Nafarroako Parlamentuak genero-indarkeria desagerrarazteko duen konpromisoa berresten du
Osoko Bilkurak bultzada politikoa eta mugimendu feministaren bultzada aipatu ditu, baliabideak zabaltzeko, hezkidetza sendotzeko eta diskurtso ukatzaileei berariaz aurre egiteko
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen eta PPNren aldeko botoekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Ganberak “konpromisoa berrestea emakumeen eskubideak babestearekin, genero-indarkeriaren agerbide guztien prebentziorako eta desagerrarazpenerako ekintzekin, erasotzaile eta hiltzaile matxisten erabateko gaitzespenarekin eta biktima guztiei, haien seme-alabei eta familiei babesa ematearekin.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean dei egiten die “botere publiko guztiei eta gizarte zibilari berariaz aurre egitera emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten diskurtso negazionistei”.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “jarrai dezan hezkidetza hedatzen eta finkatzen diru publikoz lagundutako ikastetxe guztietan, bai eta indarkeria matxistaren prebentziorako, hezkuntza afektibo-sexualerako eta gatazken prebentziorako programekin ere, hezkuntza formalean zein informalean”.
Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “sare sozialen bidezko delitu mota berriei, hala nola sextingari eta Stalkingari, aurre egiteko dauden baliabideak indartu ditzan”.
Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “indarkeria matxistaren edozein moduren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko baliabideak areagotzen jarrai dezan, eta haien errekuperazioa nahiz haien seme-alabena berma dezan”.
Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “eduki pornografikoko plataformei eta webguneei exiji diezaien adin-egiaztapeneko sistema eraginkorrak erabiltzea, adingabeei eduki horiek eskuraezin izan dakizkien bermatzeko”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak, erakunde-ordezkaritza duten talde ultrakontserbadoreen negazionismoaren ondorioz, "indarkeria matxistarekin amaitzeko betebeharraren" inguruan zegoen "adostasunaren hausturari" buruz ohartarazi du, eta, horri dagokionez, 2017ko Estatu Itunak eta sexu-askatasuna bermatzeko 10/22 Lege Organikoak osatutako lege-arkitekturaren inguruan aurrera egiteko deia egin du.
Testuinguru horretan, gogorarazten da indarkeria matxista emakumeek munduan pairatzen dituzten desberdinkerien ondoriorik izugarriena dela, egun bizirik dirauen gaitz bat dela (1.236 emakume hil dituzte 2003 urtetik) eta areagotzen ere ari dela (51 emakume erail dituzte Espainian 2023an, horietatik 1 Nafarroan), nahiz eta Estatua “baliabideak eta gaitasunak mobilizatzen” ari den.
Aipatzen denez, Nafarroak urteak daramatza indarkeria matxistaren mota orori aurre egiteko politika publikoak egiten, 14/2015 Foru Legea baliatuta. Lege hori aho batez onetsi zen, eta “bultzada politikoari eta mugimendu feministaren bultzadari esker, erkidego erreferente bihurtu gaitu indarkeria matxistaren aurkako borrokan. Laster irekiko da sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei 24 orduko arreta integrala emateko zentro berria”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (27. NPAO, 2023-10-31)