Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 16

Nafarroan Merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legea aldatzeko proposamena aintzat hartzea baztertu da

Europar Batasuneko eta estatuko jurisprudentzia aipatzen zen merkataritza-gune handien kokapenari eta tamainari buruzko murrizketak gauzatzen saiatzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak baztertu egin du gaur, Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua aldatzeko Foru lege proposamena aintzat hartzea.

 

EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sustatutako lege proposamenaren helburua zen lurralde antolamendurako planak onartzearen eta bizitegi-erabileren eta merkataritza-jardueren zuzkidura osagarri eta batuaren araubidea bermatzeko betebeharraren arteko lotura gauzatzea, 17/2001 Foru Legearen 17. artikuluan jasotzen den bezala, Europar Batasuneko jurisprudentziarekin eta Konstituzio Auzitegiarekin berarekin bat etorriz, zeinak “egokitzat jotzen baitituzte merkataritza-gune handien kokapenari eta tamainari buruzko murrizketak”.

 

Horretarako, mugikortasun eta garapen jasangarriko irizpideei jarraiki merkataritza udalerrietako hirigunearen barruan ezartzea sustatzeko, ‘egoitza-eremua’ terminoa kentzearen alde egiten zen, Nafarroako ordenamendu juridikoan ez baitago halakorik, eta proposatzen zen ‘bizitegi-erabilera berezkoa eta nagusia duten lurzoru’ kontzeptua sartzea, “bizitegi-erabilerarako ez diren eta hiri-bilbeetatik bereizita dauden lurzoruetan merkataritza-esparruak masiboki ez ezartzeko” formula gisa.

 

“Salbuespen” gisa, merkataritza-gune handiak instalatzea aurreikusten zen “berreskuratu diren eta hiriaren eremuaren parte diren industrialdeetan”.

 

Aldi berean, merkataritza-gune handiaren kontzeptutik kanpo geratzen ziren lurzoruak, baldin eta haren gain ondaretu badira merkataritza-establezimendu handi bat ezartzeko ahalmena ematen duten hirigintzako aprobetxamendu eta eraikigarritasunak, hirigintzako kudeaketarako tresna egokiak onetsita eta irmo bihurtuta; dagozkion hirigintza-zamak altxatu badira eta hirigintzako betebeharrak bete badira epean; eta dagozkion udalez gaindiko plan sektorialak garatzeko eta gauzatzeko epeak gainditu ez badira, plan horiek hirigintzakoak nahiz merkataritzakoak izan».

 

Aurreikuspen horiek berak 1/2017 Legegintzako Foru Dekretura ere eraman nahi ziren, “bizitegi-eremu dibertsifikatuan garapen ekonomiko eta sozial orekatu eta jasangarria sustatzeko helburuarekin”.