Nafarroako Parlamentuak bere doluminak helarazten ditu, Rafael Gurrea, VI. Legegintzaldian lehendakari eta 1979tik 2007ra foru parlamentari izan zenaren zendu izanagatik
Legebiltzarrak Nafarroaren defentsarako eta aurrerabiderako egin zuen ekarpena aitortu eta eskertzen du eta minutu bateko isilunea gordeko du ostegun honetarako aurreikusten den osoko bilkuraren hasieran
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jakin du zendu egin dela Rafael Gurrea Indurain, VI. Legegintzaldian (2003-07) Parlamentuko lehendakari, Foru Parlamentuaren Legegintzaldian (1979-83) lehendakariorde eta 1979tik 2007ra foru parlamentari izandakoa, eta erabaki du bere dolumina eta maitasuna adierazi eta helaraztea haren emazteari eta seme-alabei, anaia-arrebei eta gainontzeko familiartekoei.
Gainera, aditzera ematen da “Parlamentuaren aitortza eta esker ona, erakunde honetako lehendakari, lehendakariorde eta parlamentari gisa egindako lanagatik, eginkizun horietan guztietan, Legebiltzarreko Erregelamenduak emandako eskudantziak erabiliz, ahaleginarekin eta ardurarekin lagundu zuen Nafarroaren defentsan eta aurrerabidean, bai eta haren garapenean ere”.
Mahaiaren 2008ko otsailaren 11ko erabakiaren bidez, Rafael Gurreak Nafarroako Parlamentuko Domina jaso zuen
RAFAEL GURREA INDURÁIN
Irunberrin jaioa (1940), Rafael Gurrea Indurainek 1979ko hauteskundeetan lortu zuen lehen aldiz foru parlamentariaren akta (UCD). Geroztik legebiltzarkidea izan zen, UPNren ordezkari, 2007an erretiratu zen arte.
Burlatako Alkatetzan, Gurreak funtsezko eginkizuna bete zuen Nafarroan konstituziogintza aldian bizi izan ziren negoziazioetan eta akordioen bila egin ziren eztabaida garrantzitsuenetan: foru erakundeak demokratizatzeko prozesua eta Nafarroaren tratamendua Konstituzioan, laugarren xedapen iragankorraren inguruko eztabaidarekin.
1982ko martxoaren 15eko osoko bilkuran buru izan zen –José Antonio Urbiolak (HB) ez zuen parte hartu, protesta egiteko, eta Víctor Manuel Arbeloa, Legebiltzarreko lehendakaria, PSNren eledun gisa aritu zen–. Bilkura hartan onetsi zen Foruaren Hobekuntzari buruzko Legea izanen zenaren behin betiko testua. Emaitzak aldarrikatu ondoren (49 boto alde, 15 boto aurka eta 16 absentzia), honako hau esan zuen: “Bi menderen arteko zubian milaka nafarren amets, negar eta irrikak eragin zituen hura bozkatu berri dugu”.
UCDk 1982ko hauteskunde orokorretan porrot egin ondoren, Gurrea UPNko kide egin zen 1982an, eta aro demokratikoko legegintzaldi guztietan berritu zuen bere parlamentari-akta, 2007an politikagintzako lehen lerroa utzi zuen arte.
Alderdiaren bigarren biltzarrean, 1985ean, idazkari nagusi hautatu zuten, eta 2001era arte iraun zuen karguan. Urte hartan Alberto Catalán Higuerasek hartu zuen haren lekua.
1996ko ekainean dimisioa eman zuen Javier Otanok, aurreko urteko hauteskundeetatik sortutako koalizio gobernuko lehendakariak, eta Nafarroan gobernu berria eratu zen, UPNko hautagai Miguel Sanz Sesma buru zuena. Rafael gobernu hartako lehendakariordea eta Lehendakaritza, Toki Administrazio eta Barne Departamentuko kontseilaria izan zen 2003ra arte. Urte hartan Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza hartu zuen.
Lanbidez irakaslea, politikagintza aktiboan parte hartzen hasi baino lehen egin zuen lan-ibilbideak lotura estua izan zuen hezkuntza proiektuekin eta enpresa-zuzendaritzarekin.