Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Abenduak 2

Nafarroako Parlamentuaren domina jaso du C.A. Osasunak bere mendeurrenean

Unai Hualdek azpimarratu du aintzatespena “aho batez” egiten zaiola Osasunari, talde bezala dituen balioek ordezkatzen duen gizartea islatzen dutelako

Talde gorritxoaren ehun urteak direla eta, Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldian Nafarroako Parlamentuaren domina jaso du gaur eguerdian C.A. Osasunak. Foru legebiltzarrak ematen duen sari gorena da, eta errekonozimendu horrekin, berariaz onetsi den adierazpen instituzionalean azaltzen denez, erakundearen “kirol-ibilbidea eta ibilbide historikoa” saritu nahi izan da, batez ere “gizarte-esanahiari” dagokionez.

 

Ekitaldia 2020ko Nafarroaren Egunaren inguruan prestatutako jarduera programaren barnean antolatu da, eta han izan dira, besteak beste, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Rebeca Esnaola, Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Parlamentuko Mahaiko kideak eta Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztietako eledunak eta parlamentariak.

 

Bere hitzaldiaren hasieran Unai Hualdek azpimarratu du “aho batez” erabaki dela C.A. Osasunari Parlamentuaren domina ematea. Adostasun honek, “arku parlamentario guztia gorritxo bihurtzea eta klub honen ibilbidea gogoratu eta aitortzea lortu du, talde bezala dituen balioek ordezkatzen duen gizartea islatzen dutelako”.

 

“Nobleziaz, apaltasunaz, lanaz eta harrobiaz hitz egiten dugu, baina baita euskararekiko maitasunaz edo kezka politiko eta kulturalez ere, izan ere, arrazoi hauek garai hartako gazte eta intelektual batzuk C.A. Osasuna sortzera eraman zituzten 1920ko urriaren 24an, Café Kutzen. Bide batez, Parlamentu honen zeregin instituzionalak bultzatuta eta memoria historikoarekin bereziki konprometituta, gerra-fronterik izan ez zuen lurralde bateko errepresio-aldiak gogoratzeko aukera probestuko dut”.

 

Testuinguru horretan, eta “Osasunaren izen ona lortzen lagundu duten pertsona guztiei” aintzatespena zabaldu ondoren, Unai Hualdek klubaren hazkundea nabarmendu du, izan ere, ordezkatzen duen komunitatearekin batera garatu da. “Osasuna ez da bere zalerik gabe ulertzen, horren adibide dira 20.465 bazkideak, marka guztiak gaindituta, baina ezta bere ardura sozial eta gizarte-lanik gabe ere. Osasuna gizartean eragina duen erakunde bat da, besteak beste, gizarteak eskatu dionera egokitu delako”.

 

“Ederra da txikienak Oier, Torres edo Garcíatarrekin hunkitzea eta identifikatzea, baina baita Mai Garde, Patri Zugasti edo Oier Altunarekin ere. Bistan da pauso asko eman behar direla berdintasunaren alde egiteko, baina Osasunak jakin du beste klub batzuek emakumezkoen futbola bultzatzeko hasi duten bidea jarraitzen, baita ezgaitasunaren arloan ere, gizartea eraikitzen Genuine taldearekin. Balio horiek dira kluba handia egiten dutenak eta zalantzarik gabe, Legebiltzarrak ematen dion Domina merezi dutenak”, esan du Unai Hualdek.

 

Horrela, koronabirusagatik hildako pertsona guztiak oroitu eta Nafarroako Gobernuak bihar osasun- eta gizarte-langileei egingo dien omenaldia bere egin ondoren, lehendakariak tamaldu du ospakizuna ohiz kanpokoa izatea, egoera epidemiologikoaren ondoriozko mugek markatuta.

 

“Osasuna protagonista bihurtu den urte pandemiko honetan, Osasuna taldearen 100. urteurrena sentimenduz eta bihotzez ospatzen dugu, baina duela urtebete baino era sinple, erraz eta murriztuagoan. Klubak bere urtemuga harmaila bete batekin eta estadio berrituan laster ospatuko duelakoan, bere lehenengo mendeagatik zoriondu nahi zaituztegu. Mila esker”.

 

Jarraian, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Parlamentuko Mahaiko lehen idazkariak eta Maiorga Ramírez, Mahaiko bigarren idazkariak pasa den azaroaren 25ean Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute, zeinaren bidez Legebiltzarrak C.A. Osasunaren 100 urteko historia omentzen duen.

 

Era berean, Mahaiak aho batez Nafarroako Parlamentuaren Domina C.A. Osasunari ematea erabakitzen duen dokumentua ere irakurri dute.

 

Ondoren, Unai Hualdek domina eta erabakiaren eta adierazpen instituzionalaren testuak eman dizkio Luis Sabalza C.A. Osasunako presidenteari.

 

Saria jaso ondoren, Luis Sabalzak eskertu egin du “gure mendeurrena bezain berezia” den goraipamen honekin batera datorren “adostasun politikoa”, eta, aldi berean, argi utzi du “Osasuna, Ganbera hau bezala, Nafarroako gizartearen topagunea” dela. “Osasuna da gure lurraldearen enbaxadorerik onenetakoa, baita nafarren arteko lokarri ere. Osasuna sentsibilitate, sinesmen edo jatorri desberdineko emakume eta gizonek partekatzen duten sentimendua da. Poza, beraz, bikoitza da. Mendeurrena eta adostasuna”.

 

Karguan sei urte betetzera doan honetan, Osasunako presidenteak “egun zailak” ekarri ditu gogora, non, izututa, “zuetako batzuekin bildu behar izan bainuen. Gaur Legebiltzarraren aho bateko babesa aurkitzea, Osasunak guztion ahaleginarekin sinesgarritasuna berreskuratu duen seinale da. Orria pasatu eta aberastasuna sortzeko aukera izan dugu, zeren eta sentimenduaz gain, Osasuna ondasun bat ere bada; izan ere, klubaren aurrekontuaren %35, hau da, 68 milioi azken hiru denboraldietan, zergak ordaintzeko erabiltzen da. Ziur gaude Sadar berritua erakargarria izanen dela Iruñea eta Nafarroarentzat”.

 

Esparru horretan, Luis Sabalzak “egiteke dauden lanak” onartu ditu, eta “emakumezkoen futbolaren eta kirol inklusiboaren aldeko apustua” nabarmendu ditu, argudio sendoak izan baitira Legebiltzarraren Domina emateko orduan. “Osasunako Emakumeen lehen taldea erreferente bihurtu da, eta gauza bera Genuine talderekin eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako futbol eskolekin. Pertsona hauek guztiak Osasunan jokatzeaz harro eta pozik ikustea barnean daramadan esperientzia politenetako bat da”.

 

Amaitzeko, Osasunako presidenteak nabarmendu duenez, “Nafarroako Parlamentuak gaur ematen digun dominak ehunka urteko ibilbidea aitortzea du. Osasuna lotura bat da, berdintasuna da eta gizarteratzea da. Osasuna marka nafarra da. Mila esker sari honengatik”.

 

Osasunaren delegazioa, Luis Sabalza lehendakariaz gain, Miguel Cuesta eta César Muniáin lehen eta bigarren lehendakariordeek, Fidel Medrano, Txuma Iso eta Ignacio Yániz zuzendariek eta Oier Sanjurjo (gizonezkoen lehen taldea), Mai Garde (emakumezkoen lehen taldea) eta Oier Altuna (Genuine) kapitainek osatu dute.

 

Nafarroako Parlamentuaren Urrezko Domina jaso dutenen zerrenda honakoa da:

 

Juan Carlos I, Espainiako Erregea (1988), Víctor Manuel Arbeloa, Foru Parlamentuko Lehendakaria (1989), Balbino Bados, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria I. legegintzaldian (1989), Javier Gómara, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria II. legegintzaldian (1991), Javier Otano, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria III. legegintzaldian (1995), María Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria IV. legegintzaldian (1999), José Luis Castejón, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria V. legegintzaldian (2003), Rafael Gurrea, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria VI. legegintzaldian (2008), Eukaltzaindia-Real Academia de la Lengua Vasca (2019).

 

C.A. Osasunaren mendeurrenaren karietara Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala

 

Nafarroako Parlamentuaren Domina C.A. Osasunari emateko ekitaldiaren laburpena