Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Irailak 6

Nafarroako Parlamentuak jarduera presentzialera itzultzea erabaki du

Ganberako organoen bilkurak beren ohiko tokietan eginen dira berriz ere, eta bertaratze telematikoa baja medikorik behar ez duten konfinamendu-egoeretara mugatuko da.

Egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuko Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren txostena ikusita eta Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordearen irizpidearen jakitun, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak aho batez onetsi dute  COVID-19aren aurkako Nafarroako Parlamentuaren Prebentzioko Kontingentzia Plana aldatzea. Xedapen berriak gaur bertan sartuko dira indarrean, onespena eman ondoren.

 

Horrek esan nahi du jarduera presentzialera itzuliko garela, Ganberak organo bakoitzerako dauzkan ohiko aretoetan. Salbuespena izanen dira Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bilkuren ondorengo prentsaurrekoak (astelehenetan) eta Osoko Bilkura baino lehenagoko adierazpenak (ostegunetan), zeinak Atalondoan eginen baitira, zuhurtziaz.

 

Parlamentarien nahiz Parlamentuaren bilkuretan parte hartzen duten gainontzekoen mintzaldiak  maskara jarrita eginen dira, metro eta erdiko segurtasun-tartea gorde ezin denean. Beraz, Osoko Bilkuren aretoko mintzatokitik eta Atalondoan jarritako atriletik egiten diren mintzaldiakmaskararik gabe egin ahalko dira.

 

Jarduera presentzialera itzultzeak esan nahi du parlamentarien parte-hartze telematikoa  konfinamendu-kasuetan bakarrik onartuko dela, betiere baja medikorik behar ez denean. Kasu horretan, botoa ahoz emanen da. Parlamentariei konfinatuta egon eta baja medikoa ematen bazaie, haien jarduera botoa eskuordetzera mugatuko da, hala eskatzen badute.

 

Parlamentuaren egoitzako bulego, areto eta gelak egunean hiru aldiz egurastuko dira, gutxienez. Gainera, CO2 neurketak eginen dira astero.