Nafarroako Parlamentuak Orreagako Guduko garaileen omenez Orreaga Fundazioak Luzaiden jarriko duen eskulturaren erreplika bat eskuratu du
Unai Hualdek ekimen honekin elkarlanean aritzeko deia egin du gure historia zabaltzeko
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur eguerdian bere bulego ofizialean hartu du Orreaga Fundazioaren ordezkaritza bat, Koldo Amatriak eta Beñat Otxoak osatua. Orreagako Guduko (778-8-5) garaileen omenez Fundazioak Luzaiden jartzekoa duen multzo eskultorikoaren erreplika bat eraman diote.
Koldo Amatriak azaldu duenez, Patxi Aldunatek sortu du multzo eskultorikoa, eta “herriko, ibarreko eta Euskal Herri osoko jendea ordezkatzen du. Populus Baskonia obraren erreplikak funtsak biltzeko kanpaina baten parte dira; erakunde mailan ere ari gara funtsak biltzen. Poztu egiten gara Parlamentuak ulertu duelako zein garrantzitsua den bere garaian parekorik izan ez zuen egitandia aitortzen laguntzea, sinbologiaz betea eta Europa osoan aitortua”.
Nafarroako Parlamentuak erositako multzo eskultorikoa altzairuzko hiru piezak osatzen dute, zementuzko euskarriaren gainean. “Orreagako Guduaren oroigarria da, eta baskoien parte-hartzea erakusten du”. Patxi Aldunatek “atsegin handiz ekarri du oroimenera hain pasarte esanguratsua”. Haren obra Legebiltzarraren artelanen funtsean sartuko da.
Unai Hualdek, bere aldetik, egindako lana eskertu du, eta beste erakunde batzuk animatu ditu ekimen honekin lankidetzan aritzera, gure Historia zabaltzeko asmoz.
Orreaga Fundazioak Nafarroako kultura eta historia sustatzen jarduten du.