Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Uztailak 27

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du saharar umeak hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko

Unai Hualdek Nafarroako herritarren elkartasuna azpimarratu du, eta egoera "guztiz bidegabe" bati irtenbideak bilatzeko Ganberak duen konpromisoa gogorarazi du

Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat egin du gaur eguerdian saharar umeak hartzen dituzten familiei ongietorria egiteko eta aitorpena azaltzeko. Unai Hualderen esanetan, “aukera ona” da, "erabaki eta ezberdintasun politikoen gainetik, komunitate gisa Nafarroari darion elkartasun sentimendu garrantzitsua aitortzeko, eskertzeko eta azpimarratzeko".

 

Areto Instituzionalean bildutako familiei egindako agurrean, lehendakariak "gerra eta Marokoko Gobernuaren eskubideen urraketa etengabea" salatu ditu, aurreko urteetan egin bezala, Nafarroako familien eskuzabaltasuna balioesteko, “parentesi bat irekitzea ahalbidetzen baitute basamortuko berotik eta adingabeek Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan jasaten dituzten bizi-baldintza gogorretatik urrun".

 

Testuinguru horretan, eta "Oporrak Bakean" programaren antolatzaile den Sahararen Lagunen Nafarroako Elkartearen (ANAS) lana aitortu ondoren, Unai Hualdek dei egin die Estatuko eta Europako erakundeei "irmotasunez inplika daitezen egoera guztiz bidegabe bati irtenbideak bilatzeko. Nafarroako Parlamentuak, Bakea eta Askatasuna Saharan parlamentu-taldeartekoa eratu ondoren, saharar herriarekiko elkartasun eta lankidetza bide beretik jarraituko du".

 

Lehendakariak haur sahararrei goza dezaten opa die, Nafarroako herritarren "ohiturez eta abegikortasunaz gozatzeko" deia eginez. "Gure gastronomiaz, gure paisaiez, gure igerilekuez goza dezazuela. Oso ondo pasa".

 

Jarraian, Mohamed Abdalahik, Saharako Arabiar Errepublikako ordezkariordeak, "esker onik handiena" helarazi dio Nafarroako erakunde gorenari, "haur sahararrei askatasunean hazteko, ikasteko eta amets egiteko aukera emateagatik. Zuen etxeetako ateak eta bihotzak ireki dizkiezue, eta aztarna ezabaezina utzi duzue etorkizun hobe baterako bidean. Mundu bidezkoago eta gizatiarrago baten alde borrokatzen jarraituko dugu. Zuen adibideak aldaketaren eragile izatera garamatza".

 

Ekitaldia Parlamentuko Areto Instituzionalean egin da, eta bertaratu dira, besteak beste Ainhoa Unzu, Legebiltzarreko lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea, Yolanda Ibáñez, lehen idazkaria, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria eta Carolina García, Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteko (ANAS) ordezkaria, Ganberako talde parlamentario guztietako parlamentariez gain.