Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Uztailak 5

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du haur sahararrak harreran hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko

Unai Hualdek nafarren elkartasuna azpimarratu du eta gogora ekarri du Legebiltzarra konprometituta dagoela Saharako herriaren askatasuna lortzearekin eta Mendebaldeko Saharan giza eskubideak errespeta daitezela lortzearekin

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur goizean, haur sahararrak harreran hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko

 

Erakunde Aretoan elkartu diren familiei zuzendu zaienean, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak gogora ekarri du Nafarroako ordezkaritza batekin Tindoufeko errefuxiatu sahararren kanpamentuetara duela bi hilabete egindako bisita, eta Saharako herriak orduan erregalatutako "adeitasun izugarria eta hospitalitatea" goraipatu ditu. Hualdek adierazi du bidaia hartan bisitatu zituztenek aitortzen zutela "Nafarroa gizarte konprometitu eta solidarioa dela eta giza eskubideen urraketa pairatzen duten herriekin inplikatzen dela, azken 40 urteotan Saharako herriarekin egiten ari den moduan".

 

Testuinguru horretan, eta gogora ekarri ostean Brahim Gali lehendakariak Nafarroako ordezkaritzari Saharan egindako eskaria "Sahara askea lortze aldera lanean jarrai dezaten", Unai Hualdek garrantzitsutzat jo du Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak iragan ekainaren 12an onetsi zuen erabakia, zeinaren bidez "Nafarroako Parlamentuak egiaztatzen baitu Mendebaldeko Sahara nazioarteko zuzenbidearen mende dagoen lurralde ez-autonomo bat dela, sekula ere ez dena Marokoko Erresumaren parte izan, eta haren okupazio ilegala amai dadin eta Saharako herriak autodeterminazio eskubidea balia dezan exijitzen baitu".

 

Hualdek ANAS-Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearen, Saharak Nafarroan duen ordezkaritzaren eta harrerako familien lana aintzatetsi du, eta dei egin du, bukatzeko, haur sahararrek ongi pasa dezaten, "nafarren hospitalitatea" goza dezaten, eta baita festak, igerilekuak, gastronomia eta denbora ere. Lehendakariak esan dienez, "Nafarroako Parlamentuan lanean jarraituko dugu Saharako herriaren askatasuna lortzeko eta Mendebaldeko Saharan giza eskubideak errespeta daitezen. Gora Sahara askatuta!"

 

Jarraian, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak Nafarroan duen ordezkari Hamdi Aomar Ahmed-ek "eskerrik beroena adierazi dio Nafarroako Parlamentuari, Fronte Polisarioaren izenean, "harrera bero" honengatik, eta Oporrak Bakean programaren garrantzia azpimarratu du, "programa-izarra baita elkartasunaren munduan, Nafarroako eta Saharako herrien arteko adiskidetasuna eta batasuna harilkatzen duena".

 

Bere aldetik, ANAS-Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearen Oporrak Bakean programaren arduradun Carol García Pellejerok balioan jarri du Nafarroako ordezkaritzak Tindoufeko errefuxiatuen kanpamentuetara egindako bisita, aukera eman baitzuen errealitatea ikusteko eta elkarteak egiten duen lana ezagutzeko. Harrerako familiek programan parte hartzeko erakutsi duten borondatea eskertu ostean, García haur guztiei opa izan die uda "zoragarria" igaro dezatela.

 

Ekitaldia Erakunde Aretoan izan da, eta besteak beste parte hartu dute lehen lehendakariorde Ainhoa Unzuk, bigarren lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáinek, lehen idazkari Yolanda Ibáñezek, bigarren idazkari Mikel Zabaletak, Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren koordinatzaile Carlos Guzmánek eta Inma Jurío, Maite Esporrín (PSN), Irati Jiménez, Laura Aznal (EH Bildu), Pablo Azcona, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Irene Royo, Javier García (PPN), Miguel Garrido eta Daniel López (Contigo-Zurekin) foru-parlamentariek.