Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteari buruzko Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko martxoaren 28an
Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroan lagun egiteko animaliak babesteari buruzko Foru Legea onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin. Lege hori Komunitatearen lurralde-eremuan dauden animaliei (eta haien jabe eta edukitzaileei) aplikatuko zaie, erregistratuta non dauden begiratu gabe.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerra taldeek bultzatutako legearen xedea da 7/1994 Foru Legea gaurkotzea, horrela, animaliekiko errespetu, zaintza-eta erruki-jarrera berriekin bat eginez, berariazko lege-esparru bat ezartzeko, ezagutza zientifikoen eta albaitaritzakoen arabera edukitza arduratsua sustatzen lagunduko duena, prestakuntza- eta zabalkunde-ekintzak oinarri.
Hala, Estatuko edo Europar Batasuneko berariazko lege-esparrurik ezean, lagun egiteko animaliak arautzeari ekiten zaio, herritarren parte-hartzearen ikuspegitik ahalik eta ongien galarazteko eta mugatzeko abandonua edo tratu txarrak bezalako praktiken eragina, horrelakoek zentzuzko jokabidetzat hartzen denaren printzipioak urratzen baitituzte. Argudiatzen da, esandakoaren haritik, “esterilizazioa, identifikazioa eta adopzioa” direla praktika txar horiei aurka egiteko estrategia garrantzitsuenak.
Testuinguru horretan, arduragabekeriaren edo jokaera ezegokien ondoriozko kalteei buelta emateko, baita lanerako (erreskatea, gidatzea, laguntza, ehiza, abeltzaintza, polizia) erabiltzen diren animaliei dagokienez ere, zabalkundeko eta prestakuntzako jarduerak antolatzen dira, arau-hausteak egokitzen dira eta zehapenak gogortzen.
Xede horrekin, Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroa ezartzen da, jarraipen eta kontrol organo bat, txakurrak, katuak eta hudoak identifikatuko dituen kode bakarra (mikrotxip homologatua) baliozkotzeko eginkizuna izanen duena (udalek beste bide batzuetatik egin ahalko dute). Gainerako animaliek ez dute koderik izanen eta identifikazioa espezie bakoitzaren araberakoa izanen da.
Legean jaso dira nahitaezko osasun printzipioak eta arrazoi justifikatuengatik animaliak hiltzeko eta eutanasia aplikatzeko baldintzak. Lagun egiteko animalien zentroek bete beharreko gutxieneko baldintzak ere arautzen dira, betiere zentroen sailkapenaren arabera (harrerakoak, trebakuntzakoak eta albaitaritzakoak).
Animalien Babeserako Aholku Komitea sortzeko oinarriak ere jaso dira. Kontsultarako eta aholkularitzarako erakunde horrek, animalien babeserako eta defentsarako elkarteekin batera, lagun egiteko animalien edukitza arduratsuaren printzipioen berri zabalduko du.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak hartutako konpromiso hau jasotzen da: titulartasun publikoko egoitza-zerbitzu guztietan sustatuko du progresiboki berma dadin lagun egiteko animaliaren bat duten pertsonak harekin egon ahal izatea, “zerbitzu horien berezitasunek aukera ematen duten guztietan”. Hartara, animalien laguntzak genero indarkeriaren biktimei ekar diezaiekeen onura beste kolektibo eta pertsona batzuengana zabaltzen da.
Foru legeak indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak bere departamentu-egiturak eta aurrekontu-partidak egokituko ditu bertan xedatutakoa eraginkortasunez betetzeko, aurreikusten diren betebeharrak garatu eta gauzatu ahal izateko finantza-ahalmena berma dadin, baita toki entitateei dagokienez ere.
Nolanahi ere, legean xedatutakoa betearazteko, koordinatzeko, kontrolatzeko eta garatzeko ardura izanen duen Animalien Ongizatearen Atala izeneko unitate organikoa sortzea helburu, animalien ongizatearen arloan eskumena duen departamentuaren plantilla organikoa handitu egin beharko da plantilla-aldaketa egokiaren bidez.
Lagun egiteko animaliatzat hartzen ez diren animalien babesari estaldura egokia emateko xedapen batzuk ere jaso ditu irizpenak, haiei buruzko arauetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez.
Aurrekoa ezertan galarazi gabe, debekatu egiten da edozein espezietako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatuta ez dauden eszenen filmazioan, eta ankerkeria, tratu txarra, sufrimendua, naturaren aurkako tratamendua, tratamendu laidogarria edo heriotza eragin dezaketen beste jarduera batzuetan.
Adierazten da, azkenik, animalien babeserako eta defentsarako elkarteak, Ehiza Federazioa eta entitate laguntzaile deklaratuta dauden ehiztari elkarteak, Nafarroako Albaitarien Elkargoarekin batera, “oinarrizko tresnak” izanen direla “foru lege honetan ezarritakoaren zabalkunde- eta informazio-lanetan”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (9. NPAO, 2019-01-25ekoa)
- Irizpena (44. NPAO, 2019-03-25ekoa)