikoetako teknikari batek osatzen dute.

 

Garapenerako Lankidetzari buruzko 5/2001 Foru Legeari jarraikiz, zeinaren bidez Nafarroak beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko ardura hartzen baitu bere gain, haien aurrerabide integrala ahalbidetze aldera, Parlamentuaren nahia da era honetako ekarpena egitea pobrezia desagerrarazteko, haren mota eta erakusgarri guztietan.

 

Legebiltzarrak jotzen du ezen garapenerako hezkuntzako proiektuek, zeinek diru-ekarpen txikiagoa behar duten eta horrenbestez Legebiltzarraren diru-ahalmenari hobeki egokitzen zaizkion, zuzeneko zerikusia dutela Eledunen Batzarrak 2018ko apirilaren 27an onetsitako adierazpen instituzionalarekin, non ikasketa-aukera unibertsalak sustatzearen aldeko aldarria egiten baita. Asmo horrek bat egiten du Nazio Batuek 2015eko irailean erabaki eta Nafarroako Parlamentuak onartua den 2030 Agendan jasota dauden Garapen Jasangarriko Helburuetako 4.7 xedearekin.

 

Testuinguru horretan, ohartarazten da koronabirusa agertzeak eta mundu osoan azkar hedatzeak "ziurgabetasunez betetako eremu batean kokatzen gaituela, eta horrek, pandemiaren inpaktu larria dela-eta, arriskuan jar lezakeela 2030erako Agenda betetzea". Horri dagokionez, egiaztatu da "bizkortu egin direla gure ekonomietan eta gizarteetan jada lanean ari ziren funtsezko joera handi asko" (desinformazioa, arrail jakin batzuk areagotzea), eta premiazkoa da partekatutako erronkei "konpromiso sendoen eta irtenbide berritzaileen" bidez ekitea.

 

Deialdiko oinarrien arabera, norgehiagokan parte hartzen duten entitateek inskribatuta egon behar dute Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziarena (AECID) den Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan, eta beren sozietate-egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Nafarroan eduki.