Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Urtarrilak 9

Nafarroako Parlamentuak Administrazio Elektronikoaren ezarpena burutu du

Legebiltzarrak otsailaren 19tik aitzina gauzatuko du kudeaketa irisgarri, garden, ulerterraz, efiziente eta eraginkor baten aldeko apustua, prozesuak sinplifikatu eta interakzio digitala erraztuko dituena

Nafarroako Parlamentuak Administrazio Elektronikoaren ezarpena burutu du. Administrazio Elektronikoa, Legebiltzarreko Mahaiak 2023ko abenduaren 21eko bilkuran erabaki zuena betez, heldu den otsailaren 19an jarriko da abian.

 

Administrazio Elektronikoaren eredu berriak kudeaketa parlamentarioaren esparru guztiei eraginen die, baita juridikoari eta barne-antolakuntzakoari ere; hori dela-eta, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskaintzen dituzten konponbide guztiak baliatu dira.

 

Barne-funtzionamendua espedienteari egokituko zaio, dokumentu elektronikoa ezarriko da eta parlamentariek eta herritarrek erakundearekin duten harreman telematikoa bultzatuko da, hain zuzen ere, arreta modernizatzeko eta hobetzeko asmoz. Legebiltzarrak buru-belarri ekin dio helburu hori lortzeari aurreko legegintzalditik hona.

 

Hartara, prozesuak sinplifikatu eta interakzio digitala erraztuko dituen administrazio irisgarri, garden, ulerterraz, efiziente eta eraginkor baten aldeko apustua burutze aldera, Nafarroako Parlamentuak Administrazio Elektronikoaren Batzordea eratu zuen 2021eko otsailaren 15ean, eta batzorde hori arduratu da, aholkularitza espezializatuko enpresa baten laguntzarekin, Mahaiak 2020ko ekainaren 8an onetsitako bide-orria betetzeaz.

 

Honenbestez, Legebiltzarraren egungo kudeaketa-eredua, batik bat paperezko dokumentazioan eta aurrez aurreko trukeetan oinarritua, laster ordezkatuko du espediente elektronikoak –hala administratiboak nola parlamentarioak– izapidetzeko tresna korporatibo batek.

 

Hala bukatzen da, beraz, proiektu estrategiko eta transbertsal honen ezarpena, modu bateko nahiz besteko eragina izanen duena araugintzaren, antolakuntzaren, teknologiaren eta dokumentu-kudeaketaren arloetan, baina erakundearen nahiz erakundearekin lan egin eta harremana daukatenen mesederako izanen bide dena.

 

Administrazio Elektronikoa abian jartzean –proiektu "estrategiko" honek aurrekontu-kontsignatze handia egitea eskatu du–, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legeak ezarritako betekizunak beteko ditu Nafarroako Parlamentuak.

 

Espedienteen kudeaketa elektronikoa egiteko tresna informatikoa lizitazio publikoaren bidez kontratatu zen. Kontratua Guadaltel enpresari esleitu zitzaion.