Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Apirilak 29

Nafarroako Parlamentuak ez du jarrera bateraturik lortu Israelek Gazan egindako genozidioaren inguruan

Legebiltzarrak atzera bota du migrazio- eta enplegu-politika publikoei buruzko Voxek aurkeztutako adierazpen instituzionalaren proposamena

- Eledunen Batzarrak errefusatu egin du adierazpen instituzional bat egiteko proposamena. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak salatzen du Israel Gazan egiten ari den genozidioa, eta elkartasuna adierazten dio palestinar herriariEH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

UPN, PSN eta PPN abstenitu egin dira; Voxek aurka bozkatu du.

 

Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak salatzen du Israel Gazan egiten ari den genozidioa, eta elkartasuna adierazten dio palestinar herriari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Israeli exijitzen dio Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa bete dezan, bai eta NBEren ebazpenak ere.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Israel premiatzen du korridore humanitarioak irekitzea onar dezan eta berehalako su-eten iraunkorra dekreta dezan Gazan eta Zisjordanian.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen du Palestina eskubide osoko estatu gisa aitor dezan eta palestinar herriari ematen zaion laguntza humanitarioa handitu dezan.

 

5. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio Nazio Batuen Erakundearen UNRWA Agentziari, ezinbesteko lana egiten duela aitortzen du, eta haren funtzionario erailengatiko dolumina adierazten du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Estatuko Gobernuari eta gainerako nazioarteko eragileei eskatzen die manten ditzaten Palestinarekiko jadaneko lankidetza proiektuak, eta babes ditzaten alor horretan lan egiten duten entitateak, hala nola UNRWA.

 

7. Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua eta nazioartea premiatzen ditu areagotu ditzaten gerra-egoera baretzera eta bake iraunkorra lortzera bideratutako urrats diplomatikoei bultzada emateko ahaleginak.

 

8. Nafarroako Parlamentuak aldeko jarrera adierazten dio “Yala Nafarroa Palestinarekin” elkarteari, eta aldeztu egiten du giza eskubideen eta Palestinan bake justu eta iraunkorra lortzearen alde egiten ari den lana.

 

9. Nafarroako Parlamentuak aldeko jarrera adierazten dio "Askatasunaren Flotilla"ri, eta Israel premiatzen du ez dezan eragotz laguntza humanitarioa Gazako zerrendako herritarrengana helaraztea.

 

- Eledunen Batzarrak errefusatu egin du Langilearen Nazioarteko Egunaren kariaz egiteko adierazpen instituzional bat. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute.

 

Errefusatutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1.- Immigrazio politika batzuk bertan behera uzteko garaia da, espainiar langileei eta haien familiei kalte larria egiten ari zaienez, enplegua prekarizatzen, eta jasanezina egiten gizarte-estalduren egitura eta osasun-laguntzaren moduko zerbitzu publikoak ematen jarraitzea; bai eta auzo asko betiko auzokideentzat ezezagunak bihurtzen eta delituak nahiz segurtasun-falta areagotzen ere.

 

2. Urgentea eta beharrezkoa da legez kontrako immigrazio masibo eta kontrolgabearekin amaitzea eta apustu egitea immigrazio ordenatuaren, nazioaren beharrizanei egokituaren eta integrazio-borondatea duenaren alde.

 

3. Urgentea eta beharrezkoa da behar diren neurri guztiak hartzea, kanporatze aldera Espainian ilegalki sartu diren immigratzaile guztiak, delitu larriak egin dituztenak eta delitu arinak beren bizimodu bihurtu dituztenak; eta segurtasuna eta lasaitasuna itzultzea kale eta auzo guztietara, bereziki xumeenetara.

 

4. Beharrezkoa da Europako Itun Berdearen eta 2030 Agendaren politikak atzera botatzea, langabetze-plan masiboa dakarkietelako gure landa-eremuari, industriari eta energiaren sektoreari.

 

5. Bada garaia erakunde publiko guztiek –udaletakoak, autonomikoak, naziokoak eta Europakoak– neurriak har ditzaten, nazioen subiranotasuna eta langileen beharrizanak lehenestekoak eliteei bakarrik mesede egiten dieten eta pobrezia eta miseria besterik ekartzen ez duten politika batzuen aldean.

 

6.  Urgentea eta beharrezkoa da enplegu egonkorrak eta soldata duinak sustatuko dituzten politika ekonomikoak bultzatzea, langileei ahalbidetuko dietenak gizarte ongizatea lortzea, beren bizitza-proiektuak gauzatzea, beren familien jasangarritasuna erdiestea eta lana eta bizitza pertsonala bateragarri egitea, eta erkidegoaren kohesioa, beren lurraldean sustraitzea eta ingurunearen babesa lortzea.