Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 8

Nafarroako Parlamentuak bat egin du Emakumeen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin

Astelehenean Eledunen Batzarrak talde guztien ekimenez onetsitako adierazpen instituzionalari jarraituz, Nafarroako Parlamentuak gaur bat egin du Emakumeen Nazioarteko Eguneko ospakizunekin.

 

Legebiltzarrak, bere erabakiaren erakusgarri, bat egin du Gazteluko plazako elkarretaratzearekin. Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Erakundeen Nafarroako Batzordeak (CERMIN) deituta, ekitaldi horretan agerian jarri dira desgaitasuna duten emakume eta neskatoen, haien amen eta zaintzaileen eskakizunak.

 

Nafarroako Parlamentuak berriz adierazi du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzera bideratutako politika publikoak bultzatzeko konpromisoa duela, lanaren sexu bereizketa sendotzen duten rol eta estereotipoen ezabaketa barne.

 

Foru Legebiltzarrak ordezkari hauek izan ditu martxoaren 8ko elkarretaratze horretan: Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío lehen lehendakariordea eta Maiorga Ramírez bigarren idazkaria; gainera, Marta Álvarez, Jorge Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Virginia Magdaleno (PSN) eta María Solana (Geroa Bai).

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du martxoaren 8an eginen den Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunarekin, eta herritar guztiei dei egiten die egun hori dela-eta antolatzen diren ospakizun eta aldarrikatze-ekitaldietan parte har dezaten.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du emakumeen eskubideak zainduko dituzten politikak eta gizon eta emakumeen arteko egiazko berdintasun eraginkorra sustatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak aitortzen du tokiko politiken garrantzia zaintzei buruzko ikuspegi-aldaketa sustatzeko eta hala aurrera egiteko gizon eta emakumeen arteko berdintasunean.

 

4. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten eta nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza-lanei ikusgarritasuna eta balioa emateko eta lanaren sexu-banaketa indartzen duten rol eta estereotipoetan eragiteko.

 

5. Nafarroako Parlamentuak adierazten du arbuiatzen dituela adierazpen negazionistak eta emakumeen eskubide-aurrerabidearen aurkakoak.

 

6. Nafarroako Parlamentuak aitortzen ditu mugimendu feministak berdintasunaren eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan eginiko ekarpenak.