Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Ekainak 28

Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak bat egin dute LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin

Unai Hualdek azpimarratu du Legebiltzarraren gehiengoak sexu-aniztasunaren alde eta gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzearen alde egiten duela

Ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, ekitaldi instituzional bat egin du Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin eta arlo honetan lan egiten duten elkarteekin batera. Berdintasunaren, errespetuaren, aniztasunaren, askatasunaren eta sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminaziorik ezaren aldeko borrokarekiko konpromisoa berretsi nahi izan du Parlamentuak.

 

Nafarroako Jauregiaren atarian egindako ekitaldian, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Parlamentuko talde ia guztien adostasuna eta LGTBI+ pertsonen giza eskubideen legezko onarpenean lortutako aurrerapausoak nabarmendu ditu, “nahiz eta horrek ez duen eragozten oztopoak eraisten jarraitzeko politika publikoak bultzatzen jarraitu behar izatea”.

 

Mahaiak astelehenean, ekainak 24, onartutako erabakiak ezartzen duen bezala, Nafarroako Parlamentuak "sexu-aniztasunarekiko konpromisoa berresten du" eta, Lehendakariak zehaztu duenez, "bat dator nafarren gehiengoaren iritziarekin eta sentimenduarekin; izan ere, gehiago gara gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiten dugunak, gehiago gara familia-aniztasunari zor zaion babesa eta errespetua eskatzen dugunak, gehiago gara LGTBI+ Foru Legea garatzen jarraitzea beharrezkoa ikusten dugunak eta gehiago gara hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten dugunak", egiaztatu du Hualdek.

 

Ildo beretik, María Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariak adierazi du efemeridea aldarrikapen eguna dela, "LGTBI+ pertsonen giza eskubideen arloan lortutako aurrerapenak aitortu, gogoratu eta ospatzekoa. Bidea ez da erraza izan, eta kolektibo, elkarte eta erakundeen mugimendu eta mobilizazioei zor diegu lortutakoa", gaineratu du.

 

Ildo horretan, Gobernuko Lehendakariak "aniztasunaren eta eskubideen aitortzaren eremuan egindako aurrerapenak" nabarmendu ditu, eta "jarrera eta diskurtso erreakzionarioen" gorakadaren aurrean, "gizarte bidezkoagoa, feministagoa eta bizigarriagoa eraikitzeko aniztasuna eta berdintasuna oinarrizko balio gisa aldarrikatzen jarraitzeko" deia egin du. “Helburua Nafarroa gizarte inklusiboagoa bihurtzea da, aniztasuna harrotasunez ospatu eta defendatuko duena".

 

LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak sexu-askapenaren bandera jarri du bere egoitzaren aurreraldean, sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik berdintasuna, errespetua, aniztasuna, askatasuna eta diskriminaziorik eza defendatzen dituen mugimendua islatzen duena.

 

Horrela, Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ pertsonen eskubide, askatasun eta ongizatearekin eta sexu- eta genero-aniztasunaren inklusioarekin duen konpromisoa berresten du.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Ainhoa Unzu, Parlamentuko lehen presidenteordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren presidenteordea, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, eta UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioetako ordezkariak, eta Nafarroako Arartekoa, Patxi Vera.