Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 12

Nafarroako Parlamentuak dio Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan

Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak onetsi du. 2024ko ekainaren 12an

1.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du Sahara Mendebaldea nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan, eta haren okupazio ilegala amai dadin eta Saharako herriak autodeterminazio eskubidea balia dezan exijitzen du.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio erreferentziazkotzat jotzen jarrai dezan Auzitegi Nazionalaren autoa, zeinaren bidez Espainia de iure Sahara Mendebaldearen ‘potentzia administratiboa’" dela adierazten baitu.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Marokoko Erresumari exijitzen dio saharar preso politiko eta kontzientziakoak berehala aska ditzan, eta giza eskubideen urraketak amai daitezen berak kontrolatzen dituen espetxeetan, presoen osotasun fisiko eta psikikoa bermatuz, eta elkartasuna helarazten die horien familiei.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak orobat helarazten die bere estimua eta elkartasuna Gdim lzik-eko presoei, beren kondenak prozesu ilegal eta bermerik gabeko batean jaso baitzituzten, eta berehala aska ditzaten exijitzen du, familiekin bat eginez justiziaren eta askatasunaren alde daramaten borrokan.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak berriro salatzen du Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharan natur baliabideen espoliazioa egitea, epaiak epai, eta zonaldean ari diren enpresei exijitzen die nazioarteko zuzenbidea eta saharar populazioaren eskubideak errespeta ditzaten. Interesdunak premiatzen ditu (enpresak eta herrialdeak) negoziazioak abiaraz ditzaten Saharako Herriaren ordezkari legitimoekin (Fronte Polisarioa).

 

6.- Nafarroako Parlamentuak dio ezen, Mendebaldeko Saharak bizi duen egoera larria ikusita, MINURSOk Mendebaldeko Saharan dauzkan funtzioak eta egitekoak areagotu behar dituela. Hortaz, Nazio Batuak premiatzen ditu Misioari ahalmena eman diezaion sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko lurralde okupatuetan.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari exijitzen dio Marokoko Erresumarekiko Lehentasunezko Akordioan ezarritako giza eskubideei buruzko klausula baliaraz dezan.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak indartu egin nahi du Emakume Sahararren Batasun Nazionalarekiko lankidetza, funtsezko eginkizuna baitaukate, erabakigarria, errefuxiatuen kanpalekuetan. Halaber, giza eskubideen urraketaren biktimen ikusezintasun-egoeraz ohartarazi nahi du. Bereziki, lurralde okupatuetan desagertutako emakumeez.

 

9.- Espainiako Estatuko erakunde publikoak premiatzen dira laguntza solidario eta humanitarioa areagotzen jarrai dezaten, hala Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuei nola lurralde okupatuetako sahararrei.

 

10.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari gaztigatzen dio jarrera irmo eta esplizitua hartu beharra duela Marokoko Erresumako Gobernuak behin eta berriro egindako saiakeren aitzinean, zeinen bidez Kanarietako uretaraino hedatu nahi baitu bere eskumen-esparrua, eskualdean arazo gehiago eta egonkortasun eza ekar ditzakeen interes espantsionista argia erakutsiz.

 

11.- Nafarroako Parlamentuak Nazio Batuak premiatzen ditu luzamendutan ibili gabe susta dezaten konponbide justu eta behin betikoa Mendebaldeko Sahararen gatazkari dagokionez; hau da, Saharako herriaren autodeterminazio eskubidea praktikan jartzea erreferendum bat eginez. Eta NBEren Genevako Giza Eskubideen Kontseilua premiatzen du giza eskubideen errelatore bat izenda dezan Mendebaldeko Sahararako.

 

12.- Nafarroako Parlamentuak premiatzen du aurrerabidea egitera Fronte Polisarioak Espainian duen ordezkaritzari estatus diplomatikoa emateari dagokionez, Saharako herriaren ordezkari bakarra eta legitimoa del aldetik, NBEk onartzen duen legez. Eta aurrerabidea egitera Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren aldarrikapenean.

 

13.- Nafarroako Parlamentuak hedabideak premiatzen ditu gizarteak ematen dion garrantzi bera eman diezaioten Mendebaldeko Saharako gatazkari. Eta Saharako herriaren kausarekiko pertsona solidarioei dei egiten diegu Sahara Mendebaldearen egoeraren berri eman dezaten eta sala dezaten sare sozialen bitartez.

 

14.- Nafarroako Parlamentuak arlo unibertsitario, judizial eta politiko-administratiboak premiatzen ditu, lanean jarrai dezaten argitze aldera Sahara Mendebaldean gertatzen diren giza-eskubideen aurkako jarduketak.

 

15.- Nafarroako Parlamentuak bereziki premiatzen du Cervantes Institutua lotura kulturalak eta gaztelaniaren hedapena indartu ditzan, Sahara Mendebaldeko bigarren hizkuntza baita, errefuxiatuen kanpalekuetan presentzia edukiz.

 

16.- Nafarroako Parlamentuak esker ona adierazten die Saharako herriarekiko adiskidetasunak elkartuta egunero-egunero lan egiten duten elkarteei, federazioei nahiz talde solidario eta sozialei, herrialde anaia etorkizunean aske izateko helburu hutsez. Halatan, goresgarria iruditzen zaio Juristen Nazioarteko Elkartearen lana.

 

17.- Nafarroako Parlamentuak haurrei harrera egiteko "Oporrak bakean" programaren garrantzi handia balioesten du, Saharako eta Nafarroako familien arteko maitasun- eta hurbiltasun-harremanaren eta elkartasunaren erakusgarririk behinena baita.

 

18.- Sahara Mendebaldeari dagokionez izan duen jarrera tradizionalera itzul dadin exijitzen dio Espainiako Gobernuari, Nazio Batuen ebazpenekin bat; izan ere, Espainiako gobernuko lehendakariak, Marokoko Erregeari 2022ko martxoan igorritako gutunaren bidez, jarrera hori aldebakartasunez aldatu zuen, zuzenbide osoko estatu demokratiko orok bete beharreko parte-hartze prozedurak bete gabe aldatu ere.

Azken epigrafe hori UPNren gehitzeko zuzenketa baten ondorio da, zeina ekimena aurkeztu zutenek (UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin) onartu baitute, eta PSNren aurkako botoa gorabehera onetsi baita.

 

UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute. 

 

1-17 atalak UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoarekin eta PSNren abstentzioarekin onetsi dira.

 

18. atala UPN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoarekin eta PSNren aurkako botoarekin onetsi da. 

 

* Vox ez da bilkuran agertu.