Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urtarrilak 20

Nafarroako Parlamentuak babesa ematen dio lan-erreformarako neurri urgenteei buruzko Errege Lege-dekretuari

Lortutako akordioak lan-merkatuaren prekarietatea eta behin-behinekotasuna iraultzeko duen gaitasuna bermatu du Ganberak, UPNko 15 forudunek parte hartu ez duten bozketan

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “balioan jartzen du eta babesa ematen dio Elkarrizketa Sozialaren esparruan lortutako akordioari, zeinari esker onetsi baita Lan-erreformarako, enpleguan egonkortasuna bermatzeko eta lan-merkatua eraldatzeko neurri urgenteei buruzko abenduaren 28ko 32/2021 Errege Lege-dekretua”. Navarra Suma osatzen duten hiru alderdiak botoa bereizi dute; UPN alderdiko 15 parlamentariek ez dute bozketan parte hartu, Ciudadanos alderdiko hiru aforatuek abstentzioa bozkatu dute eta PPNkoek aurkako botoa eman dute.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernua premiatzen du “aurrerabidea egiten jarrai dezan Elkarrizketa Sozialaren esparruan, gurean kalitatezko enplegu eskubideduna erabat sendotzeko”.

 

Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu dute, PSN ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Diputatuen Kongresuko talde politikoak premiatzen zituen “proposamenak egiteko jarrera batetik abiatuta aurrerapauso gehiago eman ditzaten lan erreforman, Alderdi Popularrak 2012an onetsitako lan erreformaren ondorioz langileek galdutako eskubideak berreskura daitezen. Zehazki kaleratzeagatiko kalte-ordainari, kaleratze objektiborako kausei,  izapide-aldiko soldatei eta enpresek aldez aurreko akordiorik gabe hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeari dagokienez.

 

EH Bilduk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta adierazten zen “Madrilen adosturiko lan-erreformak urratu egiten dituela hura bertan behera uzteko konpromisoak, eta ez dituela berreskuratzen PPren 2012ko lan-erreformaren bitartez ezabatutako lan-eskubide garrantzitsuak, enpleguaren egonkortasun, kaleratze eta negoziazio kolektiboaren alorretakoak”.

 

Ildo horretan, azpimarratzen zen “negoziazio kolektiboak jarduera sozioekonomikoaren garapenari begira daukan garrantzia” eta Espainiako Gobernua premiatzen zuen “berma dezan Nafarroako hitzarmen kolektibo sektorialak eta lanbidearteko akordioak bete daitezen, bai eta haiek estatu-mailakoen aldean aplikalehentasuna izan dezaten ere”.

 

Horregatik guztiagatik, dei egiten zen “berreskura daitezen Lan Agintaritzaren kontrola eta baimen-ematea enplegu-erregulazioko espedienteen izapidetzean, eragozte aldera enpresa-komenigarritasun soilaren bidez justifikatu ahal izatea enplegu-suntsipenaren bitartezko kaleratzeak eta berreskura dadin lanean emandako urte bakoitzeko 45 eguneko kalte-ordaina, bai eta bidegabeko kaleratzeen izapidetze-soldatak ere”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “elkarrizketa, akordio, hitzarmen eta gizarte-itunaren ondorioz, enpresa-interesak eta enpleguaren kalitatea hobetzea uztartzen dituen akordio historiko” bati buruz hitz egiten du, eta, hortaz, Europako erakundeek aho batez babestu duten Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean aurreikusitakoari erantzuten dio.

 

Helburua, beraz, “gure garapen ekonomikoaren eredua indartzea da, enpresa-sareari lehiakortasun handiagoa emanez eta lan-merkatuaren egungo ahuleziek eragindako gizarte-, lurralde- eta genero-arrakalak konponduz”. Hori guztia, azpimarratzen denez, “negoziazio kolektiboa, enpresaburuen eta langileen arteko elkarrizketa eta, batez ere, lanaren duintasuna erdigunean kokatuz”.

 

Sustatzailearen hitzetan, akordio hori, “kontzertazio sozialaren emaitza dena, beharrezkoa da Next Generation funtsak bidaltzean Bruselaren abala lortzeko, eta funts horiek funtsezkoak dira ekonomiaren eta gizartearen susperraldiari aurre egiteko”.