Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat egin du
Ganberak Gobernuarekin batera ekitaldi bat egingo du eta fatxadan LGTBI+ bandera erakutsiko du
Gai-zerrendatik kanpo eta lehendakariak proposatuta, Mahaiak aho batez erabaki du bat egitea ekainaren 28an izanen den LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.
Aurretik Eledunen Batzarrak atzera bota du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten baitu LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute eta Voxek aurka bozkatu du eta gainerako taldeek alde.
Onetsitako erabakiak honela dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den 2024ko ekainaren 28an eginen baita, eta sexu-askapenaren bandera jarriko du ikusteko moduko leku batean, legebiltzarrak sexu-aniztasunarekin duen konpromisoaren agerkari.
2.- Nafarroako Parlamentuak erabaki du ekitaldi bat egitea Nafarroako Gobernuarekin eta gure erkidegoko LGTBI+ elkarte eta kolektiboarekin batera LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Ekitaldia ekainaren 28an izanen da, ostirala, 11:00etan.
Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1. Nafarroako Parlamentuak aurten ere bat egiten du LGTBI+ Kolektiboaren Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, zeina heldu den 2024ko ekainaren 28an eginen baita, eta sexu-askapenaren bandera jarriko du ikusteko moduko leku batean, legebiltzarrak sexu-aniztasunarekin duen konpromisoaren agerkari.
2. Nafarroako Parlamentuak gorroto diskurtsoak gaitzesten ditu eta konpromisoa hartzen du horiek eremu publikotik desagerrarazteko, uste baitu askatasunaren eta egiazko berdintasun eraginkorraren aurkako erasoa direla.
3. Nafarroako Parlamentuak hezkidetza derrigorrezko hezkuntza-balio gisa lantzearen aldeko apustua egiten du funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxe guztietan.
4. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako LGTBI+ Foru Legea inplementatzen jarraitzea.
5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gizarte askeago eta berdinzaleago bat eraikitzeko lan egiteko, eta eskatzen du familia-aniztasunari eta adineko LGTBI+ pertsonei zor zaien errespetua emateko. Horretarako, gure Erkidegoko erakunde guztiekin, elkarteekin eta LGTBI+ kolektiboarekin lan egiteko konpromisoa hartzen du.