Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Abenduak 16

Nafarroako Parlamentuak eta NUPek 2021 urterako lan-plana sinatu dute Memoria Historikoaren Dokumentu-funtsaren garapenerako 2020-2023 aldirako hitzarmenaren baitan

Artxibo desberdinetako informazio guztia biltzeko lanak amaitu nahi dira, horiek oinarri hartuta ikerketa zientifikoei hasiera emateko

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore Ramón Gonzalok gaur sinatu dute Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren lan-, azterketa- eta ikerketa-programa garatzeko 2020-23 aldirako hitzarmenaren baitan bi erakundeek adostu duten eranskina, 2021ean eginen diren jarduerak zehaztuz.

 

Hitzarmenaren laugarren klausularekin bat etorriz, eta Ganberako gobernu-organoaren adostasunarekin, Legebiltzarrak hurrengo ekitaldirako lan-plana 71.000 eurorekin finantzatzeko konpromisoa hartu du. Plan hori artxibo desberdinetako informazio guztiaren bilketa bukatzean datza, ikerketa zientifikoekin hasi aurreko pausua baita, eta ikerketa hauei hasiera ematea ere aurreikusten da.

 

Hala baieztatu dute Unai Hualdek eta Ramon Gonzalok, eta datu-basearen garapena eta herritar guztien eskura jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute.

 

Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsaren datu-baseak 22.555 pertsonak jasandako 29.095 errepresio-egintza zenbatzen ditu (14 kategoriatan eta 62 azpikategoriatan banatuta). Bildutako informazioa iturri desberdinetatik heldu da, hala nola artxiboetatik, ahozko iturriengandik edo ikertzaile nahiz familiartekoengandik. https://memoria-oroimena.unavarra.es/

 

2020-23 hitzarmena bi erakundeek 2011ko azaroaren 30ean sinatutako akordioaren luzapena baino ez da, garai hartan Memoria Historikoari buruzko Dokumentu Funtsa izeneko lan-, azterketa- eta ikerketa-programa bat "ezartzeko" helburua zuena.

 

Orduz geroztik, hainbat luzapen egin dira lan hori indartzeko eta hobetzeko. Lan hau aitzindaria da Estatuan eta erreferentea nazioartean. Izan ere, Nafarroa garrantzi sozial handiko gai baten abangoardian kokatzen du.

 

Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsa