Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Ekainak 28

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak bat egin dute LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin

Erakundeek aintzatespena helarazi diote LGTBI+ mugimenduari, eta hezkidetzarekiko konpromisoa berretsi dute, diskriminaziorik eza sustatzeko politikak bultzatzeko oinarri gisa

Ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi instituzional bat egin du Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin eta arlo honetan lan egiten duten elkarteekin batera. Berdintasunarekiko eta sexu-joera eta genero-identitateagatiko diskriminazioaren aurkako borrokarekiko konpromisoa berretsi nahi izan du Parlamentuak.

 

Legebiltzarraren eraikinaren sarreran ospatu da ekitaldia eta María Chivitek, Unai Hualdek eta talde parlamentario eta foru parlamentarien elkarte guztietako ordezkariek LGTBI+ mugimenduari aintzatespena helarazi diote, eta eskerrak eman dizkiote “duintasunaren eta berdintasun eraginkorraren alde egindako sakrifizioengatik, izan ere, berdintasuna funtsezkoa baita bizikidetzarako, aurrera egiteko eta gizartea giza eskubideen arloan suspertzeko”.

 

Horretarako, eta "LGTBI+ pertsonen eta kolektiboen borrokaren memoria historikoa berreskuratzeko" beharraz ohartarazi ondoren, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak berretsi egin dute "sexu-aniztasunarekiko konpromisoa eta diskriminazioaren aurkako borroka helburu duten politikak bultzatzekoa", hori guztia "hezkidetzan" oinarritutako gizarte "askeago eta berdinzaleago" baten mesedetan.

 

Unai Hualderen esanetan, “gizartea erakundeen aurretik doan gai horietako baten aurrean gaude. Hala ere, Nafarroan aitzindariak izan gara 8/2017 Foru Legearekin, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoarekin, eta hori, egiteko asko dagoen arren, harro egoteko arrazoia ere bada. Estatu mailan ere aurrera egiten ari dela dirudi, eta hori albiste ona da”.

 

Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta hilaren 21ean Navarra Sumak, PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sustatuta Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala irakurri du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI kolektiboaren harrotasunaren Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den ekainaren 28an eginen baita, eta sexu-askapenaren bandera jarriko du ikusteko moduko leku batean, legebiltzarrak sexu-aniztasunarekin duen konpromisoaren agerkari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak giza eskubideekiko konpromisoa berresten du, eta adierazten du beharrezkoa dela inbertitzea sexu-bestelakotasuna eta pertsonak beren sexu-orientazioa edo genero-identitateagatik ez diskriminatzen lagunduko duten politiketan. Horretarako, arreta, informazio, sentsibilizazio, prestakuntza eta kontzientziaziorako programak eta proiektuak garatu behar dira, gure herri eta hiriak sexu-bestelakotasunaren adierazpen guztientzako gune askeak izan daitezen.

 

3. Nafarroako Parlamentuak hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten du funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxe guztietan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du Nafarroako LGTBI+ Foru Legea ezartzen jarraitzea, eta uste du sexu-orientazioari, genero-adierazpenari eta sexu- edo genero-nortasunari buruzko prestakuntza beharrezkoa dela administrazio publiko guztietan eta bereziki gizarte-, osasun- eta landa-arloetan.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du familia-aniztasunari eta adineko LGTBI pertsonei zor zaien errespetua emateko. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du”.

 

Jarraian, María Chivitek Nafarroako Gobernuak onetsitako adierazpen instituzionala irakurri du, LGTBI pertsonen giza eskubideen aintzatespen legala lortzeko politika publikoak sustatzen jarraitzeko konpromisoa erakusten duen adierazpena.

 

“Astelehen honetan, ekainak 28, munduan LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Nafarroako Gobernuak LGTBI+ pertsonen giza eskubideen legezko onarpena gauzatzea lortuko duten politika publikoak sustatuz lanean jarraitzeko bere konpromisoa berresten du, zeren gure gizartean sexu aniztasuna, sexu eta genero orientabidea eta identitatea, diskriminaziorako eta bazterketarako arrazoiak izaten jarraitzen dute.

 

Dagoeneko 53 urte iragan dira 1969an New Yorken gertatu ziren Stonewalleko istilu haietatik zeinek bidea eman zuten errebindikazio mugimendu baterako, horrela LGTBI+ pertsonekiko berdintasuna, errespetua, askatasuna eta diskriminazio eza bezalako balio unibertsalak bistaratzea lortuz. Bestalde, gure herrialdean, XX. mendearen baitan, LGTBI+ pertsonen kolektiboa pertsegitua izan zen, bere gehiengoa klandestinitatean bizitzera behartua izanik.

 

Hori dela eta funtsezkoa gertatzen da Nafarroan borroka honen memoria historikoa berreskuratzea, horrelako ezbeharren jendaurreko aitortza modura.

 

Are gehiago une hauetan zeinetan, hainbat sektoretatik, eskubideen onarpenari dagokionez inboluzio bat proposatzen den, ezinbestekoa da lortutako aurrerapenak mantentzea eta gogora ekartzea, hala nola pertsona eta erakunde pilo batek euren duintasuna defendatzeko egin izan dituzten sakrifizioak azpimarratzea. Horientzat guztientzat gure aitortza eta esker onik sakonenak.

 

Sexu eta genero aniztasunaren onarpenak funtsezkoa izaten jarraitzen du gure gizartearen jasangarritasunerako, izan ere, horrela bermatzen dugu pertsona guztiek berdintasun eraginkor bat lortu ahal izatea, alde batera utzita bere sexu orientabidea, sexu identitatea eta genero adierazpena, zein oinarrizko elementuak diren une hauetako bizikidetza, aurrerapen eta birgaikuntzarako.

 

Baliozta ditzagun berdintasuna, dibertsitatea, hala nola sexu eta genero aukera guztien agerikotasuna, Nafarroako gizartea horiekiko guztiekiko errespetuaren eredu bat bihurtzeko. Ospa dezagun Aniztasuna”.

 

Ondoren, Nora Gómez eta Aner Ansorenak, Dekumas, Sare, Kattalingune, Laiak eta Kattalingorri LGTBI+ elkarteen izenean manifestua irakurri dute, aldarrikatuz “errealitatea anitza” dela, “lesbianak, gayak, transak, intersexualak, bisexualak, asexualak, ez-bitarrak, pansexualak, "maskulinoagoak" edo "femeninoagoak”, desberdinak gara, baina, batez ere, pertsonak, herritarrak gara”.

 

Ohartarazi dute zenbait herrialdetan, hala nola Polonian, Bulgarian, Errumanian eta Hungarian, praktika instituzional LGTBIfobikoak egiten ari direla, 200 udalerri baino gehiago "LGTBIQ+ ideologiarik gabeko eremu" gisa izendatu dituztela, “argi eta garbi giza eskubideak urratuz. Sexu- eta genero-aniztasuna aitortzea funtsezkoa da oraindik ere gure gizartearen iraunkortasunerako”.

 

Nafarroari dagokionez, “egia da urrats garrantzitsuak egin direla LGTBIQ+ pertsonen eskubideak aitortzeko, baina ez da nahikoa. Bada garaia legea betetzeko ekintza-plan bat egiteko. Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren benetako inplikazioa behar dugu, Nafarroako LGTBI Kontseilua dei dadin. Aurrera jarraitzeko unea da, diskriminazioa jasaten jarraitzen dugu, oraindik LGTBIQ+ pertsona gisa ikusaraztea arriskutsua izan daiteke, gure kontrako erasoek gure egunerokoan jarraitzen dute. Autodeterminazioa eztabaidaezin gisa jasoko duen trans legea behar dugu”.

 

Ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Inma Jurío, Yolanda Ibáñez eta Maiorga Ramírez Mahaiko kideek, Javier Esparza (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (I-E) eledunek, Gobernuko lehendakariorde Javier Remírezek, Nafarroako Foru Komunitateko senataria Koldo Martínez, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari Eva Istúrizek, eta Kattalingorri, Kattalingune, Dekumas, Laiak eta Sare elkarteetako ordezkariek.