Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 14

Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi bat egin du

Unai Hualdek desberdintasunaren aurkako borrokarekiko konpromiso politiko eta instituzionala azpimarratu du, “giza eskubideen arloko arazoa baita, diru-sarrera eta baliabide faltatik haratago doana”

Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzional bat egin du gaur Gizarte Erakundeen Plataformarekin batera. ‘Pobreziaren aurka, aniztasuna aberastasuna da’ lelopean, desberdintasunari aurre egiteko konpromiso politiko eta instituzional irmoa mahai gaineratzeko balio izan du.

 

Hala adierazi du Unai Hualde Parlamentuko presidenteak. Izan ere, “giza eskubideen arloko arazo hau diru-sarrera eta baliabide faltatik haratago baitoa. Pobreziak aurpegi asko ditu, eta irtenbidea aniztasunetik eta ikuspegi zabaletik aurre egitea da. Guztion ardura da, erakundeena eta elkarte-sarearena, elkarrekin jardutea, inor atzean utzi gabe”.

 

Adierazitakoaren ildotik, eta pandemiaren ondorioei dagokienez, presidenteak politika publikoak aplikatzen jarraitzearen alde egin du, baliabiderik ez duten edo baliabide gutxi dituzten pertsonen egoeretan eraginkortasunez eragiteko; izan ere, “krisi sozialak, ekonomikoak eta sanitarioak kalte handiagoa egin die egoera txarrean zeudenei. Horren erakusgarri dira duela egun batzuk Nafarroako Erriberan pobreziari buruz ezagutu genituen zifrak”.

 

Testuinguru horretan, eta “pandemiak eragin dituen erronka global berriei aurre egiteko beharra” azpimarratu ondoren, Unai Hualdek otsailean eguneratutako Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Itunera jo du, bertan ezarritako Jarraipen Batzordea berehala sortuko dela iragartzeko. “Asko dago egiteko, baina talde parlamentarioen eta Nafarroako erakunde guztien konpromisoa eztabaidaezina da”.

 

Horrela, gizarte-erakundeak zoriondu eta Plataformak, erreferentziazko erakunde gisa, gizarte-eredu justu, bidezko eta jasangarri bat defendatzeko egiten duen lana azpimarratu ondoren, Unai Hualdek Eledunen Batzarrak hilaren 13an onetsitako Adierazpen Instituzionala irakurri du, Legebiltzarrak premia handiena dutenen eskubideak eta interesak defendatzeko duen konpromisoa berretsiz.

 

Ondoren, Gizarte Erakundeen Plataformako ordezkari Jon Echeverriak eta Edurne Arzelusek indar politiko guztiei dei egin diete Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Itunean zehaztutako konpromisoa egi bihur dezaten. Etorkizuneko helburu hori “ukaezina” dela uste dute, are gehiago desberdintasun sozialak areagotu diren une honetan. Azken azterketen arabera, “pandemiak 88 eta 115 milioi pertsona artean bidaliko ditu muturreko pobreziara”.

 

Nafarroari dagokionez, PESeko bozeramaileek adierazi dute ia 79.000 pertsona pobrezia-arriskuan daudela, 2014tik izan den ehunekorik handiena. “Erantzun integrala behar da, gure ustez ezinbestekoa da arazo honen dimentsio desberdinak lantzeko eta ulertzeko. Gizarte-bazterketak ikuspegi globala eta zeharkakoa eskatzen du. Pertsonak erdigunean jarri behar dira, aniztasuna ahaztu gabe, baita desgaitasunari dagokionez ere. Ituna betetzen dela zainduko dugu”.

 

Azkenik, Echeverría eta Arzelusek (PES) gizarte osoari dei egin diote larunbatean, 11:00etatik 14:00etara, Autobus Geltoki Zaharrean egingo den erakusketara bertaratzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak, bere aldetik, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunari buruzko olana zintzilikatuko du fatxadan hilaren 18ra arte.

 

Ekitaldiaren amaieran, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, Gizarte Erakundeen Plataformako ordezkariek eta talde parlamentario guztietako parlamentariek taldeko argazki bat atera dute kanpainaren leloa daraman kartel batekin. Bertan izan da María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

 

Gizarte Erakundeen Plataforma (PES) 160 erakunde baino gehiagok osatzen dute, zehazki honako elkarte hauek: Nafarroako GGKEen Koordinakundeak (CONGDN), Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezkoaren Sareak (REAS Nafarroa), Pobreziaren  kontrako Sareak, eta Desgaitasuna duten Pertsonak ordezkatzen dituzten Nafarroako Erakundeen Batzordeak (CERMI Navarra-Nafarroa, CERMIN).