Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 9

Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten du Afganistanen ezarritako erregimen talibana, ez baititu ez giza eskubideak ez gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzen

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko irailaren 9an

Eledunen Batzarrak Lehendakariak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak irmo gaitzesten du Afganistanen ezarritako erregimen talibana, ez baititu ez giza eskubideak ez gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzen.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Irmo gaitzesten du Afganistanen ezarritako erregimen talibana, ez baititu ez giza eskubideak ez gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzen.

 

2.- Elkartasuna adierazten die herrialde horretan bizi den egoera latza pairatzen ari diren pertsona guztiei; bereziki, atentatuen biktimei, emakumeei, neskatoei eta gainerako errepresaliatu guztiei.

 

3.- Nafarroako Gobernuari eskatzen dio baliabideak jar ditzan, udalekin lankidetzan eta behar adinako finantzaketarekin, erregimen horretatik ihesi gure erkidegora datozen pertsonei harrera emateko, eta eman dezakeen laguntza guztia eskain diezaien.

 

4.- Gobernuak eta Europar Batasuna premiatzen ditu hartu beharreko neurriak har ditzaten, ziurtatze aldera jazarririk sentitzen diren pertsona guztiek Afganistandik alde egin dezaketela eta inor ere ez dela bere borondatearen aurka bertara itzultzera behartuko.

 

5.- Gobernuak premiatzen ditu atzerriko agintariekin lankidetzan aritu diren pertsonak handik ateratzeaz gain ahalegin berezia egin dezaten Afganistango gizartea azken urteotan eraldatzeko lan egin duten gizon-emakume guztiak handik ateratzen direla ziurtatzeko; intelektual eta kazetariekin hasi eta gizarte zibileko aktibista eta giza eskubideen defendatzaileekin buka.

 

6.- Premiazkotzat jotzen du, Kabulgo aireportua itxi ondoren, asilo-eskatzaileentzako harrera eta erreskate programa bat ezar dadin, halako moduan non pertsona horiek ez baitira behartuta egonen arrisku eta ziurgabetasunez beteriko migrazio-bideak hartzera eta Afganistandik bertatik nahiz eskualde horretako herrialdeetatik ateratzea erraztuko baita, Asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen urriaren 30eko 12/2009 Legearen 38. artikulua aplikatuta horretarako, enbaxada eta kontsuletxeetan nazioarteko babes-eskariak aurkeztea ahalbidetzen baititu.

 

7.- Nazioarteko erkidegoa premiatzen du ez dezan Afganistan abandona eta lan-ildoak irekita manten ditzan, herritar guztien giza eskubideak bermatzeko eta bereziki emakume nahiz neskato afganiarren bizitza babesteko.

 

8.- Migratzaileen eta errefuxiatuen harrera unibertsaltasun-baldintzetan egiten dela bermatzeko lan egiteko konpromisoa hartzen du, giza eskubideen eta asilo-eskubidearen arloko nazioarteko tratatu eta printzipioetan ezarritakoari jarraikiz.