Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunarekin duen konpromisoa
Osoko bilkurak berretsi egiten du 2030 Agendako GJHen aldeko adierazpena, eta adierazten du bizimodu jasangarria ziurtatzeko baliabide falta giza eskubideen arloko arazoa dela
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak “Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunarekiko konpromisoa berresten baitu”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean zehazten duenezn, Foru Legegileak “itun horren jarraipena egiteko eta ituna betetzeko urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du”.
Era berean, Nafarroako Parlamentuak “erronka global berriei aurre egiteko konpromisoa berresten du, desberdinkeriak areagotu egin baitira gure gizartean eta are gehiago herrialde txirotuetan”.
Azkenik, Ganberak “Garapen Jasangarrirako Helburuak eta 2030 Agenda garatzearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du”.
Zioen azalpenean, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela-eta adierazpen instituzional bat onartzeko ezintasunaren berri ematen du. Diotenez, adostasun batera iristeko ezintasun honek “ez du aurrekaririk” Parlamentu honetan, eta Voxen kontrako jarrerari egozten zaio. Hori dela eta, egoera iraultzeko, ezinbestekotzat jotzen da GJHen aldeko adierazpen bat onestea.
Ildo horretan, eta pobrezia "bizimodu jasangarria ziurtatzeko dirusarrera eta baliabide falta edukitzetik haratago doan zerbait” dela mahaigaineratu ondoren, osoko bilkurak adierazi du munduko biztanleriaren % 10 ingururi eragiten dion "giza eskubideen" arazoari aurre egin behar zaiola.
"Bost haurretatik bat muturreko pobrezian bizi dela" kontuan hartuta, Legebiltzarrak berretsi egiten du berdintasunaren aldeko 2030 Agendan jasotako neurriak gauzatzeko politika publikoak babesteko eta abian jartzeko konpromisoa.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (19. NPAO, 2023-10-17koa)