Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Parlamentuak gaur egungo gatazka armatuei buruzko jardunaldia egin dute, nazioarteko zuzenbidea eta errefuxiatuen babesa kontuan hartuta
Jardunaldia Zuzenbide Fakultateak eta Parlamentuak bultzatzen duten Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelan egin da. Parlamentuko lehen lehendakariordeak, Ainhoa Unzuk, saioa ireki zuen.
Nola babesten ditu errefuxiatuak nazioarteko zuzenbideak? Zer arau aplikatzen zaie gerra-ekintzei? Zer gako historiko eduki behar dira kontuan Ekialde Hurbileko egoera ulertzeko edo nolako erantzukizun penala dauka Errusiak Ukraina inbaditzeagatik? Nafarroako Unibertsitateko María Teresa Gil Bazo, Mario Pereira eta Pablo Pérez López irakasleek galdera horiei eta beste batzuei erantzun zieten Gaur egungo gatazka armatuak: analisiak eta ikuspegiak izeneko mahai-inguruan. Ekitaldia Zuzenbide Fakultateak antolatu zuen Nafarroako Parlamentuarekin batera, eta Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelan egin zen.
Topaketa Parlamentuaren egoitzan egin zen, eta bertan Zuzenbide Parlamentarioko Ikasgelako zuzendari Asunción de la Iglesia eta Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde Ainhoa Unzu ere izan ziren. “Gerrek agerian jartzen dute munduan mugak eta gatazkak daudela. Hain zuzen ere, saio hauen helburua etorkizun irekiagoa edukitzea da. Unibertsitateko kideak eta parlamentariak garen aldetik, geure egitekoa dugu zuzenbideaz baliatuz prebentzioan aritzea gatazkarik gerta ez dadin, esan zuen Asunción de la Iglesiak. Beste alde batetik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde Ainhoa Unzuk elkarrizketa-gune hauek goraipatu zituen, esan baitzuen lagungarriak direla “zer ari den gertatzen ulertzeko eta aztertzeko. Gure begirada zabaltzeko ikusten ari garen ankerkerien aurrean”.
Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradun eta Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen Saileko zuzendari Gonzalo Villalta moderatzaile aritu zen jardunaldian, eta hiru ideia mahaigaineratu zituen eztabaidarako testuingurua ezartzeko: gatazka armatuak zibilizazioen arteko gatazka gisa; lankidetzak estatuen autonomia gorena gainditzen duten arazoak konpontzen laguntzen du; elkarri lotuta gaude integrazio ekonomikorako eta ondoren politikorako ekimenen bidez, eta horretan lehentasuna dauka pertsonen duintasunean eta eskubideetan oinarritutako askatasuna, askotarikoak izanik elkarrekiko begirunea nagusi dela.
Estatuen gerra-eskubidea eta defentsa legitimorako eskubidea
María Teresa Gil Bazo irakasleak gerra-eskubidearen sorburuez hitz egin zuen lehenik: San Agustinek IV. eta V. mendeetan aldeztu zuen kontzeptuarekin hasi zen eta XX. mendean, 1928an, zenbait herrialdek sinatu zuten Kellogg-Briand itunera iritsi zen; itun hori indarrean dago gaur egun, eta beraren arabera estatuek gerra baliatzea gaitzetsi behar dute eta ez dute gerra nazioarteko politika-tresna gisa erabili behar beren arteko harremanetan. “Nazio Batuen Gutunak defentsa legitimoa ahalbidetzen du eraso baten aurrean, harik eta NBEren Kontseiluak nazioarteko bakea eta segurtasuna mantentzeko neurriak ezarri arte”, azaldu zuen Gil Bazok. Horrez gainera, estatuek terrorismo-ekintzen aurrean defentsa legitimorako eskubidea daukatela aipatu zuen, eta esan zuen nazioarteko zigor zuzenbidea garatzen ari dela erantzukizunak eskatzeko gatazkak eragiten dituzten pertsonei.
María Teresa Gil Bazok zifra batzuk eman zituen: munduan 108 milioi errefuxiatu baino gehiago daude; erdiak haurrak dira eta guztirakoaren % 80k gatazka armatuetatik egin dute ihes. Esan zuen Genevako Tratatuak arautzen duela errefuxiatuen estatusa, eta UNRWA aipatu zuen, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia.
Mario Pereirak Errusiak Ukrainari egin dion erasoan sortu diren zigor-erantzukizunak aztertu zituen. “Gaur egun Ukrainako epaitegietan 25.000 auzi daude irekita”. Eta Nazioarteko Zigor Zuzenbideaz aritu zenean Alemania naziaren krimenak epaitzeko egin ziren Nuremberg-eko epaiketak aipatu zituen. “Zuzenbiderik gabe ez dago bakerik; bakerik gabe ez dago oparotasunik. Nuremberg-en lortu zen pertsona fisikoek erantzukizuna edukitzea estatuen ekintzen ondorioz izugarrizko giza-sarraskiak gertatzen direnean. “Uste dut epaiketak baliagarriak direla jendea hezteko eta kontzientzia pizteko”, adierazi zuen. Esan zuen egiaztatu dela Ukrainan gizateriaren aurkako krimenak egin direla eta hasieratik argi zegoela Errusiaren helburua Ukrainako lurraldeak bereganatzea zela. “Esaten dute Ukraina berena dela, Errusia zaharraren atala dela, eta hori zuzenean lotuta dago Nuremberg-eko estatutuan zehazten den eraso-gerrarekin”.
Arabiarren zatiketa eta israeldarren errespetu-falta
Ondoren Pablo Pérez Lópezek, Nafarroako Unibertsitateko Historia katedradunak eta Kultura eta Gizartea Institutuko zuzendariak, Ekialde Hurbileko egungo gatazkaz jardun zuen, eta esan zuen bi gako eduki behar direla kontuan hori ulertzeko: arabiarren zatiketa eta israeldarren errespetu-falta palestinarrekiko eta haienganako erasokortasuna. “Egungo gatazka guztietatik hauxe da erro sakonenak dauzkana. Hebrearrek herri-nortasun oso sendoa daukate”. Pablo Pérezek esan zuen I. Mundu Gerraren amaierara jo behar dela, Otomandar Inperioa desegin zen garaira, egungo gatazka ulertuko bada. Frantziarrek eta ingelesek arabiarrei agindu zieten arabiar nazio handia ez zen inoiz gauzatu. Aldi berean, 1916an Palestinan juduen aberri-etxea sortzearen aldeko adierazpena sinatu zuen Britainia Handiak.
1947an, II. Mundu Gerraren ondoren, NBEk Israelgo estatua aldarrikatu zuen. “Arabiar herrialdeek ez zuten onartu estatu berria eta, beste alde batetik, Israelek geroz eta erasokortasun handiagoarekin jokatu zuen palestinarrekin”, azaldu zuen. Pablo Pérezek alde hartan etengabean izan diren gerrak laburbildu zituen, bai eta estatubatuarren bitartekaritzarekin arabiarren eta israeldarren arteko bakea lortzeko egin diren ahaleginak ere, eta azaldu zuen zenbait kasutan muturreko taldeen hilketekin amaitu zirela: batean Egiptoko presidentea, Anwar el-Sadat, hil zuten, eta bestean Israelgo lehen ministroa, Isaac Rabin. Pablo Pérezek onartu zuen Hamasek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak urte askoan luzaraziko duela etsaitasuna, baina honako hau gehitu zuen: “Nazioarteko komunitateak ahaleginak egin behar ditu palestinarrei irtenbidea emateko. Ezin da eraiki bakea injustiziaren gainean”.